Unibertsitate ikasketak euskaraz ikastean titulu ofizialak ez dira beharrezkoak izango

Oraindik hausnartutako proiektu bat besterik ez da baina etorkizunean errealitate bihurtu daitekeena. Urrian Kultura Sailburua den Blanca Urgellek Legebiltzarreko Batzordean ezagutzera eman zuen aztertzen ari direla EGAren (Euskararen Gaitasunaren Agiria) titulua edota euskal profilak ematea unibertsitateko ikasketak euskaraz egiten dituztenei, eta baita derrigorrezko ikasketak D ereduan egiten dituztenei erdiko profilaren baliokidea ematea ere.

Oraingoan, Hezkuntza Sailburua den Isabel Celaák eta Blanca Urgellek 2011 urtearen amaieran Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onetsi egingo duela aitortu dute euskaraz ikasi dutenentzat tituluak ateratzeko salbuespena izan ditzaten. Oraingoz, Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lanean ari dira zer egin beharko litzatekeen tituluak bateratu ahal izateko eta baita plan bat diseinatzen ari dira.

Neurri honen xedea ikasleek behin euskaraz ikasitakoan, eskolaz kanpo beste hainbat azterketa egitea ekiditea eta euskaltegietara joatea sahiestea da. Gauzak horrela, dekretu horren bidez unibertsitateko ikasketak euskaraz egiten dituztenek C1eko mailako titulu guztien baliokidea lortuko dute. Hau da, EGA, Hezkuntzako PL2 edo administraritzako 3. profila izango dute.

Era berean, dekretu honen bidez Batxilergoko ikasketak D ereduan egiten dituztenei B2 mailako titulu baliokideak erdietsiko dituztela -PL1 eta 2.profila- edota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek B1 mailako titulu baliokideak lortuko dituztela arautuko dela aipatu du Celáak. Hala eta guztiz ere, ez dute ezer ez esan B ereduan ikasten dutenen inguruan.

Oraingoz ez zaie EGA titulua ematen euskaraz ikasketa unibertsitarioak egiten dituztenei UPV/EHUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Euskal Filologia edota Euskarazko Magisteritza egin dutenei izan ezik.

Aztertu beharreko beste puntu bat da ea orain arte euskarazko karrerak egin ostean lizentziatu direnei emango zaien ala ez.

Gai honen inguruan hausnarketak egitearen zio nagusiena da Eusko Jaurlaritzak euskarazko titulu desberdinen bateraketa egin behar izan duelako. Esaterako, Hizkuntz Eskola Ofizialeko tituluak bateratu behar izan ditu.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE