Eman minutu bat uraren alde

Nazio Batuen Batzar Nagusiak eta Giza Eskubideen Kontseiluak berriki onartu dute eskubide hau modu ofizialean eta, egokiera baliatuz, UNESCO Etxeak ikus-entzunezko lanen lehiaketa antolatu du: “Eman minutu 1 Uraren alde”. Lehiaketa horretan eskubide horren inguruko lan irudimentsuenak sarituko dira, gehienez ere minutu bateko piezak.

UNESCO Etxea – Euskal Herriko UNESCO Zentroa nazioarteko bokazioa duen euskal GKE bat da. Erakundeak 20 urtetik gora daramatza lanean Bakerako Kulturaren, Giza Garapen Iraunkorraren eta Giza Eskubideen alde.

Baliabide ordezkaezina

Ura baliabide bakarra eta ordezkaezina da, bizitzaren funtsezko oinarria eta baldintza ezinbestekoa pertsonen eta herrien garapenerako. Alabaina, gaur egun, munduan 7 pertsonatatik batek, hots, ia 900 milioi lagunek, ez dute urik eskura beren oinarrizko beharrizanetarako, eta munduko biztanleen ia % 40k (2.600 milioi lagun inguru) ez du saneamendu egokirik eskura. Ondorioak lazgarriak dira osasunerako, hezkuntzarako, etxebizitzarako, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako, ingurumenerako eta pobreziarako.

Edateko ura eta saneamendua eskura ez izatearen inguruan hitzegitean, eskubide baten urraketaz ari gara; ez da soilik baliabide baten berezko eskasia, baizik eta horrek dakarren pobrezia, gizartean sortzen diren aldeak eta borondate politikorik eza.

Ura eta saneamendua izateko giza eskubidearen funtsa hauxe da: pertsona guztiek beren beharretarako eta etxeko beharretarako ura behar beste, kalitatezkoa, eskura eta moduan izateko eskubidea. Nazio Batuen Batzar Nagusiak eta Giza Eskubideen Kontseiluak berriki onartu dute eskubide hori modu ofizialean eta, egokiera baliatuz, UNESCO Etxeak ikus-entzunezko lanen lehiaketa antolatu du: “Eman minutu 1 Uraren alde”.

Irabazleak Senegalgo UNESCOren bulegora bidaia egingo du eta film labur dokumental bat filmatuko du UNESCOk uraren eta saneamenduaren esparruan egiten duen lanaren inguruan.

Lehiaketan nahi duen ork parte har dezake. Izena http://www.unescoetxea.org webgunean eman daiteke. Ikusentzunezkoek ura eta saneamendua izateko giza eskubidearen ingurukoak izan behar dute. Esan bezala, lanek ezin izango dute minutu bateko iraupena gainditu. Pertsona bakoitzak ikus-entzunezko lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Lana taldean egin ahal izango da, baina gogoan izan saria pertsona bakarrari emango zaiola.

Sariak

Lehen saria Senegalen dokumental bat grabatzea izango da. Irabazleak UNESCOren Senegalgo bulegora bidaiatuko du eta uraren eta saneamenduaren inguruan herrialde hartan egiten ari den lanari buruzko dokumentala grabatuko du.

Bigarren saridunak, berriz, HD bideo-kamera irabaziko du eta hirugarrenak eskuratuko duen saria IPOD Touch 4G gailu bat izango da.

UNESCO Etxeak uraren eta saneamenduaren gaian eta ikus-entzunezkoen arloan adituak diren pertsonak izendatuko ditu epaimahaia osatzeko. Epaimahaiaren erabakia jakin ondoren, sariak banatzeko ekitaldia antolatuko da; Isabel Coixeten “Aral, el mar perdido” (Aral, itsaso galdua) filma emango da ekitaldi horretan.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE