HETELeko Lanbide Heziketako 90 ikasle Europako 7 herrialdetan izan dira enpresetan praktikak egiten, Erasmus+ programari esker

Ikasleek Europako zenbait herrialdetako enpresetan egiten dituzte praktikak, hala nola Italia, Holanda, Irlanda, Malta, Alemania, Txekiar Errepublika eta Poloniako enpresetan

Gero eta ohikoagoa da ikasleak atzerrira joatea eta, hainbat arrazoirengatik egiten dute: xede-herrialdeko hizkuntza hobetzeko, curriculuma zabaltzeko eta, azken aldi honetan, praktikak egiten diren enpresan enplegu-aukera bat bilatzeko. Gainera, gero eta Euskadiko enpresa gehiago ari dira nazioartekotzen eta, beraz, gure enpresetako teknikariek eta profesionalek bidaiatzeko prest egon behar dute. Horren jakinaren gainean, HETELek urtero bultzatzen ditu bere ikasleak Europako enpresetan hiru hilabeteko praktikaldia egitera, Erasmus+ programari esker.

Hain zuzen ere, goi-mailako heziketa-zikloetako bigarren mailako 90 ikasle, Europako puntako enpresetan daude honezkero, eta han jarraituko dute ekainera arte.

Europako zenbait herrialdetako enpresetan egiten dira praktikak, hala nola Italia, Holanda, Irlanda, Malta, Alemania, Txekiar Errepublika eta Poloniako enpresetan. Egun ikasleek honako enpresa eta erakunde hauetan egiten dituzte praktikak, besteak beste: Poloniako Electrolux-en, Herbeheretako Smits-Machinefabrieken, Irlandako Paragon Products, Italiako Ingurugiroaren Babeserako eskualde – agentzia edo Milanen dagoen Espainiako Merkataritza Ganberan.

Praktikak amaitzean, enpresa eta erakunde horien % 20k lan-kontratua eskaintzen die ikasleei, eta haietako batzuek onartu egiten dute.

Ekimen honetan HETEL duela 10 urte baino gehiago hasi zen aktiboki parte hartzen. Ekimena Erasmus+ mugikortasun-programen baitan dago. Praktikak egitera atzerrira joan diren Lanbide Heziketako 90 gazteak goi-mailako heziketa-zikloetako bigarren mailako ikasleak dira, 21 urte inguru dituzte, eta martxoa eta ekaina bitartean egingo dituzte Lan praktikak.

Ildo horretan, HETELek, berrikuntzarako joera duen aldetik eta nazioartekotzea aintzat hartzen duenez, programa horietan parte hartzeko aukera ematen die bere zentroetako ikasleei, prestakuntza Europara ireki dadin sustatze aldera. Halaber, ikasleek beren hizkuntza-gaitasunak garatu eta beren prestakuntza enpresen beharretara egokitu dezakete, gero eta globalizatuago dagoen merkatu honetan.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE