Euskadi onenen artean PISA Txostenaren arabera

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hezkuntza sistemek arrakastaz gainditu dute pasa den urtean burututako PISA Txostena. Bi lurraldeek Estatuko zein ELGAko batazbesteko notak gainditu dituzte aztertutako hiru frogetan, hots, matematika, zientziak eta irakurmena

Euskal Hezkuntza sistemak, behingoz, PISA Txostenak emandako emaitzekin harro egoteko arrazoiak ditu. Izan ere, iaz burututako azterketen arabera, euskal ikasleek oso maila altua frogatu dute ebaluatutako matematika, zientzia eta irakurmen frogetan. Guztira, 15 urteko 4.739 euskal ikaslek burutu zuten PISA Txostenerako froga, eta lortutako emai–tzek, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA/OCDE) osatzen duten herrialdeen batazbesteko maila gainditzen dute. Hau da Euskadik ELGAko batazbesteko maila gainditzen duen lehen aldia.

Pisa Txostena 2012k ematen dituen datu guztiak positiboak dira euskal hezkuntza sistemarentzat. Estatuko beste Autonomia Erkidegoekin alderatuta, EAE sailkapeneko buruan aurkitzen da Nafarroa, Gaztela Leon, Madril, Errioxa, Asturias eta Aragoirekin batera, batez ere, matematiketan lortutako emaitzetan. Trebetasun honetan, Euskadik 505 puntu lortu ditu, Espainian (484) eta ELGAn (494), batazbeste, lortutakoa baino askoz altuagoa. Puntuazio horrek, Alemania, Austria, Australia, Irlanda, Danimarka edota Zelanda Berria bezalako herrialdeen maila berean kokatzen gaitu.

Irakurmen frogan emaitza zertxobait apalagoa da (498 puntu), baina kasu honetan ere, Espainaren (488 ) eta ELGAn (496), batazbeste, lortutakoaren gainetik. Kasu honetan, Alemania, Frantzia, Norbegia, Erresuma Batua edota Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeen maila berean izango ginateke.

Azkenik, zientzia frogan lortu dira emaitzarik onenak. Izan ere, froga honetan lortu dira inoiz lortu izan den notarik altuena (506) eta, azkeneko PISA Txostenarekin alderatuta, hots, 2009an lortutako emaitzekin alderatuta, 9 puntutako igoera suposatu du. Kasu honetan ere, Espainan (496) eta ELGAn (501), bataz beste, lortutakoaren gainetik aurkitzen gara. Atal honetan, Suitza, Erresuma Batua, Austria, Txekiar Errepublika edo Belgikaren maila berean aurkitzen gara.

Albiste onak, beraz, euskal hezkuntza sistemarentzat. Datorren txostenerako, bi izango dira erronka nagusienak: lortutako datu hauei eustea eta bikaintasunera iristen diren ikasleen kopurua haztea.

p1496B

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE