Euskal gazteriaren erdiak M15M mugimendua begiko du

Hala ere, bakarrik euskal gazteriaren %14a parte hartu du mobilizazio desberdinetan

Gazteen Euskal Behatokiak argitara eman duen ikerketa baten arabera, euskal gazteriaren erdiak begiko du duela urte bete hasitako M15M mugimendua. Gazteen Euskal Behatokiak burututako ikerketa lana 2012ko martxoan EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako inkesta batean oinarritu da. Lan honen xedea, Euskadin, M15Mren mobilizazioetan zenbat gaztek parte hartu duten eta hauen profila eta ezaugarriak ezagutzea izan da.

Ikerketaren ondoriorik azpimagarriena honakoa da: 15 eta 29 urte bitartekoen kolektiboaren erdiek (%50) oso edo nahiko gogoko dituzte M15Mren mobilizazioak; %38k ez dituzte oso gogoko edo ez dituzte batere gogoko; eta gainerako %12k ez dute iritzirik adierazi auzi horri buruz.

Gazte arabarrak dira mugimendu honekiko begikotasun handiena dutenak (%57). Ikerketaren baitan, 15M mugimendua begiko duen gaztearen profila honakoa litzateke: goi ikasketak dituen eta gai politikoetaz kezkatzen den gaztea.

Mugimenduarekiko begikotasuna handia izan arren, beti ere ikerketa honen arabera, EAEko gazteen %14k bakarrik M15Mren mobilizazioren batean parte hartu du. M15Mren mobilizazioetakoren batean parte hartu duten gazteen profila taxutze aldera, kolektibo horren eta EAEko gazteria osoaren arteko osaeran dauden aldeak kontuan hartu dira, eta esanguratsuak direnak bakarrik nabarmendu.

M15Mren mobilizazioren batean parte hartu dutenen artean, honako kolektiboetako gazte gehiagoren presentzia dago, EAEko gazteria osoaren baitan baino: Arabako eta Bizkaiko biztanleak; 20 eta 29 urte bitarteko gazteak; Goi-mailako ikasketak dituzten gazteak (unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako heziketa-zikloak); Ikasle- edota sindikatu-erakundeetan dauden edo egon diren gazteak; Boluntario-jarduerak egiten dituztenak edo egin izan dituztenak; Politikan interes handia edo nahikoa dutenak; Politikari dagokionez, euren burua ezkertiartzat jotzen dutenak; Gure gizarteak erreforma sakonak behar dituela edo, areago, goitik behera aldatu behar dela uste dutenak; Gazteen egoera, oro har, txarra dela uste dutenak; Uste dutenak erakundeek ez dituztela gazteen iritziak aintzat hartzen; Gai publikoetan aktiboki parte hartu nahiko luketenak.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE