Proiektu europarretan kide diren ikastetxeen topaketa Bilbon

Hezkuntza berrikuntzarako lankidetza eta jardunbide egokien elkartrukea izan dira topaketa honen ardatzak. Euskadiko zortzi ikastetxe ari dira parte hartzen proiektu europarretan

Pasa den maiatzaren 11 eta 12an, Bilboko Migel Unamuno Institutuan Estatuko hainbat autonomia erkidegotako 120 irakasle inguru bildu zituen jardunaldia burutu zen berrikuntzarako lankidetza eta jardunbide egokien elkartrukearen inguruan dituzten esperientziak azaltzeko.

LH eta DBH eta Lanbide Heziketako ikastetxeak dira, ikasturte honetan zehar eta euren proiektua garatzeko Europatik finantziazioa lortu ondoren, Europako elkarte estrategikoen sareetan parte hartzen ari direnak. Hau da, Europako beste ikastetxe batzuekin hezkuntza berriztatzearen inguruko euren jardunbide egokiak partekatzen dituzte, elkarlanerako elkarte estrategikoak deiturikoak osatuz. Ekintza hau Europako Erasmus + programaren baitan kokatzen da, euskal ikasleen artean dimentsio eta ikuspuntu europarra lantzeko helburua duen Erasmus + programan.

Jardunaldien inaugurazio ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Begoña Garamendik Erasmus+ programak ikasle nahiz irakasleei eskaintzen dizkien aukeraz hitz egin zuen, bai mugikortasun eta formazio aldetik, bai eta elkarlanetako elkarte estrategikoak osatzearen ikuspegitik.

Era berean, ikastetxeen artean jardunbide egokiak partekatzearen garrantziaz aritu zen Garamendi, ikasle, irakasle, kudeaketa, antolaketa nahiz lidergoari lotutako praktika egokiak partekatzeaz hain zuzen ere. “Ikasleen bikaintasunerako bidean lagungarri izan daitezke, eta azken finean, hezkuntza sistemaren hobekuntzarako”, baieztatu zuen zuzendariak.

Azkenik, Garamendik gogora ekarri du, ikasle bakoitzaren garapen pertsonala zehaztua dagoela Eusko Jaurlaritzaren Heziberri 2020 Planean. “Plan hau egiterakoan aintzat hartu dira 2020rako Europako hezkuntza-helburuak, legealdi honetarako Eusko Jaurlaritzak duen hezkuntza-politika eta euskal hezkuntza sistemaren emaitzak. Euskal hezkuntza sistemak dagoeneko lortu ditu 2020rako Europak ezarritako helburuak, eta hobekuntza kualitatiboen bidez, hobekuntzara begira ari da orain lanean, ahalik eta ikasle kopuru handiena bikaintasunera iristea helburu hartuta”, gogorarazi du.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE