Lanbide heziketaren inguruko hausnarketa HETEL eta enpresen eskutik

HETELeko 21 ikastetxeek HHTEK izeneko metodologia berritzailea jarriko dute martxan

Pasa den apirilaren 21ean, HETELeko (Euskadiko Gizarte Ekimeneko lanbide heziketako Ikastetxeen Elkarteko) Lanbide Heziketako 21 ikastetxeetako irakasle eta ikasleek, inguruneko enpresetako pertsonekin batera, HHTEK –HETEL Hiruki Teknologikoak– izeneko ekimen berritzaile batean hartu zuten parte. Ekimen hori abian jarrita, lanbide heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko harremana estutu nahi izan da, lankidetzan sakonduz eta ikastetxeetako eta enpresetako pertsonen ahalmena eta horien arteko ideia trukea aprobetxatuz. Herrialdeko eremu giltzarrietan etorkizunerako garapen ideiak sortzea zuen helburu ekimen horrek. Horretarako, enpresa eta erakunde erreferenteen, hala nola, Euskaltel, Automotive Intelligence Center (AIC), Tecnalia edota Tknikaren, parte-hartzea ere izan zuen. HETELeko ikastetxeetako parte-hartzaileek, enpresen ordezkariekin batera, bideokonferentzia bidez eztabaidatzeko aukera izan zuten, hiru eremu teknologikotako hiru galderari erantzuteko.

Hiru ardatz
Parte-hartzaileei honako hiru galdera hauek egin zitzaizkien: Informatika eremuan, wifi sareen segurtasuna; automobilgintzan, nola prestatu gure gazteak gaitasunak etengabe egunera ditzaten; eta fabrikazio mekanikoan, galdera bikoitza: enpresen nazioartekotzearen inguruan, berdina da hori ETE-etan edo enpresa handietan? LHko tituludunak horretarako prestatuta daude?

Horrela, eztabaidetan ikastetxeetako eta enpresetako pertsonek –ikastetxe bakoitzeko 2 irakaslek eta 3 ikaslek eta enpresako profesional batek– hartu zuten parte, eta hirukiak eratu zituzten –bideokonferentzia bidez 3 ikastetxek eta 3 enpresak hartu zuten parte eztabaidan–. Guztira zazpi hiruki eratu ziren.
Konklusioak

Apirilaren 23an Boroako Automotive Intelligence Center-en (AICn) burututako jardunaldian konklusioak aurkeztu ziren. Bertan, HETELeko lehendakari Julen Elgeta, Tknikako Dani Irazola, Tecnaliako Ruben Otero, AICko Ana de la Hoz eta Tknikako Jon Labaka izan ziren.Bertan azaldu ziren konklusioen artean honako hauek azpimarra daitezke:

• Wifi sareen segurtasuna: Oro har, wifi sareak ez direla seguruak azpimarratu zen. Kaleko wifi irekien segurtasuna ez dago bermatuta; konpainia hornitzaileen sareetan, aldiz, lasaiago sar gaitezke. Erabiltzaileen aldetik, berriz, segurtasun falta hori ez dela behar bezala somatzen azaldu zen. Sakelako telefonoetan, adibidez, gutxi dira antibirusa erabiltzen dutenak eta deskargak egiterakoan, zuzenean ‘onartu’ botoia sakatzen ohi da benetan jakin gabe horrek zer suposa dezakeen.

• Gazteek bere gaitasunak egunera–tzeko duten beharra: Automobilgintza sektorea oso modu azkarrean aldatzen den sektorea da. Horrek, langileriaren gaitasunak etengabe egokitzea eskatzen du. Egokitzapen horietara moldatzeko, komenigarria litzateke, langile gazteen kasuan, ikastetxeetatik jada, ideia hori barneratuta izatea.

• ETEen nazioartekotzea eta LH tituludunen prestutasuna: Mundu global batean bizi garenez, funtsezkoa da enpresak mundu mailan lehiatzeko gaitasuna izatea. Dena den, enpresaren tamaina funtsezkoa da nazioartekotze prozesu hori arrakastatsua izan dadin, enpresa handiek aukera gehiago dituztelarik. Langileek mundu mailako langileak direla ulertu behar dute eta, hizkuntza ezezik (ingelesa bereziki), bestelako zeharkako konpetentzia, gaitasun eta balore batzuk ere garatu beharko lituzkete.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE