Ikasgeletara buelta

0
68

Hasi berria den ikasturtean honako ezaugarriak dira nagusi: hirueleaniztasunaren zabalkundea, Lanbide Heziketan izandako matrikulazio igoera eta Lanbide Heziketa Dualaren finkapena

Ikasturte berria hasi da 0-2, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketan aurrematrikulatuta zeuden 368.516 ikaslerentzat. Kopuru honek, aurreko ikasturtekoarekin alderatuta, % 0,99ko igoera suposatu du. Hala ere, aurreko ikasturtean ikusi ahal izan zen moduan, Haur Hezkuntzako matrikulazioan beherakada eman da. Zehazki, 0-2 urteko zikloan, beherakada % 2,89koa izan da eta 3-5 urte bitarteko zikloan, berriz, % 0,68koa. Kopuru hauek, adituen ustetan, Euskadin izan den jaio–tze tasaren beherakada islatuko lukete.

Dena den, ikasturte hau, bereziki, Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan eman den LOMCE legearen ezarpenagatik baldintzatuta hasi da.

Sare publiko eta pribatua
Hezkuntza sareei dagokionez, euskal hezkuntza sistemak sare publiko eta pribatuaren arteko oreka mantentzen jarraitzen du. Ikasturte honetan, ikasleriaren % 50,3 sare publikoan matrikulatu da eta beste % 49,7a, berriz, sare pribatuan. Kopuru hauetara Lanbide Heziketako ikasketetan matrikulatutako ikasleen datuak gehituko bagenitu, sare publikoan matrikulatutakoen kopurua % 51,1eraino haziko litzateke.

Itunpeko eskola edo eskola pribatuetan eta eskola publikoetan matrikulatutako ikasleriaren arteko oreka honek krisiak gure artean eragin txikiagoa izan duela adieraziko luke. Izan ere, Estatuko beste hainbat erkidegotan, eskola pribatutik zentro publikoetara joan diren ikasleen kopurua askoz ere nabarmenagoa da.

Euskal eredua nagusi
Beste behin, euskara hutsez irakasten den D eredua da hizkuntza eredu nagusia gure artean. Horrela, euskal eskolan nagusi izateaz gain (puntu bateko haz–kundea izan du) Lanbide Heziketan ere gorakada nabarmena izan du (+12 puntu). Dena den, trebakuntza ibilbide honetan, oraindik ere, A Ereduak (guztiz gazteleraz) nagusi izaten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hiz–kuntza Politika eta Kultura Sailak emandako informazioaren arabera, ikasleriaren % 68a D ereduan matrikulatu da, % 21,2 B ereduan (elebiduna) eta %10a A Ereduan. B ereduak 0,8 puntu galdu ditu aurreko ikasturtearekin alderatuta eta A Ereduak, berriz, 0,7.
Haur Hezkuntzako (3-5 urte) matrikulazioari dagokion datuak ikusita, A Ereduak gero eta garrantzi gutxiago duela ikus daiteke. Horrela, soilik gurasoen % 4,4k hautatu du hizkuntza aukera hau bere seme-alaben hezkuntzarako. Gurasoen % 76,3k D Eredua aukeratu du eta % 19,3k, aldiz, B Eredua.

Hirueleaniztasuna
Ikasturte hau eredu hirueleanitzaren zabalkundearentzat eta Lanbide Heziketa Dualarentzat oso ikasturte garrantzi–tsua izango da. LH Dualean ikasleek ikastetxean duten trebakuntza teorikoa enpresetan soldata baten truke jasotzen duten trebakuntza praktikoarekin konbinatzen dutela gogoratu behar da.

Eredu hirueleanitzari dagokionez, alde batetik, aurreko gobernuak sustatu zuen Hezkuntza Hirueleanitzaren Esparruan parte hartu duten ikastetxeek bere hiz–kuntza-proiektuekin jarraitzeko aukera izango dute. Bestalde, ikasturte honetatik aurrera eredu eleanitza (oinarrian hirueleanitza) ezarri nahi duten ikastetxeek, datozen bi ikasturteetan laguntza ekonomikoa eta ordutegi kreditua izango dutela aurreratu du Eusko Jaurlaritzak.

Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketan izan den matrikulazioak gora egin du. Ikasturte honetan Euskadin eskaintzen diren 23 familia profesionaletako 107 trebakuntza zikloren batean izen eman duten ikasleak 34.104 izan dira, aurreko ikasturtean baino % 8,5 gehiago. Ikasle hauetatik guztietatik, 410ek Lanbide Heziketa Dualan hartuko dute parte, hots, aurreko ikasturtean baino % 72 gehiago. Era berean, Lanbide Heziketako eredu honetan parte hartuko duten enpresen kopuruak ere goruntz egin du. Guztira, 326 enpresa izango dira, aurreko ikasturtean baino % 85 gehiago.

Hazkunde ikaragarria izan arren, oraindik ere ez da nahikoa Lanbide Heziketa Duala Euskadin orokortzeko. Hezkuntza Sailetik adierazi dutenez, datorren urteko lehen hiruhilekoan Lanbide Heziketaren Euskal Legea onartuko da eta, honi esker, merkatuak eskatzen duenarekin bat egiteko aukera emango duen eredu propioa sendotzeko aukera izango da.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzari dagokionez, matrikulatutako ikasleen kopuruak gora egin du. Honi esker, 79 talde gehiago sortu dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 190 irakasle gehiago kontratatu behar izan ditu. Gainera, ikasleek jasotzen dituzten eskola-orduak eta ikasgeletan den ikasle ratioak berean mantendu ahal izan dira.
2014-15 ikasturtean hezkuntza behar bereziak dituztenei bideratutako baliabideak ere hazi egin dira, batez ere, laguntza hau emateaz arduratzen diren profesionalen kopuruan.

Programa berriak
Ikasturte berriarekin batera, Eusko Jaurlaritzak bi programa berri jarri ditu abian.

Alde batetik, trebakuntza ikuspegi berria ezartzen duen Prest-gara programa dago. Hau, hezkuntza komunitate osoari bideratuta dagoen programa da, ez soilik irakasleriari. Horrela, programa honek ikasleriaren trebakuntza prozesuan, era batean edo bestean, parte hartzen duten eragile guztiei zuzentzen zaie eta bere xedea ikastetxeek duten beharrei eran–tzuna ematea da.

Bestalde, Hamaika esku izeneko programa ere martxan jarri da. Programa hau hezkuntza behar bereziak eta bere emaitza akademikoak hobetu behar dituzten ikasleei bideratzen da bereziki. Era berean, Hauspoa pilotu-plana ere mantentzen da. Hau bigarren hezkuntzako ikastetxeei autonomia gehiago ematera bideratutako plana da eta bere helburua, Derrigorrezko Hezkuntza amaitu ostean ikasleriak bere garapen pertsonalerako funtsezkoak izango diren oinarrizko trebetasunak berganatu dituela bermatzea da.

Lomce
Ikasturtearen hasiera ofiziala pasa den irailaren 8an izan zen. Cristina Uriarte Sailburuak hasiera eman zion ikasturteari Mungiako Legarde ikastetxean burututako ekitaldi baten bidez. Bertan, Uriarte Sailburuak aurtengoa “lasaitasunaren” ikasturtea izan behar zuela adierazi zuen. Izan ere, sailburuak ohiko lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen, azken finean, berak adierazi zuen moduan, “momentuz, Lomce-ren ezarpena ez baita ikasgeletan nabarituko”.

Uriarteren ustetan Lomce oharkabean pasako da gure Erkidegotik eta ikasturte honetan testu liburuak ez direla berrituko baieztatu zuen.

Sailburuak azpimarratu zuenez, Eusko Jaurlaritza, hezkuntza komunitatearekin bat eginez, ez dator bat hezkuntza erreforma honekin eta aurten Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bostgarren mailetan ia eraginik izango ez duela bermatu zuen.

“Familiak lasai egon daitezke ez baita aldaketa handirik izango. Orain kurrikuluak prestatzen ari gara datorren ikasturtean abian jarri ahal izateko eta, beraz, ez dira testu liburuak aldatu. Egoera kaxkarrean daudenak ordezkatu ahal izango dira, baina ez dira guztiak aldatuko” adierazi zuen Uriartek.

Era berean, berak zuzentzen duen sailak etorkizunean Hezkuntzaren Euskal Legea garatzeko asmoa duela aurreratu zuen. Momentuz, Lomcek Natur eta Gizarte Zientzietako ikasgaia banatzera behartuko du; aurten modu berean irakatsiko da baina bananduta ebaluatu beharko da.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.