Euskal gazteria heriotza-zigorraren kontra

Oraindik ere gutxi izan arren, azken urteetan heriotza-zigorraren alde dagoen gazteen kopurua hazi da

Urriaren 10ean heriotza-zigorraren kontrako eguna ospatzen da mundu mailan. Pasa den urtean, 682 pertsona exekutatuak izan ziren 21 estatu desberdinetan. Hauetako exekuzio gehienak Txina, Iran, Irak, Saudi Arabia, Yemen eta Amerikako Estatu Batuetan burutu ziren. Pasa den urtearen amaieran 23.286 pertsona zeuden gartzeleratuta heriotza-zigorrarekin. Iaz bakarrik, 1.722 heriotza-zigorra ezarri ziren 58 herrialderen artean.

Eta zer dio euskal gazteriak afera honen inguruan? Gazteen Euskal Behatokiak 2012ko martxoan inkesta bat burutu zuen EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteen artean gai hoen inguruan galdetuz. Inkestaren emaitzek adierazten dutenez, EAEko gazteen %77 heriotza-zigorraren aurka dago. %16k, ordea, alde daudela dio. %7k ez du iritzirik eman gaiari buruz.

Azken urteotako joera ikusita, antzeman daiteke heriotza-zigorraren alde dauden gazteen ehunekoak gora egin duela: %9 zen 2008an eta %16 da 2012an.

Juventud en España 2012 txostenean Estatu osoan jasotako datuen arabera, heriotza-zigorraren aldekoen ehunekoak inoiz ez bezain altuak dira Espainiako gazteen artean, %43, alegia, nahiz eta galdera egiterakoan baldintza bat jarri: “delitu oso larriak egin dituzten pertsonentzat”.

Gazteen sexuak edo adinak ez du eraginik heriotza-zigorraren alde edo kontra egotean. Ikasketa-mailak, ordea, badu eraginik. Hain zuzen ere, amaitutako ikasketen maila zenbat eta altuagoa izan, behera egiten du heriotza-zigorraren aldeko jarrerak.

Nork bere burua ideologikoki nola definitzen duen ere esanguratsua da. Bere burua eskuindar edo zentrokotzat jotzen duten gazteek heriotza-zigorraren aldeko joera handiagoa dute bere burua ezkertiartzat dutenek baino. Nolanahi ere, heriotza-zigorraren aldeko jarrerak gutxiengoarenak dira, kasu guztietan.

• Pasa den urtean, gutxienez, 682 pertsona exekutatuak izan ziren 21 herrialde desberdinetan.
• Exekuzio gehienak, orden horretan, Txina, Iran, Irak, Saudi Arabia, Amerikako Estatu Batuak eta Yemenen burutu ziren.
• Txinak beste herrialdeak batera baino pertsona gehiago exekutatu zituen. Dena den, Txinan heriotza-zigorraren inguruko datuak ezagutzea ia ezinezkoa, hau estatu sekretutzat jotzen baita.
• Iraken heriotza-zigor kasuen kopuru nabarmena eman da. 2012an 129 pertsona exekutatuak izan ziren, aurreko urteko kopuruaren bikoitza.
• 2012. urtean zehar, soilik 21 estatutan gauzatu ziren heriotza-zigorrak, hots, hamar herrialdeetatik bakarrean.
• Munduko 140 herrialde inguruk bere burua abolizionistatzat jotzen du, hots, heriotza-zigorraren kontrakoa.
• Pasa den urtearen abenduaren 11an, Nazio batuetako 111 herrialdek Batzar Orokorraren laugarren ebazpenaren alde bozkatu zuten heriotza-zigorraren erabileraren luzamenduaren inguruan.
• Iaz, 27 herrialdeetan heriotza-zigorren indultu eta konmutazioak eman ziren.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE