Nolakoa izango da etorkizuneko enplegua?

p1246Egun bizi dugun krisia dela eta, enplegua bilakatu da gure gizarteko kezkarik nagusienetako bat. 2012. urtea amaitzear den une honetan, ez dirudi lan merkatuak bere onera bueltatuko denik epe motzean. Horrek, honako galdera planteatzera behartzen du: nolakoa izango lan etorkizuneko enplegua?

Krisi ekonomiko eta finantzieroak gure egitura ekonomikoaren oinarriak astindu ditu. Duela urte gutxi dogmatzat har zitekeena egun balio gutxi izan dezake. Egun bizi dugun egoera ikusita eta garatzen ari diren aldagarriak aztertuta, etorkizunean zein nolako lan merkatua izan daitekeen aurreikus daiteke.

Zalantzarik gabe, globalizazioa dugu gure ehun ekonomikoaren ezaugarririk nagusienetako bat. Herrialde desberdinen arteko mugak gero eta zehaztugabeagoak dira, eta are gehiago, ekonomiari dagokionez. Ondorioz, gero eta ohikoagoa bilakatuko omen da atzerriko langileak gure artean ikustea edota hemengo jendea atzerrira joatea lan egitera. Puntu honetan, funtsezkoa egingo litzateke hizkuntzen ezagupena.

Krisiak orain arte ezagutzen genuen lan eredua bertan behera utziko duela dirudi. Hau da, ohiko egun osoko lanak postu berean gero eta urriagoak izango direla dirudi eta bestelako lan eredu malguagoak nagusituko omen dira: iraungitze data duten kontratuak, proiektuetarako kontratuak, autoenplegua, enplegu-aniztasuna…

Horrela, malgutasuna etorkizuneko lan merkatuaren ezaugarririk nagusienetako bat bilakatuko omen da. Enpleguak ematen zuen segurtasuna edota hezkuntza on batek lanpostu ona ematen duela bezalako baieztapenek gero eta balio gutxiago izango dute. Freelance langileen eta autoenplegua duten langileen kopurua biderkatuko da epe ertain eta luzean.

Lan merkatua 2020an
Adituen ustetan, industria, eskualde eta kualifikazio arteko enpleguen birbanaketa esanguratsua izango da datozen urteetan. Horrela, ekonomia eredu berri batera egokitzeko prozesuan, kualifikazio gutxien duten langileek kualifikazio maila altua dutenek baino larriago pasako dutela aurreikusten da. Teknologia berriek hartuko duten garrantzia kualifikazio altuko langileen mesederako izango da. Kualifikazio ertain eta baxuak eskatzen dituzten jarduera errepikakorrak, berriz, automatizatu egingo dira etorkizunean eta horrek hainbat langileen trebakuntza zaharkituta utziko du. Trabakuntza eskasa duten zenbait langileen trebakuntza moldatu ahal izango bada ere, 2020ko lan merkatuan eskaintza eta eskaeraren arteko tartea zabaldu egingo dela espero da.

Kualifikazio altuko langileak bezala, kualifikazio ertain edota baxua duten langileek ere bere burua saltzen ikasi beharko dute. Norbera da bere indarguneak hoberen ezagutzen dituena, zer lortu nahi duen eta merkatuaren egoera zein nolakoa den.

Prestakuntza bai, segurtasuna ez
Etorkizuneko langileak inoiz baino prestatuagoak izango dira. Komunikazioa edota gatazkak konpontzeko gaitasuna bezalako meta-trebetasunak ohikoak izango dira etorkizunean langileen artean gaur egungo gazteak horretan trebatzen ari direlako.

Irakaskuntzan izan diren aldaketei esker, egungo ikasleek (etorkizuneko langileak) lan taldean lan egiten ikasi dute. Honi esker, ohituta daude lagun-tza eskatzera erabaki garrantzitsuak hartu behar diren uneetan. Gomendioa eskatzea ez da ahultasunaren seinale, arduraren seinale baizik. Laguntza behar hori dela eta, datozen urteetan aholkularitza eta orientazio zerbitzuen hazkunde garrantzitsua ikusiko dugula aurreratzen dute adituek.

Flexisegurtasuna
Flexisegurtasun terminoa da etorkizuneko lan merkatua hoberen defini dezakeen hitza. Alde batetik, jada aipatutako malgutasuna aipatzen da: lan merkatua malgua da; akabo dimentsio bakarreko ibilbide profesional lineala. Bestetik, profesionalek soldatu edota diru sarrera finko batzuen segurtasuna aipatzen da; gakoa ez da enplegu zehatz batzuk babestea, okupazioa bera baizik.

Epe ertainera, segurtasun sistema malguak gero eta ohikoagoak izango dira.

Aurrera begira
Aldaketa ekonomiko eta sozial azkarrak orain arte ezagutu dugun mundua eraldatzen ari dira. Lan merkatua, orain arte ulertu den moduan, ez dago eraldaketa honetatik at eta mundua aldatzen ari den abiadura berean aldatzen ari da. Etorkizunera begira, lanaren nondik norakoak aztertu ahal izateko, badira kontutan hartu beharko ditugun zenbait aldagai. Lehenik eta behin, gizarte aurreratuenen zaharkitzea hartu beharko dugu kontutan. Gero eta populazio zaharragoak ditugu eta jaiotze tasa baxuek ez dute arazo hau zuzentzeko aukerarik. Krisiak eraginda, lan eskaera gero eta murritzagoa izango da eta horrek dagoen eskaerara moldatzeko beharra sortuko du. Merkatua malgua izango da eta bizitza osorako lanpostuak desagertuko dira. Horrek bizitza osoko trebakuntza etengabearen beharra indartuko du.

2020 Europar Lurralde Estrategiaren arabera, Europako ekonomia hiru ardatzetan oinarritutako hazkundea izan beharko du arrakastatsu izateko: ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia baten garapena, baliabideen esplotazio jasangarriago bat egingo duen ekonomia baten garapena eta kohesio sozial eta lurralde kohesioa duen enplegu maila altuak dituen ekonomia barneratzaile baten garapena.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE