”Iraganak min egiten gaitu, orainak artegatu egiten gaitu eta etorkizunak elkartu behar gaitu”

Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako zuzendaria

Zeintzuk dira zuk zuzentzen duzun Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak jorratzen dituen lan ildo nagusienak?
Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren zereginak azaltzeko, lehenik eta behin, hau nola sortu zen ulertu behar da. Egun den gobernua sartu zenean, eta ETAk iragarri zuen su-eten mugagabea eman ostean, ordurarte existitzen ez zen Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia sortzeko erabakia hartu zen. Hau oso erabaki garrantzitsua da eta, nolabait, Idazkaritza honen garrantzia azpimarratzeko edo, Lehendakaritzaren pean jartzea erabaki zen. Idazkaritza honen barruan, ordura arte martxan ziren bi Zuzendaritzak bat egiten dute; alde batetik, Justizia Sailaren barruan zen Giza Eskubideen Zuzendaritza eta, bestetik, Barne Sailaren barruan zen Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza. Bi Zuzendaritza hauen bat egitea oso garrantzitsua da, logikoa badirudi ere, duela zenbait urte pentsaezina baitzen.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusitik zein Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzatik burutu zen lehen zereginetako bat Bake eta Bizikidetza Plan baten prestaketa izan zen. Honek gure jarduera zehazten du legealdi honetarako zein datozen urteetarako.

Eta zertan datza Plan hau?
Indarrean dagoen Plana 2013ko azaroan onartu zen baina aurretik lan handia egin zen. Plana modu parte-hartzaile batean osatzen saiatu ginen eta, horretarako, gizarte zibileko eragile desberdinekin izan ginen. Hasierako zirriborro hori talde politiko, gizarte zibileko eragile desberdinekin eta hiritarrekin partekatu zen hauek ekarpenak egin zitzaten. Guztira 28 ekarpen jaso genituen eta hauekin ondoren onartuko zen Plana osatu zen. Hau, hiru zutabeetan banatzen da: iraganera begiratzen duen bat, orainera begiratzen duen beste bat eta etorkizunera begiratzen duen hirugarren bat. Hirurak erlazionatuta daude eta batera jorratzen dira.

Gure zuzendaritzaren lana Bake eta Bizikidetza Plan honetan aurreikusten diren ekimenak martxan jartzea eta garatzea da baina, gainera, Giza Eskubideekin nolabaiteko harremana duten bestelako ekimenetan ere lan egiten dugu. Adibidez, beste herrialdeetan Giza Eskubideen alde lan egiteagatik mehatxatuta dauden pertsonentzako harrera programa bat dugu, erlijioen arteko bizikidetza alorrean lan egiten dugu edota Memoria Historikoaren alorrean ere lan egiten dugu.

Bizi dugun testuingurua dela eta, ez al du Biktimen aferak protagonismo gehiago hartu?
Baliteke. Baina Zuzendaritza honetan egiten den lan guztia Giza Eskubideen aldeko ikuspegi garbia du eta maila lokaleko, nazionaleko eta internazionaleko erakundeekin egiten dugu lan hala izan dadin. Egia da, legealdi honetan, Bake eta Bizikidetza Planan jasotzen diren ekintzetan oinarritu garela baina bestelako jarduerak ere garatzen ditugu, agian, hedabideetan hainbesteko oihartzuna ez dutenak. Batzuk aipatzearren, adibidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin batera egiten dugun lana, Giza Eskubideen alde lan egiten duten gizarte zibileko erakundeei ematen diegun babesa edota Giza Eskubideen hezkuntza sustatzen duten ekimenak laguntzeko Bonos Elkarrekin ekimena aipatuko nituzke.

Behin ETAren jarduera amaituta, zein–tzuk lirateke alor hauetan euskal gizarteak dituen erronka nagusienak?
Bake eta Bizikidetza Planak dituen hiru ardatz horiei jarraiki, nik hiru erronka mota bereiztuko nituzke.

Etorkizunera begira, gure erronka bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntza eta kulturaren alde lan egitea da, herri honetan bizi izan ditugun giza eskubideen urraketa larri horiek guztiak errepikatuko ez direla bermatzea ahalbidetzen duten mota guztietako ekimenak babestuz.

Orainari dagokionez, konfidantza guneak sortu beharra dago. Iraganean hainbeste atsekabe izan da ezen, gaur egun ere, mesfindantza gune handiak mantentzen jarraitzen dutela. Horregatik, guztion parte-hartzea izaten saiatu behar dugu ahalik eta adostasun maila handienarekin, giza duintasuna bestelako afera guztien gainetik dagoenaren oinarrizko printzipioan soilik bada ere.
Azkenik, iragana modu faltsuan ez dela itxi behar ulertu behar dugu. Herri honetan izan diren giza eskubideen urraketa guztiak behar bezala argitu behar dira. Horretarako, ezin bestekoa da biktimekin, biktimetarako eta biktimengandik lan egitea. Biktimek duten egia, justizia eta ordainerako eskubideak bermatu behar ditugu.

Baikor izateko arrazoirik al da?
Bai, nik baietz uste dut. Ez dut uste atzera bueltarik izango denik. Egia da, afera honen konponketa prozesuan martxa edo abiadura desberdinak izan daitezkeela eta, batzutan, prozesua berak aurrera egiten ez duenaren pertzepzioa izan daitekeela. Dena den, kasu honetan, garrantzitsuena atzera bueltarik ez dela izango bermatzea da.

Bake eta Bizikidetzaren inguruan argitaratu den 54. Soziometroaren arabera, euskal gazteriak protagonismo edo parte-hartze handiagoa eskatzen du bake prozesuan. Zer egin daiteke gazteria bake prozesu honetan inplikatzeko?
Nire ustez hezkuntzan lan handia egin behar da, bai hezkuntza formalean zein ez-formalean. Horretarako, funtsezkoa da hezkuntza munduan lan egiten duten eragile guztiekin aritzea. Guk jada unibertsitateekin, eskolekin (Adi-adian programa), elkarteekin eta/edo gazteentzat erakargarriago diren trebakuntza eta dinamikekin zer ikusia duten ekimenekin elkarlanean aritzen gara.
Gainera, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) ere elkarlanean aritzen gara. EGK lan ildo honetan inplikatu da eta ekimen desberdinak garatu dituzte euskal gazteria prozesu honetan sartzeko.

Bake eta Bizikidetza Planeko gaiak alde batera utzita, gure zuzendaritzaren asmoa euskal gazteriak Memoria Historikoan ere bere hitza ematea da. Pasa den azaroan Memoria Historikoaren Plana 2015-16 aurkeztu genuen eta honen ildora, gazteek bere aiton-amonen lekukoa hartzea nahiko genuke.

Eusko Jaurlaritzatik, Adi-Adian programaren bitartez, biktimen testigantzak eraman nahi izan dituzue ikasgeletara. Zein nolako balorazioa egiten duzu orain arte egindako lanaz?
Balorazioa oso positiboa da, baina ez guk esaten dugulako. Programa honek, bere momentuan, eztabaida handia sortu zuen baina behin hedabideen agendatik kanpo geratu denean oso lan polita egin da.

Ondorio nagusienetako bat, lehen erronken artean, aipatu dudan konfidantza gune horien sorrera izan da. Gure gizartean atsekabe eta mesfidantza handiak daude eta horri buelta eman ahal izateko, sarritan, eztabaida hedabideetatik atera behar da. Ildo horretan hainbat urrats eman dira, eta konfidantza guneak sortu dira gurekin elkarlanean ari den biktimen taldearekin, klaustroetan, gurasoen elkarteetan… eta honen adierazlerik garbiena programa hazten ari dela eta bertan parte hartzeko gero eta eskaera gehiago ditugula da.

Kuantitatiboki ezezik, kualitatiboki ere oso balorazio positiboa egin behar dugu. Programan parte hartu duten ikasleekin ebaluazio kontrol bat egin da eta jaso dugun balorazioa oso positiboa izan da. Ez dugu kritikarik jaso eta horrek ere jarraitzera animatzen gaitu.

Nola jorratzen duzue hezkuntza esparruan berdinen artean izaten diren eta bullying izenarekin ezagutzen diren tratu txarreko kasuak ?
Gure zuzendaritzan ez da gai hau zuzenean jorratzen duen programa zehatzik baina Eusko Jaurlaritzak badu, beste Sail batzuetatik, arazo honi aurre egiteko ekimen desberdinak. Guk, gazteen arteko bizikidetza eta errespetua lantzen dituzten ekimenak babesten ditugu, bai ‘bonos elkarrekin’ ekimenaren bidez gai honekin harremana duten ekimenak lagunduz eta baita alor horretan lan egiten duten erakundeei eskaintzen zaizkien dirulaguntzen bidez ere.

Zuzenean ez bada ere, gure zuzendaritzatik garatzen diren ekimen hauek guztiek zeharka jorratzen dute bullyingaren gaia, izan ere, baloreetan oinarritutako hezkuntza, beste pertsonekiko errespetua etab… giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza ere dira. EGKrekin lankidetzan burutzen ari garen gazteen prestakuntza giza eskubideen gaietan ere baliogarri izan daitekeelakoan gaude.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE