Euskal zinegileak protagonista Fant 18 zinemaldian

Polanski eta Fleischer maisuek ere omenaldia jasoko dute

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoa datorren maiatzaren 4an zabalduko da, “El Callejón” filmaren Bilboko estreinaldiarekin. Maiatzaren 4tik 11ra, Bilbok zine fantastikoarekin eta beldurrezkoarekin urtero duen hitzordua jasoko du. Aurten sekzio ofizial interesgarria programatu da, lehiaketara aurkeztuko diren nazioarteko 17 film luzerekin eta 26 film laburrekin.
FANT Laburrean sekzioak 26 lan eskainiko ditu, erdia euskal zinegileek egindakoak, eta lan horiek Zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren film laburrei emango zaizkien 3.000 euroko bi sariak jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, Epaimahaiak, euskal film laburrik hoberenari emango zaion 2.000 euroko saria aukeratuko du.

Zinemaldiak generoko klasikoak berreskuratuko ditu, Polanskiren “Repulsión” eta “La semilla del diablo” edo Richard Fleischerren “El estrangulador de Boston” lanak eskainiz. Horrez gain, Mike Barnetten “Superheroes” dokumental dibertigarria aurkeztuko du. Dokumental horretan, super-heroiez janzten diren eta ausardia eta gizabide handiko ekintzak egiten dituen jende arrunta erretratatzen da.

FANT 18k Phenomena Experience saio bat ekarriko du lehen aldiz Bilbora, “El Resplandor” eta “Terroríficamente muertos” lanak eskainiz. “FANT Erreskatean” zikloak Javier Setóren “La Llamada” eta Eloy de la Iglesiaren “La semana del asesino” eskainiko ditu maiatzaren 8an eta 9an. Espainiako genero fantastikoan oso gutxi ezagutzen diren bi film labur dira.

Sekzio ofiziala
Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberenaren eta Gidoirik Hoberenaren FANT 2012 Saria eskuratu dezaketen film guztiak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, zenbait Estatu osoan ere lehen aldiz ikusteko aukera izango da eta batek erabateko estreinaldia egingo du. Antonio Trashorras zinegilearen “El Callejón” lanaz gain, lehiaketara aurkeztuko diren filmak honako hauek dira: Xavier Gens zuzendariaren, Frantziako beldurrezko lanen azken mugimenduaren egile garrantzitsuenetakoaren, “The Divide” (Alemania / EEBB/ Kanada, 2011); Thriller postapokaliptiko horrek makilaia hoberenaren saria lortu zuen Sitgesen; Jasón Eisener zinegilearen “Hobo with a shotgun” (Kanada, 2011); “Bellflower” (EEBB, 2011) amerikarra, Evan Glodell zuzendariak egindako maitasun istorio epiko eta erromantikoa, Estatu Batuetako zine independentearen sentsazio bilakatu dena, Sundanceko zinemalditik igaro ondoren; Nicolás Goldbart zuzendari eta gidoilariaren lehen luzemetraia den “Fase 7” (Argentina, 2011); Frantziako zine fantastikoaren azken sentsazioa bilakatu diren Julien Maury eta Alexandre Bustillo zuzendarien “Livide” (Frantzia, 2010), azken lana, Sitgeseko jaialdiko azken edizioan saritua; FANT 18k eta Bilbok,“Devoured” (EEBB, 2012) lanaren erabateko estreinaldia jasoko dute. Marta Millans protagonista izango duen beldurrezko thriller psikologiko hori, etorkizun handia duen Greg Olliver Texaseko zuzendariaren lehen lana da. Zuzendaria Bilbon egongo da, bere filma aurkezteko.

FANT Laburra
Film laburrek ere oso leku azpimarragarria izango du FANTen aurtengo edizioan. Duela hiru urte, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak lehiaketaren oinarriak aldatu zituen, eta bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sari berri sartu zituen, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzenduta. Zinegile berrien lana bultzatu nahi duten –Zinemaldiaren xede nagusietakoa– film laburren alorreko bi sari horiei, aurtengo edizioan 2.000 euro jasoko dituen saria gehitu zaie, Euskal Film Laburrik Hoberenari emango zaiona.

Horrela, FANT 18k, mundu osotik etorritako 432 film labur aukeratu ditu, eta antolatzaileek 26 hoberenak aukeratu dituzte –animazioa eta fikzioa–. Lan horiek FANT Laburrean saioan eskainiko dira. Aurten bi saio izango ditu, maiatzaren 5ean eta 9an, eta bigarren saioa euskal film laburrei eskainita egongo da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE