Bilboko FAS Zineklubak 60 urte beteko ditu 2013an

Bilboko Fas Zineklubak 60 urte beteko ditu zinearen ikuspegi kulturala sustatuz. Bilbokoa egun funtzionatzen ari den Europako zineklub zaharrenetakoa da eta hori ospatzeko urte osorako egitarau zabala antolatu du.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren laguntza duen programazioari Santiago Mitre zuzendariaren “El Estudiante” film argentinarrarak emango dio hasiera abenduaren 18an. Hala ere, ospakizun egitarauaren irekiera ofiziala urtarrilaren 8an izango da, Iñaki López kazetariak aurkeztuko duen ekitaldiarekin. Ekitaldi horretan “Beerburg” film laburra eta “El hombre mosca” film luzea eskainiko dira.

1953an sortu zenetik, Fas zineklubak programazio egonkorra du urte osoan, eta astearte guztietan eskaintzen ditu saioak, arratsaldeko 19:45ean, Indautxuko El Carmen aretoan. Zineklubaren apustua jatorrizko bertsioan eskaintzen den zinearen aldekoa izan da. Solasaldiak eta hitzaldiak ere ospatzen ditu, ikus-entzuleak zazpigarren artea deitzen denean murgiltzeko.

2013. urtean zineklubaren 60. urteurrena ospatzeko programatu diren jardueren artean zinegile ezagunen bisitak izango dira. Horrela, Bilbora etorriko diren zinegileen artean David Trueba, Pablo Berger, Enrique Urbizu eta Michel Gaztanbide, eta Asier Altuna edo Javier Rebollo aurkitzen dira. Horrez gain, Fas zineklubak topaketa bereziak antolatuko ditu zine sektoreko zenbait profesional, antzezle, kritikari, gidoilari, irakasle eta zinemaldietako arduradunekin, filmei buruzko saio irekiak egin ahal izateko.

60. urteurreneko ekitaldiei amaiera emateko, urte amaieran Fas Zineklubak Peter Greenaway zinegile eta artista britainiarraren bisita jasoko du. Peter Greenaway zinegile-artista europarraren prototipoa da, egungo merkataritza zinearen balizkoetatik erabat aldenduta dagoena.

Ziklo bereziak
Programazio honek zenbait ziklo berezi ere hartuko ditu. Lehenengoa zine klasikoari eskainita dago, 1953an estreinatutako zenbait pelikulekin. Hasteko, Yasujiro Ozuren “Cuentos de Tokio” eskainiko da. Elkarteak autore zinearen erakusketa ere eskainiko du, proiekzioak, omenaldiak, hitzaldiak eta solasaldiak.

Bestalde, Fas Zineklubaren helburuetako bat euskal film laburren hedapenari laguntzea izan da, euskal zuzendariek egindako film labur garrantzitsuenak eskainiz. Horrela, euskal film laburren hedapenari laguntzeko programa horren barruan, berriki egindako euskal film labur garrantzitsuenak eskaintzea aurreikusten da. Horrez gain, datorren urtean, Fas Zineklubak indartu egingo du Bilboko zinemaldiekin duen elkarlana, eta sari berezia emango du maiatzaren 3tik 10era ospatuko den Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren, FANT 19aren, barruan.

Jarduera horien guztien helburua ikus-entzule guztiengana hurbiltzea eta zineklubak Bilboko kultura eta zine bizitzan bete duen lana ezagutaraztea da. Gaur egun ere kultur dinamizazio horrek indarrean jarraitzen du, eta asteartero du hitzordua Indautxun. El Carmen Aretoko saio orokorrek 5 euro balio dute eta 10 emanaldi ikusteko bonoa erosi ahal izango da, 41 euroren truke. Dena den, edozein pertsona egin daiteke Fas Zineklubeko bazkide eta saio guztiez gozatu urtean 80 euro ordainduz.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE