Langabeziatik ihes egiteko bidea

Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketareko III. Planaren xede nagusietako bat 20 eta 30 urte bitarteko hainbat gazte lan merkaturatzea izango da. Aipatu adin tarte horretan diren hainbat gaztek, egoera ekonomikoa hobea zenean, lan merkatuan barneratzea erabaki zuen, ikasketak alde batera utziz. Krisiarekin batera, kualifikazio eskasa zuten gazte hauek izan dira langabezian geratu diren lehenak eta orain, egoera ekonomikoak hoberuntz egiten ez duen bitartean, zailtasun handiak dituzte berriz ere lanean hasteko.

Isabel Celaák Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluan  aditzera eman zuenez, gazte hauek guztiek irtenbide egokia aurki dezakete Lanbide Heziketaren bidez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak maneiatzen dituen datuen arabera, 25 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen %16 inguruk kualifikazio eskasa du. Datu honek bat egiten du DBH amaitzean ikasketak uzten dituzten gazteen kopuruarekin.

Egoera ekonomikoaren bilakaeraren baitan, Euskal Herrian ezezik, Europa mailan ere kualifikazio baxuko milioia enplegu desagertu egingo dira. Datu kezkagarria izanik, adituek kualifikazio altuagoa duten lanpostu gehiago sortuko direla baieztatzen dute, hots Lanbide Heziketako goi graduetako eta unibertsitateko ikasleentzat. Europa mailan Lanbide Heziketako gradu ertaineko profesionaletarako 3,5 milioi enplegu sortuko direla ere espero da.

Kualifikazio baxuko gazte hauek ‘berreskuratzeko’ beste tresna  Hasierako Kualifikazio Pertsonalerako Programak erabiliko dira. Hauen bidez, DBH amaitu ez duten gazteek ere gutxieneko kualifikazio bat lortzeko aukera izango dute.

Aukera ona LHrako

Krisi ekonomikoarekin batera, Lanbide Heziketan izena emandako ikasleen kopuruak goruntz jo du. Gauzak horrela, gaur egun ia 30.000 ikaslek burutzen dituzte Lanbide Heziketako ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak datozen bi urteetan garatu nahi duen aipatu planak arrakasta lortuko balu kopuru hau nabarmen haziko litzateke.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE