Faktore sozioekonomikoek gero eta garrantzia handiagoa dute lortutako emaitzetan

Estatua osatzen duten Autonomia Erkidego desberdinen arteko aldeak gero eta nabariagoak dira. Matematikaren kasuan ikasturte eta erdiko aldea egon daiteke

Ezagutzera eman den azken Pisa Txostenak bestelako irakurketa egiteko bide ere ematen du. Izan ere, emaitzen irakurketa sakonago batek ondorio kezkagarri bat uzten du agerian: maila sozioekonomiko altua eta bajua duten ikasleen arteko aldea gero eta nabarmenagoa da. Estatuko Autonomia Erkidego desberdinetan lortutako emaitzek baieztapen hau berresten dute. Horrela, maila sozioekonomiko altuagoa duten ikasleek, batazbeste, 34 puntu gehiago lortu zuten matematikako frogan, hots, 2003an baino sei puntu gehiagoko aldea.

Hezkuntza Ministeriotik faktore sozioekonomikoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute (agian Wert Legearen aplikazioa dela eta lurraldeen artean diren aldeetan ez sakontzeko). Horrela, Montserrat Gomendioren esanetan, ”faktore sozioekonomikoaren eragina Europako beste herrialdeetan baino nabarmenagoa da”. Hala ere, Espainiak lortu dituen emaitzak ez dira, oro har, oso onak izan, eta urteak daramatza antzeko baloreetan.

Horrela, Gomendiok azaldu duenez, matematikako frogan emaitzak onenak lortu dituzten Autonomia Erkidegoen eta emaitza kaxkarrenak lortu dituzten Autonomia Erkidegoen artean ikasturte eta erdiko aldea omen dago. Erregela hausten duen erkidego bakarra Gaztela Leon izango litzateke, bere maila sozioekonomikorako askoz ere emaitza hobeak lortu baititu.

PISA txostena aztertzen duen Pablo Zoidok azaldu duenez, oraindik ere oso goiz da krisiak izan duen eragina ikusteko. Hala ere, ikasleen artean berdintasun handiagoa azaltzen duten estatuek, oro har, emaitza hobeak azaltzen dituztela azaldu du Zoidok. Aditu honek azaldu duenez, inbertsio handiago batek ez du emaitza hobeak ziurtatzen. Agian azaldu behar dute murrizketek zein nolako eragina izan dezaketen.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE