Formakuntzak lan merkatuko ateak zabaltzen jarraitzen du

0
53

Gaindegiak, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak, euskal formakuntzaren argazkia islatzen duen txostena kaleratu berri du

Gaindegiak ezagutzera eman duen txosten baten arabera, Euskal Herriko biztanleria aktiboaren % 49k goi mailako ikasketak ditu. Beraz, populazioaren erdiak unibertsitate mailako edo goi mailako Lanbide Heziketako formakuntza maila du. Datu horiek oso esanguratsuak dira, batez ere, Europar Batasunean den bataz bestearekin alderatzen baditugu. Izan ere, goi mailako formakuntza duen Europar Batasuneko biztanleriaren ehunekoa Euskal Herrikoa baino 17 puntu bajuagoa da.

Gazteriaren datuei erreparatuta, Euskal Herriak dituen datuak are positiboagoak dira. Horrela, 30 eta 34 urte artean egonda goi mailako prestakuntza duten gazteen ehunekoa 57,3raino igotzen da. Gaindegiatik azpimarratzen duten moduan, eraldaketarik nabariena Hego Euskal Herrian bizi izan da. Horrela, 1977an lan egiteko adinean ziren 33.209 lagunek baino ez zuten goi mailako formakuntza; 36 urte beranduago, berriz, kopuru hori nabarmen biderkatu da, 283.673 lagunetara iritsi arte.

Gazteriak duen formakuntza maila honek Europar Batasuneko erreferentziazkolurralde guztien aurretik kokatzen du Euskal Herria, Finlandia (% 46,2) edota Danimarka (% 43,4) bezalako herrialdeen aurretik. Herrialdeak ezezik, Euskal herria esanguratsu izan daitezkeen bestelako eskualdeen aurretik ere kokatzen da, hala nola, Eskozia (% 52,8), Frantziako Rhône-Alpes (% 47,6) edota Katalunia (% 46,2).

Desdoiketa kezkagarria
Formakuntzaren inguruko datuak oso positiboak diren arren, lan merkatuari erreparatuta, ordea, Euskal Herriko egoera ez da hain positiboa. Gaindegiak bildu ahal izan dituen datuen arabera, goi mailako ikasketak izateak erraztu egiten du lan munduratzea, baina krisiaren testuinguruan, Euskal Herrian, profesional kualifikatu horiek ez dituzte ateak nahi bezain zabalik aurkitu. Gainera, 2007tik 2013ra, bi puntu pasatxo baino ez da hazi goi mailako ikasketak dituzten landunen kopurua, eta joera beheranzkoa da 2011tik. Gurean ez bezala, EB-28ko estatu eta herrialde gehienek bat egiten dute alderantzizko bilakaeran: krisiak krisi, goi mailako ikasketak dituzten landunen kopuruak hazten jarraitu du 2007tik aurrera ere, eta nabarmen, gainera: ia 21 puntu batez beste. Oro har Euskal Herriak baino langabezia tasa nabarmen handiagoa duen Katalunian ere, gurean baino bilakaera hobea izan dute goi mailako tituludunek lan merkatuan (ia 8 puntuko igoera 2007tik).

Gaur egun, 43.000 lagun inguru ari dira Lanbide Heziketa ikasten Euskal Herrian, erdi eta goi mailako zikloak batuta. Hego Euskal Herrian, ia 39.500 lagun zeuden matrikulatuta 2012-2013 ikasturtean, eta administrazioaren adarreko zikloek zuten ikasle gehien. Hala ere, desberdintasun handiak daude lurralde batetik bestera: herrialde guztietan administrazioak ikasle asko baditu ere, Nafarroa Garaian baino ez da nagusitzen. Araban eta Gipuzkoan fabrikazio mekanikoak ditu ikasle gehien, eta Bizkaian elektrizitatea eta elektronikak; gurean industriak duen garrantziaren erakusle. Ipar Euskal Herrian, hiru mila ikasle inguru ari dira Lanbide Heziketan, eta ia horien erdiak jo du zerbitzuen sektorera; administrazio, osasun eta merkataritzara. Atzetik datoz mekanika, elektronika-elektrizitatea eta nekazaritzaren alorrak.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.