Euskal Lanbide Heziketa Europan eredugarri

Euskal Lanbide Heziketak izan duen garapenari Europako abangoardian kokatu da. Europak euskal Lanbide Heziketa jarraitu beharreko eredutzat hartu du.

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuorde Jorge Arevalok eta Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendari Ramon Martínez de Murguiak lan-agenda trinkoa bete dute urriaren hasieran Bruselan, Europar erakundeekin. Lan-misioaren helburua Lanbide Heziketako Euskal Estrategia aurkeztea izan da, estrategia hori europar lehentasunen agendarekin alderatzea eta Europak 2014-2020 sasoirako dituen Programetan posizionatzea, batez ere Erasmus+2014-2020 Programan, beste batzuen artean.

Arévalo Sailburuordeak Bruselan bete duen lan-misioa Urkullu Lehendakariak iragan apirilean euskal erakundeetan egin zuen bisita instituzionalaren ostean egin da, eta beraren bidez erantzuna eman zaio Europar Batzordearen Presidente Jose Manuel Durao Barrosok euskal Lanbide Heziketako estrategiaren inguruan azaldutako interesari.

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzaren lankidetza estuarekin eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkari Marta Marínen parte-hartzearekin, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilerak izan dituzte bai Europar Batzordeko Hezkuntza Zuzendariarekin eta bai Batzordeko Enplegu, Enpresa eta Industria Zuzendaritza Nagusietako arduradunekin, eta baita Lanbide Heziketaren Garapenerako Europar Zentroko (CEDEFOP) adituekin eta europar plataformekin ere.

Euskadiko Lanbide Heziketa, erreferente Europan
Europako zenbait zuzendaritzarekin bilerak izan ondoren, Jorge Arevalo sailburuordea pozik azaldu da, eta Euskadiko Lanbide Heziketak Bruselan sortu duen inpresio bikaina azpimarratu du. “Euskadiko Lanbide Heziketaren garapenarekin erabat harrituta gelditu dira, Europa 2020 Estrategiarekin guztiz bat baitator. Horrek, Euskadi Europako Lanbide Heziketaren abangoardian ezartzen du”.

Arevaloren hitzetan, interesik handiena Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen artean dagoen harreman estuak sortu du, bai eta Euskadin sortzen ari den ikastetxe ereduak berak ere. “Lanbide Heziketako bestelako ikastetxe mota bat azaldu dugu, erronka berrien aurrean erantzuteko eta moldatzeko gaitasunari dagokionean berritzailea. Ikastetxe eredu malgua eta eraginkorra iruditu zaie, eta Europako beste eskualde batzuetarako erreferentziazkoa izan daitekeena. Etorkizunean ager daitezkeen arazoen zati bati erantzuna eman diezaiokeen eredua gurea dela uste dute, bai enplegu sorrerari dagokionean, bai eta lehiakortasunari dagokionean ere”.

Europak euskal Lanbide Heziketan jarraitu beharreko eredua ikusi du, Arevalok azaldu duenez. “Ez bakarrik enpresa txiki eta ertainen arazo zehatzei konponbidea ematen diolako. Horrez gain, ikastetxeetan bertan enpresak sortzeko gure proposamenak asko harritu ditu, sektore lehiakorretan eta sektore berrietan enpresak sortzea proposatzen dugulako”. Sailburuordeak aurreratu duenez, Europako beste foro batzuetan ere Euskadiko Lanbide Heziketa azaltzeko gonbidapenak jaso dituzte. “Europa guztirako probaleku izatea proposatzen digute, proposatzen dugun eredua garatzen jarraitu ahal izateko, eta jasotzen ditugun emaitzak aztertzen jarraitu ahal izateko.

Europako instituzioek nabarmendu dituzte Euskadiko 2013-2015eko Lanbide Heziketako Agenda Estrategikoaren bikaintasuna eta ikuspegi berritzailea, eta horrek berresten du euskal Lanbide Heziketa Europako abangoardian dagoela. Oraingo erronkei erantzuten dieten proposamen eta aukera berriak aurkeztuz, eta berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta enpresen sorreraren eremuan enpresekin dagoen loturari esker, euskal LHak lekua hartzen du europar agendan eta aukerak zabaltzen ditu LHko euskal irakasle eta ikasleentzat; horrekin batera, zuzeneko onura sortzen du euskal enpresa-sarearentzat, gizartearentzat eta ekonomiarentzat.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE