Euskal Lanbide Heziketako ikastetxeak lan bila dabiltza

Enpresen eta Lanbide Heziketaren arteko harremana, oraindik ere etengabeko prestakuntzan, ikasleen praktiketan, enplegu-poltsetan eta sistematikoak ez diren unean uneko lankidetzan oinarritzen da

HETELek, Euskadiko Gizarte-ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak Lanbide Heziketako ikastetxeen bezero edo hornitzaile izaera sustatu nahi du abian jarri duen programa berri baten bidez. HETELenpresa lelopean, HETELek euskal enpresa eta erakunde guztiei bideratutako zerbitzu integrala jarri du martxan aipatu ikastetxeetako Know-How delakoa edozein tamainako enpresen esku jartzeko.
Enpresaren eta Lanbide Heziketaren arteko harremana areagotu egin da azken urteetan Euskadin, aurrerapauso handiak eman dira bide horretan, hala nola txandakako praktikak edo Lehen Aukera ekimena (enpresetako praktikak sustatzeko diseinatua). Baina oraindik ere harreman hori arlo batzuetara mugatuta dago: ikastetxeek langileei eskaintzen dieten prestakuntza, ikasleek enpresetan egiten dituzten praktikak, erakundeak hornitzeko enplegu-poltsak eta sistematikoa ez den unean uneko lankidetza. Harreman honetan aurrerapauso bat eman nahian, HETELek enpresen arazoak era malguan eta xehatuan konpontzeko Lanbide Heziketak eskaintzen dituen zerbitzu ugarien berri eman nahi die euskal enpresei, batez ere txiki, ertain eta mikroenpresei.

Enpresen beharrei aurrea hartzeko asmoarekin sortu du HETELek zerbitzua, ikastetxea/enpresa harremanean egitura berria osatuz, metodologia sortzaileagoa eta malguagoa sortuko duena bai ikastetxearentzat eta baita enpresarentzat ere, eta zerbitzu berriak diseinatuko dituena. Helburua onura bikoitza lortzea da: batetik enpresarentzat, hornitzaile/bezero malgua eta merkea eskuratuko duelako, arazoak konpon diezaiokeena; bestetik, ikastetxearentzat eta ikasleentzat, aukera ematen dielako prestakuntza-aldian benetako proiektuetan lan egiteko, ikasleak gehiago espezializatzeko, horien beharrak bertatik bertara ezagutzeko, enpresetatik hurbilago lan egiteko eta, gainera, espezializazio handiena behar duten sektore ekonomikoak zeintzuk diren aztertzeko.

Leihatila bakarra
Programaren prozedura sinplea da; nahikoa da HETELera deitzea eta bertan ekimen hau zuzentzeko den hiru kideetako lan-talde batek (koordinatzaile bana herrialde bakoitzeko) arreta eskainiko du. Pertsona horrek, ikastetxeekin batera, eskaintza aztertuko du eta enpresekin, berriz, eskaria. Leihatila bakarraren antzera, enpresa ikastetxe batekin jarriko du harremanetan azken horrek konponbidea presta dezan.

Horretarako, HETELek 21 ikastetxe ditu hiru lurraldeetan eta, gainera, 7.000 ikasleren eta irakasleren Know-How-a du. Zerbitzuen eskaintza zabala da, ikastetxe bakoitzaren lanbide-arlo guztiak hartze baititu, besteak beste, fabrikazio mekanikoa, teknologia berriak, elektrizitatea, elektronika, kimika, ingurumena, automozioa, irudi pertsonala, obra zibila, marketina, etab. Eta enpresek horietako bakoitzak proposatutako zerbitzuen onurak jaso ditzakete: arazo zehatz bat konpontzea, proiektu komunak lantzea, jardunaldi teknikoak egiteko ekipamendu berezia eta instalazioak trukatzea edo aldi baterako uztea, hausnarketa estrategikoak, azterketa teknikoak eta balorazioak, enpresa txiki eta ertainen prestakuntza-planak kudeatzea, aholkularitza-zerbitzuak hainbat sistema abian jartzeko ikasle bekadunen bidez enpresak nazioartekotzea edo kanpoan sarraldiak egitea, antolaketa edo prozesuen kudeaketa hobetzea.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE