Esklabotza: izkutuko zuzengabekeria

0
105

Walk Free Fundazioak argitara atera duen txosten baten arabera, oraindik ere, esklaboak daude munduko herrialde guzti-guztietan

Abenduaren 2an Esklabotzaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Adituen ustetan, 30 milioi pertsona bizi dira, gaur egun eta mundu osoan zehar, mota desberdineko esklabotza egoeran. Walk Free Fundazioak (WFF) argitara atera dituen datuen arabera, India da, inolako zalantzarik gabe, esklabo kopuru handiena duen herrialdea, baina arazo hau, bereziki larria da Afrikako Mauritania herrialdean, bertako populazioaren %4a aipatu baldintzetan bizi baita.

WWFek azaltzen duenez, gure egunetan esklabotza mota edo eredu desberdinak ageri dira, hala nola, zorrei lotutako esklabotza, behartutako ezkontzak edota haurren salmenta eta esplotazioa. Hauekin batera, noski, ohiko ereduak ditugu, hots, pertsonen salerosketa eta bortxazko lanak.

WWFko arduraduna den Nick Gronok adierazten duenez, “jende asko zur eta lur geratzen da, gaur egun ere, esklabotza existitzen dela adierazten diezunean”. Antza denez, jendeak esklabotza, 1800 aldera, EE.BBetan desagertu zenean betirako akabatu zela uste omen du. Gronoren ustez, esklabotza ereduak garatu egin dira, baina guztiek ezaugarri amankomun bat dute: jendea biolentziaren bidez kontrolpean jartzen dela. Batez ere oso herrialde txiroetan, hainbat pertsona engainatuta edo behartuta, bortxazko lanak egin behar izaten ditu eta ekonomikoki esplotatuak izaten dira. Horrela, ez dute inolako soldatarik jasotzen egiten duten lanarengatik edota soilik elikagai eta ostatuaren truke egiten dute, beti ere oso baldintza penagarrietan. Gainera, ez dute lan horiek uzteko inolako askatasunik.

Zoritxarrez, bidegabekeria honen inguruko datuak biltzea oso lan zaila da, Gronok dioen bezala, “esklabotza izkutuko zuzengabekeria delako”.

Herrialderik kaltetuenak
Esklabotzaren inguruko datuak biltzea zaila bada ere, WWFk esklabotzaren inguruko hainbat informazio biltzea Portu du eta honekin, sailkapen antzeko bat landu du. Sailkapen honen arabera, Mauritania, Haiti, Pakistan, India, Nepal, Moldavia, Benin, Boli Kosta, Gambia eta Gabon dira esklabotza modurik latzenean pairatzen dituzten herrialdeak. Moldavia da (duela 20 urte eskas Sobiet Batasunaren barruan zen lurraldea) sailkapen honetan azaltzen de Europako herrialde bakarra. Esan bezala, Mauritania da sailkapen honen buru eta WWFk landutako txosten baten arabera, herrialde honetan eskubide urraketa hau oso errota dago bertako gizartean, ohikoa baita pertsonen salerosketa, alokairua edota esklaboak oparitzea.

Esklabutzan bizi den herrialde bakoitzaren populazioaren portzentaia alde batera utzita, esklabo gehien dituzten herrialdeak honakoak dira: India (13,95 milioi), Txina (2,95 milioi) eta Pakistan (2,1 milioi). Asia da, beraz, esklabo gehien dituen kontinentea (munduan diren eskalbo guztien %72 inguru). Zentzu honetan India da esklabotzarekin arazorik handiena duen estatua, azken finean, Indiar hiritar asko esplotatuak baitira bere herrialdean bertan esklabo-lanak burutuz.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.