35 milioi esklabu baino gehiago mundu osoan

India da esklabo gehien dituen herrialdea (14,3 milioi)

Fondation Walk Free Gobernuz Kanpoko Erakundeak salatu duenez, gaur egun, mundu osoan 36 milioi pertsona inguru esklabotzaren biktima dira. Hauetatik, gainera, erdia baino gehiago bost herrialdeetan aurkitzen dira: India, Txina, Pakistan, Uzbekistan eta Errusia.

Giza eskubideen alde lan egiten duen GKE honen esanetan, esklabo gehienak soilik bost herrialdeetan aurkitzen badira ere, esklabotza eredu berrien kasuak beste 162 herrialdetan aurki daitezke. Izan ere, Fondation Walk Free esklabotzaren inguruko ikerlana burutu du munduko 167 herrialdetan eta, guztietan, esklabotza kasuren bat aurkitu ahal izan du. Esklabotza eredu berrien artean, Fondation Walk Free-k honakoak aipatzen ditu: gizakien salerosketa, sexu-esplotazioa, derrigorrezko lana, zorrak direla eta ematen den morrontza edota derrigortutako ezkontzak.

Fondation Walk Free-ko kideek salatu dutenez, India da esklabo gehien dituen herrialdea (14,3 milioi) eta bertan esklabotza eredu moderno guztiak aurki daitezke. Jarraian Txina (3,2 milioi), Pakistan (1,2 milioi), Uzbekistan (1,2 milioi) eta Errusia (1,1 milioi) aurkituko lirateke. Hauen atzetik, Nigeria, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Indonesia, Bangladesh eta Tailandia aurkituko lirateke. Esklabotza pairatzen duen populazioaren ehunekoak aintzat hartzen badira, aldiz, Mauritania izango litzateke esklabo gehien izango lituzkeena (bere populazioaren % 4) eta jarraian Uzbekistan (% 3,9), Haití, Qatar, India eta Pakistan aurkituko lirateke.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE