Internet: etxean eta gurasoekin

Internet tresna ezin hobea da nerabeeen garapen pertsonal zein intelektualerako. Dena den, erabilpen desegoki batek arrisku handiak suposa ditzake. Europa mailan egindako ikerketa batek Internet etxean erabiltzea gomendatzen du, beti ere gurasoen begiradapean

Hainbat ikerketek aditzera eman dutenez, bataz beste, Europako 6 eta 17 urte bitarteko gazteen %25ak, oraindik ere, ez du interneterako konexiorik. Espainiar estatuaren kasuan, datu hau are kezkagarriagoa da, aipatu kopurua %30eraino hazten baita. Azken hiruzpalau urteetan, EU Kids Online lelopean, nerabe eta teknologia berrien artean zein nolako harremana dagoen sakoniki aztertu da. Aipatu azterketa honen arabera, adingabeen artean interneten erabilera sustatu beharra dago, batez ere etxebizitzetan, ingurune honetan, gurasoen ikuskaritza baitago. Internetera konexiorik ez izateak e-baztertzea delakoa sor dezakeela salatu du EU Kids Onlinek.

Ikerketa beraren arabera, interneten erabilerak nerabeen garapenerako aukerak ematen ditu, bai giza garapena zein garapen intelektuala. Internet lagungarri suerta daiteke, adibidez, etxekolanak egiteko, lagunekin harremanak izateko, edukiak sortzeko edota gizarte ekintza desberdinetan parte hartzeko. Txostenak internetek dituen abantailak azpimarratzen ditu, baina hauek guztiak arrisku bilaka daitezke nerabeek interneten erabilera zuzena egiten ez badute.
Heldutasuna
Txostenaren arabera, adingabetuak zenbat eta helduagoa izan orduan eta erabilera handiagoa egiten du, 12-13 urte bitartean gailurrera iristen delarik. Hamar urtetik beherako gaztetxoak zaurgarritzat jotzen dira, 2005 eta 2008 bitartean hauek egiten duten erabilerak hazkunde izugarria izan baitu. Horrela, gaur egun,  aipatu adin tartean diren europar gaztetxoen %60ak Internet erabiltzeko aukera du. Bere adina dela eta, gazte hauek guztiek ez dute Internet modu eraginkorrean erabiltzeko gaitasunik, eta hori dela eta, talde zaurgarria osatzen dute. Honek guztiak, eragin zuzena du estatu bakoitzak hartu beharreko neurrietan. 10 urtetik gorakoen kasuan, zaurgarri etiketa izan ez arren, ikuskaritza mantentzea premiazkoa izaten jarraitzen du, batez ere 11 eta 14 urte bitarteko aurre-nerabeetan.
Sexuari dagokionez, ikerketak agerian utzi du nerabearen generoak ez duela internet erabilera mailan eragiten, bai ordea, interneten egiten diren jardueretan.
Arriskuak
EU Kids Onlinek gaztetxoek Interneten egiten duten erabilera eta zein nolako arriskuei egiten dieten aurre kontutan hartuta, estatu desberdinekin sailkapen bat osatu dute. Sailkapen honen arabera, Europako ekialde eta iparraldeko herrialdeetan gazteek interneten erabilera handiagoa egiten dute, baina era berean, arrisku gehiagori egin behar diete aurre. Hegoaldeko herrialdeetan, berriz, bai erabilera eta bai arrisku maila ertainak dira. Txostenak Danimarka eta Suediako kasuak goraipatzen ditu. Hauek biak gazteen eta interneten arteko erlazioa zein positiboa izan daitekeen erakusten dute, izan ere, erabilpen maila oso altua izan arren, arrisku gutxiei egin behar diete aurre. Hau, aipatu estatuek zehaztutako legedia bereziari esker lortu da.
Zehazten diren arriskuen artean, Europan mailan, hauek dira gehien nabarmentzen direnak: norberaren buruari buruzko informazioa ematea (%50), eduki pornografikoak ikustea (%40), eduki biolentoak ikustea (%30), cyberbullying delakoa (%20) edota nahi ez diren izaera sexualeko iruzkinak jasotzea (%20). Europar nerabeen %10ak interneten bidez beste pertsona ezezagun batekin geratu izan dela aitortu du.
Espainiar estatuaren kasuan, Interneten hedapena modu progresiboan ematen ari da. Erabilera oraindik ere, behar bezain egokia ez bada ere, honek badu bere alde positiboa, horrela, erakundeek politika egokiak zehazteko aukera baitute.
Gurasoak
Gurasoek Interneten egiten duten erabilerak modu poitiboan eragiten omen du ondoren nerabeek egingo duten erabileran. Horrela, eta beti ere txostenaren arabera, gurasoek zenbat eta erabilera handiagoa egin, gazteek ere erabilera handiagoa egingo dute. Gurasoek bere seme-alabek baino erabilera handiagoa egiten dute ia kasu gehienetan, eta honek ondoren bere seme-alabak babesteko beharrezkoak diren trebeziak eskuratzea ahalbidetzen die. Gezurra badirudi ere, seme-alabak dituzten pertsona helduek seme-alabak ez dituzten pertsona helduak baino gehiago erabiltzen dute Internet.
Proeiktu berria
Europan adingabetuek Interneten egiten duten erabileran eta honen segurtasun eta arriskuetan sakontzeko, iaztik hasita eta datorren urtera arte EU Kids Online 2-Safer Internet Program delako proiektua garatzen ari da. Proiektu hau 9 eta 16 urte bitarteko nerabeetan eta bere gurasoetan zentratuko da. Ekimen honetan 70 ikertzaile baino gehiagok hartzen du parte, eta hauen artean, UPV/EHUko kide diren Carmelo Garitaonaindia, Gemma Martínez eta Miguel Ángel Casado aurkitzen dira. Bigarren ikerketa honen buruan London School of Economics and Political Scienceko kide den Sonia Livingstone dago. EU Kids Online 2, batez ere, egokiak ez diren edukien (pornografikoak, biolentoak, arrazistak…),eta nahi ez diren kontaktuen (grooming, jazarpen sexuala, bullyng, pribatutasunaren kontrako erasoak) arriskuetan zentratuko da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE