Alkoholaren kontsumoa murriztu egin da gazteen artean

Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerlan baten arabera, euskal gazteriaren %48ak azken hilabetean gutxienez behin mozkortu dela onartzen du. Ikerketa hau azaroaren 15ean burutzen den Alkoholik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta egin da Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean.

Aipatu ikerlanaren arabera, mutilek alkohola edateko joera handiagoa dutela onartzen dute. Horrela, azken hilabetean gutxienez behin mozkortu dela onartzen duen mutilen kopurua %54an kokatzen den bitartean, nesken kasuan portzentaje hori %41an geratzen da.

Adinari dagokionez, eta beti ere Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerlanak emandako datuen arabera, 20 eta 24 urte bitarteko gazteak omen dira gehien mozkortzen direnak (%54). 20 urtetik azpikoen artean eta 25 urtetik gorakoen artean, berriz, azken hilabetean gutzienez behin mozkortu dela onartzen duen gazteen kopurua portzentaje berean kokatzen da: %45.

Datuok gure kultura baino ez dute islatzen: gure artean jaia eta ospakizunak beti datoz alkoholaren kontsumoari lotuta, eta tabernak lagunekin elkartzeko erreferentzia-tokiak dira.

Bestalde, ez badiegu noizbehinkako mozkorrei erreparatu beharrean, alkoholaren gehiegizko kontsumoari eta arrisku-kontsumoari erreparatzen bazaio, zifrak nabarmen murrizten direla ikus daiteke. Osasun eta Kontsumo saileko Drogomenpekotasunen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, 2010ean asteburuetan alkoholaren gehiegizko edo arriskuko kontsumoa (edandako kantitatea kontuan hartuta) egiten zuten 15 eta 29 urte bitarteko gazteak % 22,4 ziren.

Berriro ere, alkoholaren gehiegizko kontsumoa zabalduago dago gizon gazteen artean (% 25,3), emakume gazteen artean baino (% 19,3).
Dena dela, alkoholaren asteburuetako gehiegizko kontsumoa eta arrisku- kontsumoa dezente murriztu da azken urteotan: 2004an % 35,9koa zen eta 2010ean aipatutako % 22,4koa.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE