Europako eta Euskadiko gazteak erkatzen dituen txostena

Gazteen Euskal Behatokiak “Gazteen adierazleak 2008: EAEren eta Europar Batasunaren arteko alderaketa” liburua argitaratu du Euskadiko Gazteen Panoramika bildumaren bigarren alea non Euskadiko eta Europako gazteen errealitatea deskribatu eta aztertu egiten den lanaren, gizartearen eta demografiaren ikuspegietatik.
2007an lehenengo txostena egiteari ekin zioten Euskadiko gazteen bereizgarri diren adierazle ekonomiko, sozial eta demografiko nagusienetako batzuen berri emateko helburuarekin. Era berean, liburu hauekin aldaketa sozial eta ekonomikoak gizartean duten eraginen inguruan hausnartu daiteke.
Lurraldeari dagokionez, konparaketa hiru mailatan gauzatu da. Europar Batasuneko 25 estatu mailan; Alemania, Danimarka, Eslovenia, Espainia, Frantzia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Polonia, Erresuma Batua eta Suedia estatuen mailan; eta azkenik, Euskadi mailan. Adierazleak, lurraldeari begira ez ezik, denboraren joanarekin (1980-2005) izan duten bilakaerari, sexuaren araberako berdintasun eta desberdintasunei eta adin-taldeei begira ere aztertu dira.
Txostena zortzi kapitulutan egituraturik dago eta gai bakoitzean datu estatistikoak eta fenomeno eta faktore bakoitzaren azalpenak agertzen dira. Halaber, joera berrien buruzko aurkezpen teoriko osoa ematen da. Gainera, kapitulu bakoitzaren amaieran, ondorioetan, alderaketaren azterketa prozesuaren emaitzarik nagusienak biltzen dira.
Kapituluak honako hauek dira: biztanleriaren eboluzioa eta dentsitatea; egitura, sexuaren eta adin talde handien arabera; 15 eta 29 urte bitartekoen kohortea; egoera zibila; jaiotza, amatasuna eta ugalkortasuna; migrazio saldoa eta atzerritarren populazioa; bizi itxaropena eta hilkortasuna; jarduerarekiko harremana.
Euskadiko eta Europako gazteen panoramika ezagutzen lagundu duten datu estatistikoak, bereziki, bigarren mailako iturri ofizialetatik eskuratu dira, hots, Eurostat, INE eta EUSTATetik.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE