Euskal hezkuntza sistemarentzat atzera pausoa izango den legea

2014/15 ikasturtean indarrean jarri behar den hezkuntza eredu berria eragile gehienen kontrako iritzia sortu du.

Pasa den urtean, Espainiako kongresuan LOMCE (Ley Orgánica de Mejora de la Calidad Educativa) legea onartu zen; hezkuntza alorreko zazpigarren legea Espainian sistema demokratikoa duela 37 urte ezarri zenetik. Wert ministroak aurrera atera nahi duen legeak Estatu osoko hezkuntza sistemako eragile ia guztien haserrea piztu du. Baina, nola eragingo du LOMCE legeak Euskal Hezkuntza Sisteman? Hona hemen lege honen punturik esanguratsuenak:

• Hizkuntza-ereduak: Gaztelania eta atzerriko lehen hizkuntza hizkuntza-ardatzat hartuko dira, baina ez, ostera, Autonomia Erkidego bakoitzeko
hizkuntza ofizialak, gure kasuan, euskara. Legeak ardatz diren hizkuntza horietan (gaztelania eta, kasu ia gehienetan, ingelesa) irakatsi beharko diren gutxieneko ikasgaiak ezarriko ditu. Euskara, adibidez, Heziketa Fisikoa edota Musika ikasgaien maila bera izango luke eta legea aplika–tzen bada, espezialitate izendapena jasoko du.

Gainera, ikasleren batek gaztelaniaz ikastea eskatzen badu, Autonomia Erkidegoak eskola pribatua ordaindu beharko dio baldin eta bere ingurunean eskaintza hori ez duen eskola publikorik ez bada. Horretarako bost milioi eurotako aurrekontua gorde da, hots, gutxi gora behera 1.000 ikasleren eskaintza estaltzeko adina diru.

• Erlijioa: 2006ko erreforma ostean sortutako ‘Educación para la Ciudadanía’ ikasgaia desagertu egingo da eta horren ordez, ikasleek erlijio konfesionala eta baloreetan oinarritutako ikasgai berria ikasi ahal izango dute Lehen Hezkuntzan eta DBHn. Etaparen arabera, ikasgai berriak izen desberdina izango du. Bai erlijio ikasgaia eta bai bere alternatiba (ikasgai berri hori) ebaluagarriak izango dira eta bertan ateratako nota ikasturteko bataz besteko notan eragin zuzena izango du, hots, ohiko bestelako ikasgaien modura. Ikasleek bi ikasgai hauek ikasi ahal izango dituzte baldin eta aukerako beste ikasgairen bat alde batera uzten badute.

• Sexu araberako bereizketa: Orain arte, bereizketa hau egiten zuten ikastetxe pribatuek ezin zuten dirulaguntza publikorik jaso. Wert legeak debeku honekin amaituko du. Puntu honek eztabaida handiak sortu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak jada ikastetxe hauei dirulaguntza publikoak ematearen debekua bitan berretsi baitu. Adituen ustetan, gainera, horrelako ereduak sustatzea ez dio hezkidetzari inolako mesederik egiten.

• Ebaluaketak eta sailkapenak: Zalantzarik gabe hau izan da oihartzun gehien izan duen puntua. Gobernuak ebaluazio azterketak burutu nahi ditu Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoaren amaieran, beti ere, noski, Hezkuntza Ministerioan diseinatutako azterketen baitan. Errebalida azterketa hauek derrigorrezkoak izango dira DBH amaieran eta Batxilergo amaieran tituluak lortu ahal izateko. Batxilergoko errebalidak, gainera, egungo selektibitatea ordezkatuko luke.
DBHko 3. mailan, gainera, Lanbide Heziketarako eta Batxilergorako ibilbideak aurreratuko dira aukerazko ikasgaien bidez. Ondorioz, bi trebakuntza eredu hauek guztiz berezituak izango dira DBHko 4. mailan.

Sistema honek ikastetxeen arteko lehia sustatuko du emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen sailkapenean lehen postuetan azaltzeko. Hau horrela izanik, hainbat ikastetxek ez dute arazoak dituzten ikasleak hartu nahi izango.

• Lanbide Heziketa: Wert legeak Lanbide Heziketa eredu berria sortu nahi du, ‘oinarrizkoa’ izenarekin ezagutuko dena eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteei bideratuta dagoena (batez ere jada DBHn emaitza ez hain onak ateratzen dituzten ikasleentzat). Eredu honek bi ikasturteko iraupena izango luke eta Derrigorrezko Hazkuntzaren barruan kokatuko litzateke.

• Batxilergoa: Batxilergoan soilik errepikapen bakarra onartuko da ikasturte bakoitzeko. Kurtso batetik bestera igarotzeko gehienez bi ikasgai gainditu gabe utzi ahal izango dira. Batxilergo titulua lortzeko errebalida azterketa gainditu beharko da eta honek unibertsitaterako sarbidea eman ahal izango du. Dena den, unibertsitateek batxilergo titulu honetaz gain bestelako trebakuntza edo sarbide probak eskatu ahal izango dituzte.

• Ikasle gehiago: Klase bakoitzean izan daitekeen ikasleen ratioa %10ean haziko da.

• Zuzendariaren boterea: Legeak ikastetxeko zuzendariaren funtzioak indartu nahi ditu. Zuzendari izateko, hezkuntza profesionalek bost urtetako esperientzia izan beharko dute irakaskuntzan eta trebakuntza ikastaro berezia burutu beharko dute.

• Ministerioaren kontrola: Gobernu zentralak irakasgai ardatzetako edukiak zehaztuko ditu Lehen Hezkuntza, DBHn eta Batxilergoan. Bestelako ikasgaietarako xedeak eta ebaluazio irizpideak finkatuko ditu. Autonomia Erkidegoen esku geratuko da azken hauetan gara daitezkeen edukiak. Sistema berriarekin, gobernu zentralak irakatsi beharreko edukien %75a erabakiko du hizkuntza koofizialik ez duten Autonomia Erkidegoetan eta % 65 hizkuntza koofiziala dutenetan.

Eusko Jaurlaritza lege honen aurka azaldu da behin eta berriro, Cristina Uriarte Sailburuaren esanetan ”hainbat eskuduntza propio urratzen dituelako eta bidegabez homogeneizatzailea delako”. Honen aurrean, Urkulluk zuzentzen duen gobernuak helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean. Helegite honek ez du legearen aplikazioa geldiaraziko eta datorren ikasturtean 60.000 ikasle inguruk jada honen eragina nabarituko dute. Uriarte sailburuak legea aplikatu beharra dagoela onartu du, baina irailerako dena prest izango ez dela ere aurreratu du. Izan ere, Sailburuak azaltzen duenez, arau hau garatzeko beharrezkoak diren dekretuak oraindik ere onartu gabe daude eta aldaketa guztiak aurrera eramateko beharrezkoa den finantziazioa ere konfirmatu gabe dago.

Hezkuntza Sailburuordea den Arantza Aurrekoetxeak azaldu duenez, une honetan egoera kezkagarria da, legearen hainbat alderdi argitu gabe daudelako eta denborarik ez dagoelako aldaketa guztiak irailean prest izateko. Ondorioz, legea garatzeko oinarrizko dekretuen faltan, egokiena orain arte indarrean izan den sistemarekin jarraitzea izango dela adierazi du Aurrekoetxeak.

“Horrelakoa da bizitza”
LOMCEren ezarpenak, batez ere Oinarrizko Lanbide Heziketaren zabaltzea dela eta, 2.000 milioi euro inguru eskatzen ditu EAEn, baina Estatuak ez du gure lurraldean euro bat bera ere jartzeko asmorik. ”Horrelakoa da bizitza” ihardetsi zion Wert ministroak Uriarte Sailburuari azken honek honen inguruan galdetu zionean. Antza denez, Euskal Autonomia Erkidegoan den fiskalitate berezia dela eta, Wertek ez du LOMCEren aplikazioa bermatzeko inolako inbertsiorik egiteko asmorik.

Eusko Jaurlaritza, Cristina Uriarte Sailburuaren bidez, baina baita Urkullu Lehendakariaren bidez, behin eta berriz azaldu da lege honen ezarpenaren aurka, ”Euskadik bereganatuta dituen eskuduntzetan eragiten duelako”.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE