Berrikuntzaz beteta dator ikasturte berria

Ikastaro berria hasi da jadanik eta honekin batera hainbat berrikuntza. Esaterako, Herritartasunerako hezkuntza irakasgaia ezarri da, teknologia berriak iristen ari dira, eta 40 eskolek hiru hizkuntzak partekatuko dituzte. Hori bai, badira ere mantentzen diren gauzak, hots D matrikulen hazkundea

Irailak 7. Data honetan hasi ziren klaseak Euskadiko ia eskola gehienetan eta ikasleek bederatzi hilabete izango dituzte ezaguera berriak barneratzeko, beste ikasleekin elkarri eragiteko eta irakasle berriak ezagutzeko. Azken urteotan gertatu bezala, ikasturte honetan ere hizkuntzak protagonistak izango dira, izan ere, aurten, 40 zentrutan marko hirueleduna ezarri da eta D ereduan matrikulatzen diren ikasle kopuruak ere hazten jarraitzen du. Hala eta guztiz ere, ikasturte honek badu beste berezitasun bat, halaber, Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaia geletan izango da, bederen, astean behin.
Honen inguruan hitz egin zuen, batik bat, Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak irailaren lehenan Gasteizko San Martin eskola publikoan egindako 2010/11 ikasturtearen hasiera ekitaldi ofizialean. Sailburuak nabarmendu bezala “gazteek balioetan hezi behar dute”. Era berean, Herritartasunerako Hezkuntzaz mintzatzean, bere baitan dagoen Elkarbizitza Demokratikoa eta Terrorismoaren Deslegitimazioaren Planaz ere aritu zen. Celaáren esanetan, plan honen xedea “terrorismoaren biktimen aldeko enpatia sustatzea” da.
Herritartasunerako Hezkuntza Lehen Hezkuntzan esperientzietan oinarrituko da eta Bigarren Hezkuntzan hausnarketak egiteko formatuan izango da. Sailburuak azaldutakoaren arabera, zentru bakoitzak biktimekiko enpatia zein bide jarraituz lor daitekeen aztertu beharko du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak irakasleei zuzendutako mintegi bat antolatuko du irakasgai honen orientabide gisa. “Hori bai, ez dugu inoiz esango zein eskolek onartzen duten terrorismoaren biktimen inguruko testigantzak jasotzea” gehitu zuen Sailburuak, zentru bakoitzaren intimitatea errespetatzearren. “Zentru bakoitzak autonomia izango du enpatia hori era fisikoan edo birtualean bultzatzeko”, gehitu zuen.

Eskola 2.0
Hezkuntza Sailatik aurreko ikasturtean martxan ezarritako eskola 2.0 ekimenarekin jarraituko dutela baieztatu dute. Izan ere, hiruhilabete honetan zehar 19.000 ikasleentzako 18.000 ordenagailu eramangarri ezarriko dituztela azaldu dute. Iazko ordenagailuak aurten 6. mailan diren ikasleek erabiliko dituzte eta aurten 5. mailako ikasleei berriak emango zaizkie. Badirudi hurrengo urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek izango dituztela ordenagailuak programa hurrengo urtean ere jarraituz gero.
Gobernu espainiarrak Euskadiko Hezkuntza Sailari 5,6 milioi euro eskainiko dizkio gela teknologikoak ezartzeko. Hortaz, Hezkuntza Sailetik aurten pizarra elektronikoak eta abarrekoak ere ezarriko direla aditzera eman da.
Halaber, Celaák ikasturte hasiera honetan irakasleen lanpostuei edo plazei garrantzi handia eman dio. “Ez da egia irakaslegoen plaza ugari betetzeke daudenik”, esan zuen irmo. Bere esanetan, eskola publikoetako irakasleak bere lanpostuetan daude eta ikasturte hasieran ez da irakasle eskasiarik izan.
Isabel Celaák azaldu bezala, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko irakasleek uztailan bazekiten zein zentrutan egingo zuten lan eta soilik %10ak itxaron behar izan du abuztu amaierarte zein zentrotan egingo zuen lan jakiteko.

Matrikulazioak
Ikasturte berrian ohikoa da matrikulazioen balantzea egitea. Matrikulazioen datu ofizialak oraindik osatu gabe daude, alabaina, Hezkuntza Sailak aurrematrikulatuen gaineko datuak ezagutzera eman zituen irailan. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) 72.870 ikasle matrikulatu dira, Batxilergoan 20.480 ikasle, ZIan 414 eta Lanbide Heziketan 28.649 ikasle (Erdi Mailan 11.440 eta Goi Mailan 17.209).
Lurraldeka, DBHn Bizkaian 37.166 ikasle matrikulatu dira, 24.857 Gipuzkoan eta 10.847 Araban. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ondorengo (DBHO) hezkuntzari dagokionez, matrikulazioak 29.533, 19.906 eta 9.104 izan dira, hurrenez hurren.
Ereduka banaketak egitean, berriro ere D (dena euskaraz gaztelania eta ingelesa irakasgaiak izan ezik) eredua nagusi dela azpimarra daiteke, behintzat DBHn eta Batxilergoan. Hain zuzen, %1,2ko igoera izan du D ereduak aurreko ikasturtearekiko. Gauzak horrela, DBHn A ereduan (dena gaztelaniaz euskara eta ingelesa izan ezik) 11.052 ikasle matrikulatu dira; B ereduan (gaztelania eta euskara partekatzen da) 20.628 ikasle, D ereduan 40.646 ikasle eta X (aldi baterako Euskadin daudenentzako gelak) ereduan 544. Batxilergoari dagokionez, A ereduan 13.258 ikasle matrikulatu dira, B ereduan 417, D ereduan 15.607 eta 198 X ereduan.
Aitzitik, Lanbide Heziketan datuak bestelakoak dira. Izan ere, A eredua da nagusi. Hain zuzen, ia dena gaztelaniaz ikasiko duten ikasleak 12.353 dira eta ia dena euskaraz, berriz, 4.473.
Lurralde Historikoak erkatutuz, soilik Gipuzkoan D eredua nagusi da DBHn eta Batxilergoan. Bizkaian eta Araban D eredua nagusi da DBHn baina ez horrela Batxilergoan. DBHn, hiru lurraldeetan B ereduak nahiko indarra du D ereduarekin batera eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan B ereduak ikasle gutxi ditu.
Gipuzkoan kasu, DBHn A ereduan 832 ikasle matrikulatu dira, B ereduan 6.454 eta D ereduan 17.571. Batxilergoan, berriz, 2.798, 329 eta 6.780, hurrenez hurren. Bizkaian DBHn B ereduan 10.636 ikaslek ikasiko dute eta D ereduan 18.828 eta Araban B ereduan 3.538 eta D ereduan 4.247 matrikulatu dira. Batxilergon berriz, Bizkaian A ereduan 7.880 eta D ereduan 7.123 matrikulatu eta Araban A erduan 2.580 eta D ereduan 1.704 matrikulatu ziren.
Lanbide Heziketari dagokionez, Araban ikasleen %90,20a A ereduan matrikulatu da, eta %9,79a D ereduan; Gipuzkoan A ereduan %49,64a, B ereduan %4,79a eta D ereduan %45,55a; Eta Bizkaian A ereduan %84,75a eta D ereduan %15,24a.

Matrikulatu gehiago sare publikoan
Lehenengo aldiz, ez unibertsitarioa den hezkuntzan, matrikula kopurua eskola publikoetan handiagoa da hitzartutako eskoletan edo eskola pribatuetan baino. Hala eta guztiz ere portzentaia apal batean gainditzen dio. (%50,3 matrikulatu zentru publikoetan eta %49,7 pribatuetan). Adibidez, Batxilergoan sare publikoan %53,37a matrikulatu da (15.735 ikasle) eta pribatuan %46,62a (13.745 ikasle) eta Lanbide Heziketan %56,96a publikoan (16.319 ikasle) eta % 43,03a pribatuan (12.330 ikasle).
Aintzat hartu behar da ere DBHk batezbestea apurtzen du sare pribatuan matrikulatu gehiago baitago. Hots, publikoan 33.364 matrikulatu baitago eta pribatuan 39.506.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE