Deba eta Bilboko gazteen ikus-entzunezko proposamenek irabazi dute sorkuntza artistikoaren bitartez gazteak emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan inplikatzera zuzenduta dagoen Beldur Barik lehiaketaren bigarren edizioa. Guztira, 250 lan aurkeztu dira, iaz baino ehun bat gehiago.

Lehiaketak neska-mutiko gazteak ditu ardatz, eta xede nagusia sormen artistikoa adierazpen-modu gisa sustatzea da, “Beldur Barik” jarrera agerrarazteko, hain zuzen ere, sexu-erasoen kontra egiten duen eta berdintasunezko harremanen alde egiten duen jarrera. Horregatik, ekimen honetan mota orotako euskarriak sartzen dira: ekintzak, ideiak, bideoak, argazkiak, proiektuak, musika, dantza, argazkiak, performance-a, eskultura…

Epaimahaiaren iritzia
Epaimahaia Beldur Barik proiektuan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek osatu dute (EAEko hiru aldundiak, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, Eudel eta, Berdinsarearen bitartez, udalerrietako berdintasun sailak), bai eta artean eta generoan adituak diren hiru emakumek ere: Dora Salazar eskultoreak, Maite Garbayo artearen historialariak eta Saioa Olmo artistak.
Epaimahaiak balioetsitakoa, batez ere, emakumeenganako indarkerian oinarritzen diren egiturazko diskriminazioak eta desberdintasunak salatzeko begirada zabaldu duten lanak izan dira, bikotekidearen tratu txarretara mugatu beharrean. Gainera, emakumezkoak biktima bihurtzen ez dituzten lanak lehenetsi ditu, erasoei aurre egin diezaieketen emakumeenak, beste emakume eta gizon batzuen laguntzarekin. Aurten mezuari formari baino balio handiagoa eman bazaio ere, aurkeztutako proposamenen sormena, originaltasuna eta freskura hartu dira aintzat, bai eta sentsazioak eta sentimenduak gogorarazteko edota hausnarketak eta elkarrizketak eragiteko duten gaitasuna ere.

Irabazi duten proposamen biek umorea erabili dute kritika soziala egiteko, eta hori izan da, hain zuzen ere, bere ezaugarri nagusia. Irabazleak honakoak izan dira:

• 12 eta 17 urte bitarteko mailan:
Proiektu irabazlea: ‘Garena’, Debako Sahararen aldeko gazteak (Deba). Proiektu honek ironiaz islatzen du nagusi den feminitate ereduarekin bat etorri beharrak emakumeei eragiten dien presioa: argal egotea, modara joatea, profesional ona izatea, ama ona izatea… Protagonista horren guztiaren kontra doa eta bera ez beste inor izatea erabakitzen du, arrakasta soziala ez edukitzea esan nahi badu ere.

Gainera, hiru aipamen berezi eman dira:

1.) ‘Bide Onartezin hau suntsituz’, Nere Oria eta Ane Arrizabalagarena (Deba).

2.) ‘Oihu’, Begoña Barroeta eta Rut Rodriguezena (Lemoa).
Begiak ireki zituen eta errealitatea
sartu zitzaion bertatik, gerlariek
gazteluaren atea botatzen duten bezala,
bortitz. Eta errealitate hark min ematen
zion, noski. Ez dakigu zergatik; agian
esan gabeko hitz bakoitza barruan
zitzaiolako harri bihurtu. Baina hitzak
hitz, harriak harri, minak min ematen
zion, begiak beranduegi ireki zituelako.
Edo ireki egin zituelako.

Oihu bat, aukera bat, berpizteko;
esan gabekoa azaltzeko.

3.) ‘Emakumeok beldur barik’, Maite Luengo, Cristina Pérez, Ana Pérez, Ane Arnaiz eta Adrian Menciarena (Arrigorriaga)

• 12 eta 17 urte bitarteko mailan:
Proiektu irabazlea: ‘Inondik inora’, Ainhoa Artetxe, Itxaso Larrinaga, Iratxe Martin, Libe Kerroum, Marta Fantova, Amaiur Macias, Alazne Lastra, Unai Elizalde, Koldo Olabarri eta Anakoz Merikaetxeberriarena (Bilbao). Umorezko film labur honek argi eta garbi erakusten du zeinen absurdoak eta arbitrarioak diren agindu sexistak. Alderantzizko mundu bat irudikatu dute, non naturaren kontrakoa depilatzea, argal egotea edota heterosexuala izatea den, non emakumeek ez duten euren sentimenduez berbarik egiten eta gizonezkoak euren bizitza sexualagatik diren epaituak.

Maila honetan, halaber, aipamen berezi bi eman dira:
1.) ‘Ausartu’. Alazne Etxeberria, Olaia Altuna, Idoia Malcorra eta Lore Gallastegirena. (Tolosa eta Soraluze)

2.) ‘Beldur barik sortu’, Maite Mugerza Ronse eta Mayi Martiarena Litagorena. (Deba)

Aurkeztutako lanetatik, 147 lan 1 eta 17 urte bitarteko neska-mutikoei zuzenduriko mailari dagozkio, eta 103, berriz, 18 eta 26 urte bitarteko gazteen mailari.

Aurkeztutako proiektu gehienak taldekako lanak dira, eta, horietako batzuk, ikaskideen artean egindakoak; beraz, parte hartu duten gazteen kopurua nahiko handia da.

Lehiaketak 1.000 euroko sari bi aurreikusten ditu maila edo kategoria bakoitzerako, hain zuzen ere, 12-17 urte bitartekoentzat eta 18-26 urte bitartekoentzat. Berritasun gisa, aurten, 300 euroko sari berezia gehitu da; www.beldurbarik.org web orrialdearen bitartez egingo den herri-bozketa batek erabakiko du nori eman saria. Udal batzuek, gainera, herri mailako sari propioak deitu dituzte, udalerri barruan aurkeztutako lanetarako.
Sari banaketa ofiziala azaroaren 26an izan zen, Donostiako Kursaal Zentroan, azaroaren 25eko (Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna) Beldur Barik! kanpainaren kariaz antolatutako “Topaketa 2011” jaialdiaren amaiera ekitaldian, eta, bertan, hainbat jarduera antolatu ziren egun osoan, kolektibo eta elkarte feministek dinamizatuta.