Gero eta gazte gutxiago droga mendekotasunen ziozko tratamenduan

Ezagutzera eman diren 2011ko datuak azken hamarkadan izan diren onenak dira

Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 2011. urtean 620 gaztek hasi zuten droga-mendetasunen ziozko tratamendua. Hau funtsezko adierazlea da drogen erabilerak biztanlerian dituen eraginak neurtzeko, substantzia psikoaktiboen gehiegizko erabilera edo mendetasuna direla-eta, urtean tratamendua hasi duten pertsonen kopuruaren berri ematen baitu. Kopuru kezkagarria izan arren, tratamendua hasi duten gazteen kopuruak behera egin duela azpimarratu behar da, %13an hain zuzen ere.

Datu hauek, azken hamarkadan izan diren daturik onenak dira eta, gainera, kasu gutxiago izateaz gain, gazteek erregistratutako kasu-kopuru osoan hartzen duten pisua ere murriztu egin da. Horrela, 2011n, alkohola edo beste droga batzuk direla-eta tratamendua hasi duten pertsona guztien %22 bakarrik izan ziren gazteak.

2011n tratamendua hasi zuten gazteen %87 gizonak izan ziren (541) eta %13 emakumeak (79). Drogen kontsumo problematikoari dagokionez, osasunerako arriskutsuak diren bestelako jokaera batzuekin gertatzen den bezala, jokaera maskulinoa ez da femeninoa bezain babeszalea.

25 eta 29 urte bitartekoek hasi dituzte gazteen adin-taldeko tratamendu gehienak (% 47), 20 eta 24 urte bitartekoek, kasuen % 33, eta, 15 eta 19 urte bitartekoek, % 20.

Tratamendua eragiten duten droga nagustienetan ohikoena kannabisa da, jarraiko bigarren urtez. Kasu-kopurua jaitsi bada ere (246tik 223ra), tratamendu-hastapenen % 36 hartzen ditu. Jarraian, kokaina dator, beherakada handia izan duena 2008az geroztik. 2011n 196 tratamendu hasi dira, kokainak eraginda.

Tratamendu-hasieren tasa, hau da, alkohola edo beste droga batzuk direla-eta, 15 eta 29 urte bitarteko zenbat lagunek hasi duten tratamendua adin-talde horretako 1000 pertsonako, ‰ 2 da. Tasa askoz ere handiagoa da gizonen artean (3,3 milako) emakumeen artean baino (0,05 milako). Gainera, gora egiten du adinean gora egin ahala.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE