Gauekoakek badu zer estreinatu

Gasteizko gazteentzako aisialdi programak etapa berria hasiko du udaberri eta uda denboraldirako 37 jardueren aurkezpenarekin

Gauekoak, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako asteburuko aisialdi programa gazteiztarrak, udaberri eta udararako programazioa aurkeztu du. Arduradunen hitzetan, aipatu programazioa gazteei zuzenduta dago ohiko izpiritua mantenduz: Gauekoak Izpiritua, ondo pasatzeko gogoa. Denboraldi berria aurkezteaz gain, Gauekoak barrutik zein kanpotik eraberritu da eta irudi eta webgune berriak estreinatuko ditu: www.gauekoak.org.

Gauekoak aurkeztutako programazio berriak aktiboa eta erakargarria izan nahi du, erabiltzaile, elkarte eta talde desberdinek proposatutako jarduerez betea. Aisialdi programak jada diren proposamen kulturalekin nahastu eta elkar eragiteaz gain, orain arte izan ez diren jarduerak proposatu nahi izan ditu.

Gauekoak programazio berria apirilaren 21ean hasi eta uztailaren 28raino luzatuko da. Guztira 37 aisiladi proposamen desberdin diseinatu dira: musika, arte eszenikoak, ikusentzunezko jarduerak, teknologia berriak, arte plastikoak, tailerrak, kirolak, elkarteentzako jardunaldiak eta kultur ekintzekin elkarlanak.

Musikari dagokionez, Gauekoak programaren antolatzaileek apirilaren 21an Plaza Artium Aretoan programazioa ireki zuen The Oswis Rajavi Experience eta Jefe Chirparen kontzertua azpimarratu dute. Hasierako ekitaldi honetan zenbait jarduera nahastu dira: Batukada, Guerrilla Sukaldaritza tailerra, Imaginaciones Nai y Nalua Clown-en performance-a… Kontzertuan Gauekoakeko Gazte Music Showen hautatuak izan diren bertako bi taldek hartu dute parte: The Oswis Rajavi Experience eta Jefe Chirpa.

Arte eszenikoei dagokionez, maiatzaren 18 eta 19an Montehermoson burutuko den Scratxe Underground Brasil Jaialdia azpimarratu behar da. Jaialdi hau Factoría de Fuegosek Gasteizen sortutako Noches Scratxe Gauak-en jarraipena litzateke. Zazpi edizio eta gero, eta Factoría de Fuegos, Madrilgo Festival Acción MAD eta Colectivo Quitanda (Bahia/Brasil)en arteko elkarlanari esker, formatu berrian burutuko da, mini-jaialdi formatuan hain zuzen ere. Gorputza, irudia eta botere harremanak dira topaketa honen hiru ardatz nagusiak. Jaialdiaren barruan, brasilgo artista gazteen zortzi ikuskizun izango dira ikusgai. Horretaz gain, disziplina arteko tailer bat eta hitzaldi bat ere burutuko dira.

Triatloi lorgarria
Kirolari dagokionez, guztiz berria den ekitaldi bat azpimarratu behar da: Gamarrako igerilekuetan datorren uztailaren 21an burutuko den distantzia luzeko Munduko Triatloi Txapelketarako irteera-entrenamendua. Aipatu munduko txapelketa astebete beranduago burutuko da Gasteizen, hau da, uztailaren 28an, eta Gauekoak-ek zaleei Trialtloi lorgarri eta erraz bat egiteko aukera eman nahi die. Modu honetan, txapelketarako giroa berotu eta kirol hau mundu guztira gerturatu nahi da. Bestalde, ekainaren 23an, BMX txapelketa burutuko da Zabalganako Skatepark-ean.

Zinea maite dutenentzat Gauekoakek Zinemactivism II zikloa gomendatzen du. Ziklo honen barrruan kritika sozial, ekonomiko edota klimatikoa egiten duten pelikula-dokumentalak proiektatuko dira. Zikloa uztailaren 5, 12 eta 19an izango da Florida Zineetan.

Era berean, honako tailerrak programatu dira: sabel-dantza (maiatzaren 5ean), malabareak (ekainaren 30), serigrafia eta stencil (ekainaren lehena); eta surf (uztailaren 7an Zarautzen).

Gauekoakek bere hamabigarren edizioa beteko du aurten. 2008tik hona, Gauekoak Elkarteen Federakuntzak kudeatzen du programa. Aipatu federakuntzan esparru desberdinetako 24 erakunde desberdinek hartzen dute parte.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE