Darabilbo: Jada ez duzu Bilbon euskaraz ez hitz egiteko aitzakiarik

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Bilboko Euskaltegi Sarearekin batera, Bilboko auzo guztietan euskaldunei euskara praktikatzeko aukera gehiago ematen dien Darabilbo. Erabili euskara Bilbon egitasmoa martxan jarri berri du.

Urrian hasi eta abendua bitartean iraungo duten talde jarduerak, ikasleei, ikasle-ohiei, berbalagunei, mintzakideei eta oro har, euskaldun osoei bideratuta daude eta Udala eta euskaltegiez gain, euskalgintzan ezeziik, bestelako esparruetan ere lan egiten duten elkarteek parte hartu eta laguntzen dute egitasmoan, hala nola Bilboko Euskara elkarteak edo Athletic Fundazioa, konpartsak, AlhondigaBilbao, Arte Ederren museoa edo Guggenheim museoa.

Darabilbok 12 bat pertsonez osatutako taldeak proposatzen ditu, elkarlanean eta doan zenbait auzotan errepikatu daitezkeen edo eta behin baino gertatuko ez diren tailer eta ekitaldi desberdinetan parte har dezaten. Hiru hilabetetan, urrian, azaroan eta abenduan, hain zuzen ere, euskaldun eta euskaltzaleek euskara praktikatzeko honako jarduera hauek izango dituzte:
• Trikot tailerrak. Kakorratz-lana. Tailerrean ezer ez dakitenek kate itxurako bordatua eta puntu baxua egiten ikasiko dute, eta zerbait dakitenek karteratxo bat, edo amigurumi txiki bat egingo dute. Materiala bertan banatuko zaie.
• Hizkuntz jarrerak, portaerak eta lidergoaren inguruko tailerrak. 4 tailer egingo dira eta helburuak dira: hizkuntzekiko jarrerak landu, eraldaketa sustatu, portaera berriak sortu eta hizkuntza-lidergotza indartu.
• Dastaketa tailerrak. Pintxo tailer bat egingo da, eta 5 dastaketa tailer (4 garagardo dastaketa tailer eta bermut dastaketa tailer bat).
• Elkarteekin Mahaian egitasmoa. Azaroaren 7an Bilboko 8-10 elkartek bere ateak zabalduko dizkiete 12 pertsonari afari bat prestatzeko.
• 8 Aste, 8 Museo. Astero Bilboko museo bati bisita gidatua egingo da, euskaraz.
• Euskara Partyak. Kalderapekon eta Kafe Antzokian egingo dira party biak. Bertan triki-poteo baten ostean parte-hartzaileek tribialean jokatzen, abesten, bikotea bilatzen eta abarretan arituko dira.
• Bertan Bilbo Hiri ibilbideak. Bertan Bilbo liburuan oinarritutako hiri ibilbideak egingo dira. 90-100 minutu arteko ibilaldiak izango dira, Unamuno plazan hasi eta geldialdi batzuk egin ondoren Kafe Antzokian amaitu. 2 ibilbide.
• Bizikleta Martxa. Abando eta Abando-Ibarran zeharreko bi bizikleta-martxa egingo dira, Abando udalerria zeneko historia ezagutuko delarik.
• Dantza tailerrak. Dantzan eskarmentua duten zein ez duten pertsonei zuzenduta dago; helburua da gorputza eta mugimenduaren bidez une atsegina pasatzea.
• Grabatu tailerrak. Solokoetxe aldean dagoen La Taller grabatu tailerra ezagutu, une horretako erakusketa ikusi eta grabatuaren historia txiki bat egin ostean, norberak grabatu bat egiteari ekingo dio, punta lehorra deitzen den teknika erabiliz.
• Athleticekin berbetan. 25 pertsona Athleticeko jokalariekin berbetan arituko dira Ibaigane jauregian, kafetxo bat hartzen duten bitartean. Athleticekin ezagutu eta jolastu Lezaman.
• Bertso gosari eta askariak. Abenduan izango den Bertsolari Txapelketa nagusiari begira, aurreko astean lau bertso gosari edota askariak egingo dira, txapelketa nondik-norakoak ezagutzeko eta bertso batzuk denon artean egiteko bertsolari biren laguntzaz.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE