Euskarazko ereduak aurrera darrai

2011-12 ikasturterako aurrematrikulazio kanpainiako datuek azaltzen dutenaren arabera, hurrengo ikasturtean D eredua nabarmenki eredurik nagusiena izango da. Euskara hutsez egiten den hezkuntza eredua nagusi da Haur eta Lehen Hezkuntzan aurrematrikulatutako ikasleen artean

Udaberrian datorren ikasturterako matrikulen, hau da, aurrematrikulen, datuak ezagutzera ematen dira. Aurtengo datuen arabera, 2011-12 ikasturtera begira, euskal ereduan, D ereduan alegia, izena eman duten haurren kopurua hazi egin da, %1 haur hezkuntzan eta %1,5 Lehen Hezkuntzan. Euskarazko ereduan izandako igoera honek ez du jarraipenik izan beste bi eredu nagusietan. Horrela, B eredu elebidunean eta gaztelerazko A ereduan jaitsierak eman dira. Azken honen kasuan, jasotako datuak nahikoa esanguratsuak dira, jada aurreko urteetatik oso kopuru baxuetan aurkitzen baitzen. Aurten, A ereduan izena eman duten haurren kopurua %4 besterik ez da izan.
Horrela, datorren ikasturtean Haur Hezkuntzan izateko izena eman duten haurren kopurua 21.100ekoa izan da. Hauetatik guztietatik, ia %75ak euskaraz jasoko du bere trebakuntza. B ereduan berriz, %22ak eman du izena eta A ereduan %3,5 eskasak (735 haur).
Lehen hezkuntzarako, berriz, 63.500 haurrek eman dute izena. Haur hezkuntzan bezalaxe, maila honetan ere D eredua nagusi da, %72ak eredu honetan izena eman baitu.

Ikasle gehiago
Hezkuntza ereduak alde batera utzita, aurrematrikulazio datuen arabera, datorren ikasturtean ikasle kopurua nabarmen haziko da maila guztietan. Haur Hezkuntzan bi mila ikasle inguru gehiago espero dira, Lehen Hezkuntzan hiru mila gehiago eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan beste bi mila gehiago. Igoera honek, halabeharrez, eragin zuzena izango du irakasle/ikasle ratioan. Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat zentroetan, ratio hau oso baxua izan da; zenbait ikasgeletan hamar ikasle besterik ez dira izan. Legediaren arabera, klase bakoitzean, gehienez, hogeitabost ikasle izan daitezke. Zentru pribatuetan, noski, errentagarritasun kontuengatik ia klase guztietan 25 ikasle daude.
Sare publiko eta pribatuaren arteko ikasle kopuruan den oreka bere baitan mantenduko da datorren ikasturtean. Horrela, ikasleak ia %50an banatuta daude sare publiko eta diruz lagundutako zentro publikoen artean. Hau, Euskal Autonomia Erkidegoaren ezaugarri berezia da, izan ere, estatuko bestelako erkidegoetan diruz lagundutako zentro pribatuen ikasle kopurua askoz ere murritzagoa baita sare publikoko ikasle kopuruarekin alderatuta.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE