Berrehun ikertzaile gazte elkartu dira Zientzia Azokan

Gazteek egindako proiektu zientifikoen erakusketa da Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azoka

Pasa den apirilaren 25ean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 200 gazte inguru elkartu ziren Bilboko Plaza Berrian Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azokan parte hartzeko. Aurtengo edizioan hirurogeita bost taldek esku hartu dute ekitaldian, eta bakoitzak bere standa izan du, bisitariei beren proiektuen berri emateko.

Gazteek egindako proiektu zientifikoen erakusketa da Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azoka. Ikasturtean zehar, aukeratutako gaiaren inguruan aritu da lanean ikasle-talde bakoitza: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen eta esperientzia berriak izaten. Lanaren emaitza: ikerketa-proiektu bat edo proiektu teknologiko bat.

Eguerdiko 12etan hasi eta arratsaldeko 8ak arte, egun osoz zientziaz gozatzeko aukera izan zuten gazteek: beren lanak jendaurrean aurkeztuz, diplomak jasoz, Elhuyarrek antolatutako gunean esperimentuak egiten ikasiz, eta, egunari amaiera emateko, lan onenen egileek sariak jaso zituzten.

DBH eta Batxilergoko ikastetxe hauetako gazteak izan dira Zientzia Azokan: Alaitz BHI (Iruñea), Arizmendi ikastola (Eskoriatza), Arrigorriaga BHI Institutua (Arrigorriaga), Askatasuna BHI (Burlata), Begoñazpi Ikastola (Bilbo), C.E. San Mames Peñascal Koop. Elk. (Bilbo), Eunate BHI (Iruñea), Hirukide Eskolapioak (Tolosa), IES Cruces BHI (Barakaldo), IES Plaza de la Cruz (Iruñea), La Anunciata Ikastetxea (Donostia), Lauaxeta Ikastola (Zornotza), Lauro ikastola (Loiu), R.M. Azkue Ikastola (Lekeitio). Horiez gain, Kataluniako Exporecerca azokan irabazle izan den Institut Thalassak ere hartu du parte Azokan.

Gai askori buruzkoak ziren aurkeztutako lanak, batez ere ingurumenaren eta osasunaren ingurukoak. Herritarren eguneroko bizimoduko zalantza eta arazoei konponbideak aurkitzen saiatu dira gazteak beren ikerketen bidez. Esate baterako, xaboiek zikinkeria kentzen duten aztertu du talde batek; soinuek landareen hazkuntzan duten eragina beste batek; ebolaren aurkako farmako bat aurkitzen saiatu da beste bat; baldintza ezberdinetan usteltzen ari diren zenbait gorputan agerturiko intsektuak ikertu ditu beste batek…
Hainbat ikertzaile profesional izan dituzte bidelagun gazteek, lana bideratzen laguntzeko eta abenturak eta bizipenak partekatzeko.

Gazteen artean zientzia-zaletasuna bultzatzeko, kultura zientifikoa sustatzeko eta hemengo eta gaurko zientzia hedatzeko tresna da Zientzia Azoka. Hainbat ikerketa-zentrok eta hezkun–tza-alorreko erakundek lagundu dute Elhuyarrek antolatzen duen ekimen horretan: UPV/EHUk, Mondragon Uni–bertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, Deustotechek, UPNA/NUPek, Tecnaliak, IK4k, BTEKek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta FECYTek; kolaboratzaileen artean Bilboko Alde Zaharreko Komertzianteen Elkartea ere izan dugu.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE