Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia

Gipuzkoako hiriburuko Giza Eskubideen Zinemaldiak zortzigarren ekitaldia izango du aurten apirilaren 23 eta 30 bitartean. Eskaintza zabala izango da: 27 luzemetrai eta 14 film labur proiektatuko dituzte, eta zortzi erakusketa ere izango dira ikusgai. Horiekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte paraleloan.
Goran Paskaljevic zinemagile serbiarraren azken filmak, Honeymoons, irekiko du zortzigarren edizioa. Paskaljevicek Zinemaldiaren Saria jasoko du inagurazio galan. Paskaljevic nazioarte mailan sona handia duen zuzendaria da, eta bere ibilbide osoan, giza eskubideen defentsa egin du. Paskaljevic baino lehen aipatu saria irabazi dutenen artean, besteak beste, Pilar Bardem, Elías Querejeta edota José Luis Borau aurkitzen dira. Gainera, sari berria estreinatuko du jaialdiak aurten: Amnistia Internacional Sariak giza eskubideen babesaren eta hedapenaren alde egiten duen filma sarituko du.
Apirila amaitu arte, gai sozial ezberdinen inguruko lanak ikusi ahal izango dira Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. 2010eko programazioan bi estreinaldi aurkituko ditugu: Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendarien ’80 egunean’ zinta eta Susana Koskaren Vindicacion lana. Lehena, lesbianismoari buruzko euskarazko filma da, eta sail ofizialean arituko da lehian. Bigarrena, frankismoaren osteko garaietako borroka feminista da bertan ildo nagusia. Aurtengo edizioan, terrorismoa (ETA, GAL zein eskuin muturraren terrorismoa) jasan duten emakumezkoen garapen emozional lantzen duen Mujeres en construcción lana ere proiektatuko da, Begoña Atin eta Maite Ibañez zinemagileen zinta.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia 2003an sortu zen testuinguru zehatz batean: Giza Eskubideen inguruan, alegia, eta harrezkero etengabe hazi da. Lehen edizioan balioak, bakea eta bizikidetza alorretan hezkuntza-guneak sortu nahi izan ziren. Proiektu gehienak bezala, asmo apalekin sortu zen; baina urtetik urtera hazi egin da neurtu nahi diren adierazle kualitatibo eta kuantitatibo guztietan: ikusleak, filmak, gizartearen erantzuna eta onespena, komunikabideena…
Gazteak
Zinemaldiak oihartzun handiko bi sail ditu: haur eta gazteena. Izan ere, baloreen hezkuntzan, haurtzaroa eta gaztaroa ezin hobeak dira hezkuntzarako. Goizeko programazioan bost film izango dira, eta horietara hiriko ikastetxeak gonbidatuko dira. Aurreko ekitaldietan, batez beste, 1.300 eta 1.500 ikasle artean etorri izan dira. Gazteen Epaimahaia ere izango da, hiriko 150 gaztez osatua. Aurten, lehen aipatutako sare barruko harremanen harira, Herbeheretako eta Serbiako gazteak ere izango dira. Gazteen Epaimahaiak film labur onena aukeratuko du, eta zinemaldiko beste jarduera guztietan ere lan eginaraziko zaie.
Donostiako Udalaz gain (Giza Eskubideen Saila eta Donostiako Kulturako Zine Unitatearen eskutik) Giza Eskubideen Zinemaldiak beste hainbat erakundeen babesa du, hala nola, UNICEF, ACNUR, CEAR, SOS Racismo, Amnistía Internacional, Gehitu, Asociación Internacional de Educadores para la Paz edota Mexikoko UNAMeko Giza Eskubideen UNESCO katedra. Era berean, Donostiako Zinemaldi hau anai dituen Nanteseko Espainiar Zinemaldia edota Giza Eskubideen Mexikar Akademiaren Giza Eskubideen Zinemaldiarekin aritzen da elkarlanean.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE