Isabel Celaá: ”Gure apostua ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia da”

0
66

Zeintzuk dira, krisi garai hauetan, zuk zuzentzen duzun sailak hezkuntza, ikerkuntza eta zientzian egiten den inbertsioa mantentzeko hartu dituen neurriak?
Ikerkuntzan egiten den inbertsioa, nik zuzentzen dudan sailerako ezezik, Gobernurako ere estrategikoa da. Inoiz izan dugun krisi ekonomiko handienean murgilduta egonik, funtsezkoa da gauzak beste modu batera egitearen alde apostu egitea, ezagutza sortuz eta hau gure ekoizpen sistemara transferituz. Herrialde txikia gara eta baliagai natural urriak ditugu. Ondorioz, balio erantsi handia duten produktuekin lehiatu behar dugu nazioarteko merkatuetan. Apostu honen adibide garbia da, 2009. urtetik geroztik, krisia bere momenturik sakonenean egonda, I+Gn egindako inbertsioa %37an hazi izana. Hartu diren neurri zehatzak ugariak eta era askotarikoak dira, hala nola: ikerketa helburu batzuen lorpenera lotu nahian, hiru euskal unibertsitateetako kontratu programen zenbatekoa handitu egin dugu. Ikerbasqueren aldeko apostua egiten ere jarraitzen dugu hau nazioarteko talentu zientifikoaren trakzio-erakunde izan dadin eta, azken urtean soilik, erakunde honen eskuduntzak handitzearekin batera miloi bat euro baino gehiagotan handitu dugu gobernuaren ekarpena. Jada sei BERC (Ikerkuntza Bikainerako Euskal Zentroak) ditugu martxan eta 2012an zehar beste hiru abian jartzea aurreikusita dago.

Zeintzuk dira 2011-2014 Unibertsitate Planaren xede nagusiak?
Lehentasunezko helburua kalitatezko euskal unibertsitate hezkuntza eskaria bermatzea eta, epe laburrean, zerbitzu honek behar izango duen finantziazioa planifikatzea da. Gainera, gure uniber­tsitateek burutzen duten ikerkuntza lanaren nazioarteko proiekzio eta ain­tzatespenaren aldeko apostua egin nahi dugu, eta horretarako, hauekin ditugun kontratu programak sustatu ditugu. Finantziazio modu hau unibertsitateen jarduera helburu zehatz batzuen lorpenera lotzeko modu egokia da eta, horregatik, oso eraginkorra dela uste dugu. Maila ekonomikoan, anbizio handiko plana da: Euskadiko goi hezkuntzara bideratzen den diru kopurua BPGaren %1,3raino igo nahi da 2014rako eta 2020an ehuneko hau %1,5ekoa izatea nahi da. Gainera, hazkunde hau, batez ere I+Gan ematea nahi dugu.

Gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa ikusita, posible izango da 2014rako finkatutako BPGaren ehuneneko horretara iristea?
Anbizio handiko helburua da, baina era berean, helburu errealista ere badela uste dugu. Zuzentzen dudan sailak, legealdi hasieratik, ikerkuntza eta ezagutzaren transferentziaren aldeko apostu garbia egin du. Jada esan dudan bezala, 2009. urtetik hona %37an hazi dugu honen finantziazioa, eta etorkizunean ildo berean jarraitzeko asmoa dugu. Planak unibertsitatearen finantziazioa handitu nahi du kalitatezko trebakuntza bermatzeko eta ikerkuntzaren garrantzia handitzeko. Hori dela eta, Gobernu honek jarraitu duen politika planteamendu horrekin guztiz kontsekuentea izan da. Ikerkuntza laguntzeko prest gaude, urtero, etorkizunera begira egindako apostua delako. Horrela, duela gutxi, hau bermatuko lukeen paktu bat eskaini nien bai gobernu zentralari bai bestelako autonomia erkidegoei. Proposamenari ‘Bostean bost’ izena jarri diogu eta bere garapenerako, erakunde desberdinek, bost urtetako epean I+Gra bideratzen diren funtsak, gutxienez, %5ean hazteko konpromezua hartu behar dute.

Zer eskaintzen dio Goi Hezkuntzako Europar Esparruak oraingo eta etorkizuneko ikasleriari?
Bolognako Planari egindako egoki­tzapenetik, unibertsitate ikasle guztiek Europa mailan guztiz aintzatetsiak diren ikasketak burutzen ari direnaren ziurtasuna dute. Honek bakarrik, jada, balio erantsi bat suposatzen du, are gehiago, nazioarteko mugikortasuna lehiakortasunerako lehen mailako faktorea bilakatu den une honetan. Goi Hezkuntzako Europar Esparrura egokitzapenarekin batera, unibertsitateek bere titulazioen ebaluazioa burutu behar izan dute, eguneratuz eta garai berrietara egokituz. Hau, hiru euskal unibertsitateek arrakasta handiz burutu zuten prozesua izan da.

Gure gizarte modeloak gero eta zientzilari gehiago eskatzen ditu. Nola sustatzen da zientzia-bokazioa gazteen artean?
Hainbat ekintza burutzen ari gara gazteen artea zientzia-bokazioa susta­tzeko: Ikasturtero batxilergoko zentroetatik zientzia ikasketak zertan datzan azaltzeko antolatutako Euskal zientzilariekin osatutako karabana, DBHko ikasleentzat bideratutako eta Elhuyarekin batera antolatutako zientzia kanpamenduak, Etxenikek zuzentzen duen DIPCek gure laguntzarekin antolatzen duen Zientziarekin Solasean programa… Hauek eta beste hainbat ekintza zuzen dibulgazioa sustatzeko gure ikerketa zentroei ematen dizkiegun orientazioekin eta zentzu honetan orientatutako edozein jarduera laguntzeko zuzentzen dudan sailak duen ahalmenarekin osatzen dira.
Azkenik, irakaslearekin ere lan egiten dugu, Garatu programaren bidez bere trebakuntza zientifikoa hobetzeko aukera emanez.

Zein neurri hartu ditu Eusko Jaurlaritzak ikerkuntza sustatzeko eta ikertzaile gazteak laguntzeko?
Ikertzaile gazteenek pairatzen duten prekarietatearen kontrako borroka gobernu honen lehentasuna izan da. Hala ere, bere doktoregotza burutzen ari den bekadun bati eman ahal diogun berririk onena bere trebakuntza amai­tzeko finantziazioa bermatua izango duela esatea da. Zentzu honetan, I+Gra bideratutako funtsak mantentzea edota haztea da ikertzaile gazteak laguntzeko formularik onena.

Zure jomugetako bat euskal Lanbide Heziketa Europa mailan erreferente bilakatzea da. Nola lor daiteke helburu hori?
Euskal Lanbide Heziketa jada erreferente bat da estatu mailan zein Europa mailan. Horrela frogatzen dute, adibidez, Wert ministroak egindako adierazpenek estatuko Lanbide Heziketa birmoldatzeko dituen planen inguruan. Aurten bertan ere, Alemaniako multinazional bat Gipuzkoako LH zentroetan izan zen makina erramintako teknikarien bila. Euskal Autonomia Erkidegoa, populazioaren baitan,  LH ikasle gehien dituen erkidegoa da eta horiek guztiek lan merkaturatzeko aukera handiak dituzte. Gure erronka erreferente izaera hori mantentzea da, atsegintasunean erori gabe, eta Lanbide Heziketa kalitatezko goi hezkuntzaren aldeko apostua egiten jarraitu gure ikasleen nazioartekotasunaren hobekuntza azpimarratuz. Horregatik, ingelesaren aldeko apostua egin dugu, baita Lanbide Heziketan ere, eta doako klaseak eskaini dizkiegu ikasleei ohiko ikastorduetatik at.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.