EAEk garai aurreko eskola uzte tasa onenetakoa du Europa mailan

Estatuko batez bestekoa 23,5ekoa den bitartean EAEn % 8koa da

2014-15 ikasturtearen hasiera zela eta emandako prentsaurrekoan, Espainiako Hezkuntza Ministerioko Montserrat Gomendiok Espainian den garai aurreko eskola uzte tasa ezagutzera eman zuen. Tasa honek, DBH amaitu eta bere ikasketekin jarraitzen ez duten ikasleen ehunekoa islatzen du. Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitate Estatu-idazkariak azaldu zuenez, aipatu tasa % 22,7koa da, duela bi ikasturte baino ia lau puntu baxuagoa baina Europar Batasunan den batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan bertan den tasa baino 14 puntu altuagoa.

Kontutan izan behar dugu LOMCE legearen helburu nagusienetako bat garai aurreko eskola uzte tasa ahalik eta gehien gutxitzea dela. Datu hauek esku artean izanda, zaila da ulertzea zer dela eta aplikatu behar den lege hori EAEn gure artean tasa hau jada estatuko batez bestekoa baino hiru aldiz txikiagoa bada. Honen aurrean, euskal hezkuntza arduradunek kezkaz ikusten dute LOMCEren ezarpena eta honek euskal hezkuntza sisteman izan dezakeen eragin kaltegarria. Azpimarratu beharra dago Euskadi, jada, Europar Batasunak 2020. urterako arlo honetan ezarrita duen helburuaren azpitik dela.

Gomendiok azaldu duenez, Espainian izan den beherakada hori Lanbide Heziketan izan den matrikulazioaren igoeraren ondorioa da eta ez krisiaren ondorioa. Izan ere, eraikuntza sektorea bere onenean zegoenean (krisi aurreko azken urteetan) gazte askok ikasketak utzi eta sektore honetan sartu ziren soldata erakargarri baten bila. Sektore honek porrot egin zuenean, gazte hauek guztiak langabezian geratu ziren oso prestakuntza eskasarekin.

Euskadi Europako onenetakoa
Euskadin, berriz, ekonomia eraikuntzan ezezik bestelako sektore industrialetan oinarritu izan da gehienbat eta, horri esker, gazte askok bere burua Lanbide Heziketan trebatzen jarraitzea erabaki izan ohi dute. Horrek azalduko luke, hein handi batean, EAEn den garai aurreko eskola uzte tasa baxu hauek. Eustat-ek emandako datuen arabera, 2012. urtean tasa honek bere daturik onena ezagutu zuen EAEn (% 7,7) sasoi berean estatuko batez bestekoa %24,9koa zenean. Irakaskuntza adituek diotenez, oraindik ere Euskadin posible litzateke datu hau zenbait puntutan jaistea eta, beraz, oso datu ona izan arren, ezin da, oraindik ere, garai aurreko eskola uzte tasa estrukturaltzat jo. Zorionez, eskola uzte tasa nabarmen jaitsi da azken 20 urteetan. Horrela, 1994an garai aurreko eskola uzte tasa % 17,8koa zen EAEn eta 2004an, berriz, % 14,2koa. Gaur egun, aldiz, Austria (% 7,6) edo Danimarka (% 8,0) bezalako herrialdeen parean aurkitzen gara eta Finlandia (% 9,3) edo Holanda (% 9,2) baino hobeto.

Herrialdeka, azken datuen arabera, Bizkaia izango litzateke garai aurreko eskola uzte tasarik baxuena duen herrialdea, % 7ko tasarekin. Jarraian, Gipuzkoa (% 7,8) eta Araba (% 10,1) izango lirateke.

Krisiaren eragina
Adituek azaltzen duten moduan, krisi garaian garai aurreko eskola uzte tasa apalagoak izaten dira, lan merkatuan sartzeko zailtasunak ikusita gazteek bere burua trebatzen jarraitzea erabakitzen dutelako. Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, hurrengo 5-6 urteetan kualifikazio baxuko 13 milioi lanpostu desegingo dira Europar Batasunaren barruan baina erdi eta goi kualifikazioa eskatzen duten beste 15 milioi lanpostu sortuko direla uste da.

Eskola uztea ekiditzeko programak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak programa desberdinak garatzen ditu eskola uztea ekiditzeko. Adibidez, derrigorrezko hezkuntzan, gobernuak beste erakundeetako gizarte zerbitzuetan elkarlanean aritzen da eskola huts egitea eragozteko eta hamar bat ikastetxetan esku-hartze proiektuak ditu erdeinatuen diren ingurunetan baliabide gehiago emateko. Era berean, Bidelaguna programaren bidez (lehen PROA izenarekin ezaguna), eskolan atzerapena duten ikasleei eskolaz kanpo laguntzen zaie eskola bereko ikasle helduago edo ikasle ohien bidez.

DBHko lehen ziklorako, gainera, Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programaren bidez (HBSP), ikasleek dituzten zailtasunei ikasgelan bertan erantzuten saiatzen da. Bigarren zikloan, berriz, dibertsifikazio kurrikularrak hizkuntzen edota ikasketa zientifiko-teknikoetan zailtasunak diren arazoetan zentratzen da. Kasurik larrienetan, eskolatze osagarria erabiltzen ohi da, hots, 12-16 urteko ikasleak ikastetxez aldatzea.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE