Mugi zaitez gazte!

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak euskal gazteriaren mugikortasunaren inguruko ikerketa aurkeztu berri du

Eusko Jaurlaritzak gazteriaren, hezkuntzaren, lanaren edo lankidetzaren arloetan mugikortasuna sustatzeko hainbat egitasmo garatu izan ditu azken urteotan. Gazteen mugikortasuna sustatzea garrantzizkoa da prestakuntza hobetzeko eta norbera mundu globalaren premietara moldatzeko. Egitasmo horietan parte hartzen dutenek trebetasun berriak eskuratzen dituzte; atzerriko hizkuntzetako gaitasun linguistikoak indartzen dituzte; euren prestakuntza zabaltzen dute; lan-esperientzia lortzen dute atzerrian; eta kulturartekotasuna lantzen dute, bai eta adimena errealitate berrietara irekitzen ere.
Euskal gazteriaren artean mugikortasunaren egoera zein nolakoa den ikusteko, Gazteria Zuzendaritzak ikerketa bat burutu du. Hau, Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta batean oinarritzen da.

Ikerketaren emaitzak
Aipatu ikerketan, besteak beste, honako alderdiak aztertu dira: gazteak aurrez atzerrira joan izana; atzerrira joateko prest egotea, ikastera, lan egitera edo boluntario- nahiz lankidetza-lanetan aritzera; ezagutzen dituzten hizkuntzak, eta hainbat mugikortasun-baliabideri buruz duten informazio-maila.
Esan bezala, ikerketa telefonoz egindako inkestetan oinarritu da. Guztira 1.500 inkesta burutu dira 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean.
Emaitzarik esanguratsuenen artean, honako hauek aipa daitezke. Lehenik eta behin, euskal gazte gehienak, ia bere osotasunean, atzerrian izan da noizbait. Atzerrian emandako denbora oso aldakorra da, baina batez ere, ikasketak burutzen izan direnak dira denbora gehien eman dutenak. Ikerketaren arabera, gazteen %25ak hilabete bat edo gehiago eman du atzerrian. Atzerrira joateko arrazoi nagusiak bi dira: oporrak eta ikasketak. Gazte gehienek atzerrira joateko arrazoien artean hizkuntzak ikastea aipatzen dute, batez ere ingelesa. Orohar, Gazteek mugikortasunerako joera handia dute: aukera izanez gero, 10 gaztetik 8 atzerrira joateko prest egongo lirateke, ikastera, lan egitera edota lankidetza-lanetan aritzera. Alberdi negatiboen artean, apika, gazteek mugikortasun esparruan diren programen inguruan duten informazio falta aipa daiteke. Horrela, Erasmus eta Leonardo programa aski ezagunak salbu, gazteen %70ak mugikortasun baliabideen inguruan nahikoa informazioa ez duela baieztatzen du.
Esperientziak
Ikerketaren arabera, 15 eta 29 urte bitarteko 4 gaztetik 3 atzerrira joan izan dira noizbait. Atzerrira joateko arrazoi nagusia aisia eta oporrak dira: hain zuzen ere, hamar gaztetik zazpi arrazoi hori dela medio atzerriratu dira. Gainera, 4 gaztetik 1 atzerrira irten da noizbait hizkuntzaren bat ikastera edo hizkuntza-maila hobetzera.
Esan bezala, atzerrian hilabete baino gehiago izan diren gazteak ikasketa arrazoiengatik joan dira. Hala ere, izan badira lanera ere joan direnak (%11,9).
Atzerrian hilabetetik gora eman dutenen egonleku ohikoenak Erresuma Batua eta Irlanda izan dira (%34). Jarraian, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada daude (%13,3). Beraz, nahiago izan dira ingelesa hizkuntza nagusi duten herrialdeak.

Asmoak
Ikerketaren arabera, EAEko gazteen %39,2k aurten atzerrira joateko asmoa du. Unibertsitateko titulazioa dutenek eta atzerrian hilabetetik gora izan direnek (%52,9 eta %58,6, hurrenez hurren) 2011n bidaiatzeko asmo gehien dute.

Aurten atzerrira irteteko asmoa erakutsi dutenen artean, arrazoi nagusiena oporretara, ikasketa-bidaietara udalekuetara edo turismoa egitera joatea izan da (%50.8). Bigarren arrazoi nagusia hizkuntza bat ikastea edo hizkuntza-maila hobetzea izan da (%40,1).
Gazteek gustokoen dituzten herrialdeen artean honakoak aurkitzen dira: Erresuma Batua eta Irlanda (%20,9), Frantzia (%12,5), Italia (%7,9) eta Alemania (%6,4). Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada nahiago dituztenak 2011n bidaiatzeko asmoa dutenen %10,7 izan dira.
Inkestatutako gazteen %65ak atzerrira joateko prest azaldu da lan egitera. Ikastera joateari dagokionez, gauza bera erantzun dute %60,3k. %55,9 prest egongo lirateke boluntario- edo lankidetza-lanak egitera irteteko. Arrazoi horietako bat edo batzuk direla medio, atzerrira bidaiatzeko prest daudenak aintzat hartzen baditugu, EAEko gazteen %80k atzerrira joatearen aldeko jarrera dute.
Atzerrira ikasi edo lan egitera joateko prest ez daudenek emandako arrazoien artean, honako hauek dira aipatuenak: familia, bikotekidea edo lagunak utzi nahi ez izatea (%44), lana edo ikasketak utzi nahi ez izatea (%42) eta behar den besteko hizkuntza-maila ez izatea (%36).

Hizkuntzak
Gazteen erdiek diote atzerriko hizkuntzaren batean ongi edo nahiko ongi hitz egiten dakitela. Hizkuntza guztietan, ingelesez dakite gazteek hein handiagoan. Izan ere, %48,3ak ingelesez hitz egin dezakete. Frantsesez eta alemanez dakiten gazteen ehunekoa oso apala da, %5 eta %1, hurrenez hurren. Gainera, %5ek diote beste hizkuntza batean mintzatzen dakitela. Horien artean, italiera, portugesa eta txinera nabarmentzen dira.
Egun, 10 gaztetik ia 3 atzerriko hizkuntzaren batean mintzo dira eskola-ordutegitik kanpo. Horietatik, %90 inguruk ingelesa ikasten dute. Gehien ikasten diren hizkuntzen artean, bigarrena alemana da.

Baliabideak
Gazteei mugikortasun-aukera eta baliabideei buruz galdetutakoan, informazio-maila kaskarra dutela erantzun dute 10 gaztetik ia 7k; 10etik 3k uste dute oso ongi edo nahiko ongi informatuta daudela. Hala eta guztiz ere, 10etik 9k nazioarteko programa edo bekaren bat ezagutzen dute. %73k lagunen edota senideen bitartez ezagutzen dituzte baliabide horiek eta %61ek ikastetxeen bitartez.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE