Egun bat ospatzeko, 365 erabiltzeko

Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen laurden batek euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago erabiltzen du

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu euskaldunok. Euskarak gero eta osasun hobea du baina, hala ere, oraindik gure lurraldeko hainbat eremuetan larri dabil. Euskararen etorkizuna, epe motz eta ertainera, gazteek egiten eta egingo duten erabileraren baitan egongo da. Zentzu horretan, pasa den urtean Gazteen Euskal Behatokiak egindako azterlan baten baitan, datuak baikor izateko esperantza zabaltzen dute. izan ere, aipatu azterlan honen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %26ak euskara gaztelania bezain beste edo gehiago erabiltzen du. Datu garrantzitsua baina 2004an lortutakoa baino zertxobait okerragoa, orduan, gazteriaren %27k erabiltzen zuen euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago. Dena den, datu hauek agerian uzten dute euskararen erabilera hedatuagoa dagoela gazteriaren artean (%26) populazio osoaren artean baino (%21).

[pullquote]”Euskara erabiltzen dutenen kopurua euskal populazio osoaren artean %16,1ekoa zen 2011an”[/pullquote]

Datuak nahikotxo aldatzen dira herrialdeka aztertzen badira. Horrela, Gipuzkoa da, gazteen artean, euskararen erabilera maila altuena azaltzen duen herrialdea, bertan, gazteriaren %48ak euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago erabiltzen baitu. Bizkaian, berriz, gazteriaren %17a da euskara hizkuntza nagusitzat duen gazteen kopurua eta Araban, aldiz, %12. Aipatu 2004ko azterlanarekin alderatuta, berriz, Bizkaia da euskararen erabileran jaitsi den lurralde bakarra, %21etik aipatu %17ra hain zuzen ere. Araban eta Gipuzkoan, berriz, euskara erabiltzen duten gazteen kopurua hazi egin da, %4 eta %2an hurrenez hurren.

Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuetan ere adinka egiten den erabilera aztertzen da. Horrela, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira euskara gehien erabiltzen dituztenak, %28 hain zuzen ere. 20 eta 24 urte bitarteko gazteen artean erabilera, bataz beste, %26koa da eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, %25. azken multzo honetan, erabilera maila baxuagoa izan arren, erabilera hazi egin da 2004ko datuekin alderatuta. Beste bi multzoetan, berriz, erabilera altuagoa bada ere, hau jaitsi egin da 2004ko datuekin alderatuta.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE