Selektibitatea: errespetu gehien sortzen duen azterketa

Selektibitatea Unibertsitatera joan nahi duten ikasle guztiek gainditu behar duten azterketa da. Iaz eraldatutako azterketa honek errespetu handia sortzen du batxilergoko ikasleen artean, nolabait, etorkizun akademikoa bi egunetan jokatzen denaren sentsazioa dagoelako

Batxilergoko bigarren mailan diren ikasleen helburu nagusia, ikasturtea amaitzear den momentu honetan, selektibitate izenarekin ezagutzen den azterketa da. Unibertsitaterako sarbidea den azterketa hau iaz eraberritu zen, eta izandako eraldaketak direla medio, azterketa objektiboago baten aurrean gaudela esan daiteke. Objektiboagoa, azken finean, ikasleek etorkizunean burutuko dituzten unibertsitate ikasketekin harreman handiagoa izango duelako.

Aldaketak

Iaz martxan jarri zen selektibitate berria bi frogatan oinarritzen da. Lehenik eta behin, ikasleria guztiak burutu behar izango duen azterketa orokor bat dago. Lehen azterketa honetan, batxilergoko adar guztietan komunak diren ikasgaiak aztertzen dira, hots, gaztelania, euskara (erkidego bakoitzean bere hizkuntza propioa), atzerriko hizkuntza eta filosofia edo historia.

Gainera, ikasleek azken ikasturtean eta hautatutako adarrarekin zerikusia duen beste ikasgai bat ere hautatu behar izango dute. Azterketa horretako ikasgai bakoitza 0 eta 10 puntu bitartean ebaluatzen da, eta nota guztiekin, bataz besteko nota bat lortzen da. Azken nota hori bostetik gorakoa baldin bada, selektibitatea gainditutzat ematen da.

Dena den, aurreko azterketa ereduan bezala, bostera iristen ez diren ikasleek ere selektibitatea gainditzeko aukera dute. Horrela, lau eta bost puntu bitartean geratu diren ikasleei selektibitatea gainditutzat ematen zaie baldin eta batxilergoan lortutako bataz besteko nota seitik gorakoa bada.

Bestalde, derrigorrezkoa ez den bigarren froga bat ere bada eredu berri honetan. Bigarren froga honek, lehenengo azterketan lortutako emaitza hobetzeko balio du. Froga horretan, ikasleak unibertsitatean ikasi nahi duen karrerarekin zerikusia duen ikasgai bat aukeratu beharko du. Ikasgai horrek ez du zertan batxilergoan ikasitako bat izan behar. Azterketa hori, test moduko azterketa bat da.

Datorren ikasturtetik aurrera, selektibitateak beste berrikuntza garrantzitsu bat aurkeztuko du: derrigorrez gainditu beharreko hizkuntza ikasgaieko mintzamen froga bat. Esan bezala, froga hori datorren urtetik aurrera jarriko da abian, eta beraz, aurten aurkezten diren ikasleek ez dute froga hau egin beharrik. Froga horretan, ikasleek ingelesa, frantsesa, alemaniera edota portugaldar hizkuntzen artean aukeratu beharko dute.

Neurri hau ez da soilik batxilergoko ikasleei bideratuko. Horrela, Lanbide Heziketako ikasleek ere froga hau gainditu beharko dute, azken finean, Goi Gradu bat duten ikasleak unibertsitatean sar daitezke bestelako frogarik egin gabe.

Gero eta ikasle gehiago

Euskal unibertsitateek ikasle kopuruan hazkunde nabaria izan zuten aurreko ikasturtean. Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), adibidez, 8.700 ikasle gehiagok eman zuten izena aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, hots, % 5 gehiago.

Deustuko Unibertsitatean ere, matrikulazioak gorutz jo zuen, kasu honetan ia %10ean. Azkenik, Mondragon Unibertsitateak ere bere sorreratik hona urtero mantendu duen ikasle kopuruaren hazkundearekin jarraitu du. Baina ikasle kopuruaren hazkunde hau ez da soilik euskal unibertsitateetan ematen den fenomenoa. Horrela, Estadistikako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, aurreko udan 244.737 ikaslek burutu zuten selektibitatea estatu mailan, hau da, aurreko ikasturtean baino % 6,3 gehiago. Aurkeztu ziren ikasleen % 84,8k azterketa gainditzea lortu zuen. Ikasle hauetatik guztietatik, erdiak Zientzia eta Teknologia adarra hautatu zuen, eta zertxobait gutxiagok (% 46,9), berriz, Humanitateak eta Gizarte Zientziak. Arteetan, berriz, % 3,1ak eman zuen izena.

Lana da arrakastaren gakoa

Selektibitatea egiteko eguna hurbiltzen den heinean, ikasle asko agobiatzen hasten dira. Izan ere, egun pare batean, askok bere etorkizun akademikoa jokoan jarriko dutenaren sentsazioa dute. Garbi dago selektibitatea ez dela azterketa arrunta, hau da, ez da beste azterketa bat gehiago. Selektibitatea batxilergoko ikasleek unibertsitatearekin izango duten lehen kontaktu zuzena da, eta azterketa hau arrakastaz gainditzeko, behar den moduan prestatu behar da. Hori dela eta, hainbat ikasleentzat selektibitatea erronka bilakatzen da. Erronka den heinean, zailtasun puntu bat du, bainaerronka hori gainditzeak ere ondoren unibertsitatean egin beharreko ikasketak gainditzeko abiapuntutzat har daiteke.

Funtsean, selektibitatea ikasturtean zehar jarraitutako ibilbideaneurtzen duen azterketa da. Ondorioz, ikasturtean zehar lana ondo egin duten ikasleek ez lukete arazo handirik izan behar azterketa hau gainditzeko.

Hona hemen zenbait gomendio selektibitateari behar bezla aurre egiteko:

  • Lehenik eta behin ikasketa ohitura batzuk finkatu behar dira. Selektibitatea ez da egun batetik bestera presta daitekeen azterketa bat. Denboraren antolaketa arrazional bat egin beharko duzu, ikasketetarako eta zure aisialdirako behar duzun denbora ondo banatuz.
  • Ikasketei bideratzun duzun denbora oso garrantzitsua da, eta ikasketa hori, ahalik eta testuinguru egokienean egin beharko duzu. Normalean, ikasle gehienek bere etxean ikasten dute, norberaren gelan. Ahal den neurrian, soinuak edota zaratak ekiditu beharko dituzu, noizean behin gelako lehioak ireki gelako atmosfera berritzeko eta gela tenperaturarik egokienean mantentzeko. Konzentrazioa pur diezazukeen edozer gauza gelatik kanpo egon beharko luke, adibidez, sakeleko telefonoa… Gune itxi batean aritu zarenez, argiak ere paper garrantzitsua jokatuko du. Ia udan garenez, normalean eguraldi ona egiteko aukera handiak izango dira, eta beraz, eguzkiaren argia profitatu dezakezu. Gauean ikastea erabakitzen baduzu, hobe duzu argi zuri edota urdina erabiltzea. Ikasten ari zaren bitartean aurrean dituzun liburu edota apunteak dira momentu horretan munduan diren gauza bakarrak.
  • Ikasi behar duzun materiala ondo antolatzea ere komenigarria da. Orrialde solteak badituzu, hauek guztiak ikasten hasi aurretik antolatu.
  • Behin ikasten hasita, kontrolatu zenbat denboraz aritzen zaren. Komenigarria da deskantsurako tarteak aurreikustea, eta gutxienez, egunero zortzi ordu inguru lo egitea.
  • Gomendio hauek guztiak arrakasta lortzen lagunduko dizute, baina benetazko gakoa ikasteko erabiltzen duzun estrategian datza. Esan bezala, selektibitatea ez da azken momentuan presta daitekeen azterketa da, eta beraz, jada ikasturte hasieratik prestatzen hasia izan beharko zenukeen gauza da. Hasieratik laburpenak eginda badituzu eta ikasi beharreko materiala ‘iragazita’ baduzu, azken momentuan errepasatzea besterik ez duzu izango.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE