Gero eta ikasle atzerritar gehiago EAEko geletan

Bizkaia da ikasle atzerritar gehien dituen herrialdea, baina proportzionalki Araba da ikasle atzerritar gehien dituena

Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, pasa den ikasturtean, hots, 2011-2012 ikasturtean, 415.500 izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate kanpoko ikasketaren bat gauzatu zuten ikasleak. Datu hau 2010-11 ikasturtean izandakoarekin alderatuta, ikasle kopuruan %2,2ko hazkundea izan dela ikus daiteke.

Aipatu kopuru horretatik, eta beti ere Eustatek emandako datuen arabera, 34.341 ikasle atzerritarrak izan ziren. Guztira, beraz, ikasle atzerritarrak ikasleriaren %7,3 dira. Ikasle atzerritar gehienak Bizkaian matrikulatuta zeuden, %50 inguru hain zuzen ere. Jarraian, Gipuzkoa (%27) eta Araba (%23) aurkituko lirateke. Azken herrialde honetan, nahiz eta ikasle atzerritar kopuru baxuena izan, ematen da hauen proportziorik handiena.

Joan den urtean matrikulatutako ikasle guztietatik, gehiengoak (% 92) Erregimen Orokorreko ikasketak gauzatu zituen. Dena den, Erregimen Bereziko ikasketak % 9 igo ziren; aipagarriak dira batez ere kirol-ikasketak (% 24,4 igo ziren) eta hizkuntza-ikasketak (% 10,4 igo ziren).

Datuak mailaka
Esan bezala, 415.500 izan dira aurreko ikasturtean EAEn unibertsitate kanpoko ikasketak burutu dituzten ikasleak. Azpimagarriak dira Lanbide Heziketan lortutako emaitzak, izan ere, 12.000 ikasle matrikulatu ziren Lanbide Heziketako erdi-mailako graduetan. Ziklo honek hiru urtez jarraian izan du ikasle hazkunde nabaria, iaz %4,6 eta %17 inguru aipatu azken hiru urteetan.

Goi-mailako Lanbide Heziketa, berriz, 17.689 matrikulekin, % 1,7 hazi da, aurreko urteetako %10 eta %5aren aurrean.

Bestalde, Haur Hezkuntzako (96.577) eta Lehen Hezkuntzako (120.288) ikasleek Erregimen Orokorreko edozein motatako ikasketa gauzatzen duten % 56a osatzen dute.
Aipagarria da ere DBH egin duten ikasle kopurua, 72.144 hain zuzen ere, aurreko urtean baino % 2,3 gehiago 1.628 matrikula gehiagorekin.

Batxilergoari dagokionez, 28.968 gaztek gauzatu zuten, aurreko urteko zifra berdinduta.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE