Cyberprogram 2.0: Eskola jazarpena saihestu eta murrizteko programa

0
189

UPV/EHUko Maite Garaigordobil irakasleak zuzendutako taldeak Internet eta sare sozialetan ematen den eskola jazarpena ekiditeko programa garatu du

Indarkeria, eskoletako jolastokietan ez ezik, sare sozialetan ere ematen da. Sarean, perbertsioa are gehiago nabarmentzen da, mundu birtualean, anonimatua gaizkilearen lagun delako. Irainak, jazarpena edo beldurra dira, beste hainbaten artean, eskola-jazarpena eta Interneten bidezko eskola-jazarpena zehazten duten ezaugarrietako batzuk. Eskolan zein sarean pairatzen diren jazarpenek ondorio larriak izan ditzakete biktimarentzat muturreko muturreko kasuetan; suizidioa ere eraginda. Baina kalteak ez dira soilik biktimengan agertzen; erasotzaileentzat eta behatzaileentzat ere ondorio oso kaltegarriak ditu.

Maite Garaigordobil UPV/EHUko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak zuzendutako taldeak hainbat urte eman ditu ikasgeletan lan egiten, handitzen doan arazo hori ebaluatu eta aztertzeko. Ikerketa horren ondorioz, esku hartzeko programa bat sortu da, Interneten bidezko eskola-jazarpena saihestu eta murrizteko: ‘Cyberprogram 2.0’. Programa hori aurreko ikasturtean ezarri zen Gipuzkoako hiru ikastetxetan. Guztira, DBHko 13 eta 15 urte arteko 176 nerabek parte hartu zuten horretan.

Emaitza onak
Lagin osotik 93 parte-hartzaile bost talde esperimentaletan banatu, eta beste 83kin lau kontrol talde osatu ziren. Ebaluazio esperimentalean lortutako emaitzek egiaztatu dutenez, ‘Cyberprogram 2.0’ tresna eraginkorra izan daiteke berdinkideen arteko edozein motatako indarkeria saihestu eta murrizteko. Horrela, esperientzia gauzatu ez duten nerabeen aldean, egiaztatu da hori egin dutenen artean bai ‘aurrez aurreko’ bai Interneten bidezko eskola-jazarpeneko erasotzaileen portzentajea murriztu dela eta jokabide sozial positiboak, enpatia edo autoestimua, aldiz, handitu egin direla.

Programa horren bidez, neurri handian landu ditugu horiekin biktimenganako enpatiaren gaia eta behatzaileek egoera horiek salatzeko daukaten gaitasuna. Berdinkideen arteko edozein motatako indarkeria ikusten duen pertsona mugiarazten saiatzen gara, isilik gera ez dadin eta egoera sala dezan, helduok jardun ahal izateko. Horiekin lan egiten dugu, salatzen duena, txibatoa baino, ikaskide solidarioa dela konturatu daitezen. Baina asko beldur dira, eta isildu egiten dira” azaldu du Maite Garaigordobilek.

Programa bi ikasturtetan (2011-2013) egindako azterlanean oinarritzen da. EAEko ikastetxe publikoetan zein pribatuetan DBH eta Batxilergoa egiten zituzten 12 eta 18 urte arteko 3.026 ikaslek parte hartu zuten. Ikerketak ‘aurrez aurreko’ lau jazarpen mota (fisikoa, ahozkoa, soziala eta psikologikoa) eta Interneten bidezko eskola-jazarpeneko 15 jokabide (pasahitza lapurtzea, norbaiten lekua hartzea, dei eta mezu iraingarriak…) ebaluatzen zituen. Lortutako datuek adierazten dute azken urtean gazteen % 83,7k eskola-jazarpeneko egoeretan esku hartu dutela: horietatik % 39,2 biktimak ziren, % 38,4 erasotzaileak eta % 79,5 behatzaileak. Halaber, ikerketak jakinarazi du hiru biktimako bi erasotzaileak zirela. Interneten bidezko eskola-jazarpenari dagokionez, azterlanak adierazi zuen gazteen % 69,8k Interneten bidezko eskola-jazarpeneko egoeretan nolabait esku hartzen zutela: % 30,3 biktimak ziren, % 15,5 erasotzaileak eta % 65,1 behatzaileak. Halaber, egiaztatu da hiru biktimako bat erasotzailea zela.

Gizarteak ez die erantzun egokia ematen egoera horiei. Kasu bat antzematen denean, askotan biktimak dira ikastetxetik alde egin behar dutenak, ez baita lortzen arazoa konpontzea. Eskola-jazarpeneko eta eskola-jazarpenaren aurkako protokolo eta prozedura asko daude, baina, egia esan, ez da lortzen indarkeriazko jarrerak gutxitzea, ezta behatzaileek salatzea ere. Mezu bat daukat erasotzaileen eta behatzaileen gurasoentzat: beren seme-alabek ere ondorio negatiboak jasotzen dituzte; izan ere, egoera horietan parte hartzea oso kaltegarria da nortasuna garatzeko. Denak dira galtzaile” nabarmendu du UPV/EHUko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.