BBK-k eta CEBEKek aurten Bizkaiko 30 gazteri emango dizkiete bekak praktikak enpresatan egiteko

1.272 gaztek hartu dute parte beka-programa honetan, eta horietatik %48 inguruk izan dute aukera praktikak egin dituzten enpresetan kontraturen bat lortzeko

BBK-k eta Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak (CEBEK), programari euskarri juridikoa ematen dion Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, Bizkaian langabe dauden 30en bat gazteri bekak emango dizkiete prestakuntza-praktikak egin ditzaten enpresatan. Horretarako, beka-programa honen XII. edizioko deialdia egin dute: izena emateko epea gaur ?astelehena, maiatzaren 26a? hasten da eta ekainaren 8an amaituko da. BBK-k programa honetara 60.000 euro esleituko ditu. Programa hau aukera ona da gazteek enpresetan garatu ditzaten beren prestakuntza-aldian lorturiko ezagupenak. Gainera, beren titulazioa osatzeko prestakuntza-ikastaro bat egingo dute, eta horrela enpresaren funtzionamenduaren alderdirik garrantzitsuenen ikuspegi globala lortuko dute.

Bekak
Beka-programa honi esker, 18 eta 30 urte arteko hogeita hamarren bat gaztek beren prestakuntza eta beren lanbide-profila osatuko dute enpresatan. Neurri honekin goi-mailako ikastetxeetan lorturiko prestakuntzaren eta enpresek eskatzen dutenaren arteko tartea laburtu nahi da, titulatu berrien integrazioa ahalbidetuz lan-merkatuan.

Bost hilabetez, bekadun gazteek aukera izango dute praktikak egiteko CEBEKen elkarturiko enpresetan, 2014ko uztailean hasi eta abenduan amaituz. Beka bakoitzak 1.842 euro izango ditu eta astean lau lanegun izango dituzte bekadunek, guztira 25 ordu, astelehenetik ostegunera. Ostiraletan, prestakuntza-ikastaroa egingo dute, CEBEKek emana, nahitaezkoa eta 80 orduko iraupenekoa.

Eskatzailearen profila
Programa honetaz baliatzeko beharrezkoa da gazteek, helbide fiskala Bizkaian izan, 18 eta 30 urte artean izan, langabezia-egoeran egon eta Lanbide-n izena emanda egotea. Beren profil akademikoari dagokionez, goi- edo erdi-mailako unibertsitate-titulua izan behar dute, edo Goi edo Erdi mailako LH-ko prestakuntza-ziklo bat. Gainera, aurrez BBK-k finantzaturiko beste inolako praktika-programatan parte hartu gabeak izan behar dute, eta KUTXABANKen kontu baten titularrak izan gutxienez urtebetez.

Titulaziorik berrienak dituztenek izango dute lehentasuna, eta beren titulazioaren arloan aurrez lan-harremanik izan ez dutenek.

BBK eta CEBEK beka-programa
Bi erakundeok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko sailarekin lankidetzan, bultzaturiko beka-programaren hamabi edizioetan 1.272 gazteri eman diete beka eta guztira 2.490 enpresak hartu dute parte. Denboraldi horretan, praktikak egin dituzten enpresa horietan gero kontratua lortu duten gazteak %48 inguru izan dira.
Programa hau aukera paregabea da ikasketak amaitu berri dituztenek beren prestakuntza osatu ahal izateko, aurrez lorturiko ezagupenak lan-ingurunean garatzeko aukera emango dieten praktiken bidez. Horrekin, bi erakundeek lan-merkatuan sartzen lagundu nahi diete gazteenei, langabezia handiena duten taldeetako bat baita horiena: azken datuen arabera, 2013ko amaieran %30 ingurukoa zen. Programa honi esker, gazte gehiagok lortu ahal izango du lehen esperientzia praktikoa benetako lan-ingurune batean, horrela areagotuz beren enplegagarritasuna.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE