Derioko Oliver Barry Mostarren ikasteko hautatua

Derioko hamasei urteko ikasle bat Bosnia Herzegovinako Mundu Batuko Eskolan ikasteko aukeratua izan da estatuko beste mila ikasleren artean

Oliver Barry Leioako Gaztelueta eskolan DBHko laugarren mailan ikasten ari den nerabea da. Barryk Rafael del Pino Fundazioak babestutako 45.000 eurotako beka lortu du eta honi esker, datozen bi ikasturtetan beste 80 herrialdeetako ikasleekin ikasteko aukera izango du. Hauek guztiak bere jatorriko herrialdeetan hautatu eta bekatuak izan dira eta bere kultura ordezkatuko  dute dibertsitate giro batean.
Nazioarteko Batxilergoa ikasten duen bitartean ikasle euskaldunak eskola dagoen komunitatea laguntzeko programetan ere parte hartu beharko du. Hauxe da, azken finean, Mundu Batuko Eskolen azken xedea. Hau irabazi asmorik gabeko erakundea da eta 125 herrialde baino gehiagotan lan egiten du. Erakunde honek kultur-anitzeko hezkuntza baten bidez bakea eta nazioarteko ulermena sustatzea du helburu. Erakundea Guda Hotzeko lehen urteetan du bere jatorria. Urte horietan, alemaniar pedagogo batek Parisen zen eskola bat bisitatzeko parada izan zuen. Eskola horretan, II. Guda Mundialean parte hartu zuten militarren seme-alabek ikasten zuten. Ordutik hona, 180 herrialdeetako 40.000 ikasle baino gehiagok erakundeak dituen 13 eskoletatik pasa dira. Eskola hauek guztiak honako herrialdeetan daude: Kanada, Costa Rica, Venezuela, Txina, India, Singapur, Swazilandia, Norbegia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Italia, Herbehereak eta Bosnia Herzegovina.
Oliver Barryk Mostarren dagoen zentroan ikasiko du eta bertan, serbiar, bosniar eta kroaziar ikasleekin izango da. Izan ere, eskola hau izan zen Balkanetako guda ondoren ikasle hauek guztiak batu zituen lehen eskola. Mostarren Oliverrek munduko kultura desberdinetako ordezkariekin elkarbizitzeko aukera izango du.
Aukera hau izateko, Oliver barryk gogor egin behar izan du lan. Bataz beste, bere nota 9,2koa da, ingelesez zein frantsesez hitzegin dezake eta bere kategorian Euskadiko esgrima txapelduna da. Gainera, antzerki musikala gustoko du eta pianoa ikasteaz gain, bateria ere jotzen du.
Trebakuntzan lan handia egin arren, Oliverrek jarduera solidarioetan parte hartzeko denbora ere izan du. Berak adierazi duen bezala, Atlantikoko kostaldean landare inbaditzaileen garbiketa lanetan parte hartu du eta hilero, bere eskolarekin elkarlanean aritzen diren bi zentroetan laguntzen du. Horietako batean, nor bere kabuz balio ezin diren pertsona helduak laguntzen ditu, eta bestean, minusbaliotasun mentalen bat duten pertsonak laguntzen ditu.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE