Enplegu eta etxebizitza arazoek emantzipazioa atzeratzen dute

Euskadiko emakume gazteak gizon gazteak baino lehenago emantzipatzen dira baina zailtasun gehiagori egin behar izaten diote aurre

Emantzipazioa gazteen kezka nagusienetako bat da, modu independientean bizitzeko gurasoen etxetik alde egiteak norberaren bizi-proiektua autonomiaz eraikitzeko aukera ematen baitu.

Azken urteetan bizi izan dugun egoera ekonomiko larriak modu nabarmenean eragin du Euskal Herriko gazteek emantzipaziorako dituzten aukeretan. Izan ere, lan merkatuan barneratzeko zailtasunak biderkatu diren aldi honetan, nekez has daiteke ibilbide independiente berri bat gurasoen etxetik at.

Gazteen Euskal Behatokiak berriki, beste zenbait gaien artean, problematika hau aztertzen duten bi azterlan landu ditu: “Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2007-2013” lehena eta “Gazteen enplegua eta emantzipazioa 2011-2013” bigarrena.

Emantzipazioa
Euskal Autonomia Erkidegoko 18 eta 34 urte bitarteko gazteen erdiak baino gutxixeago bizi dira emantzipatuta (% 48,1). Gizonezkoak baino gehiago emantzipatzen dira emakumezkoak (% 42 eta % 54,5, hurrenez hurren.

Adituen ustetan, gazteek emantzipatzeko adin ideala 24 urterekin da. Europar Batasuneko gazteak emantzipatzen diren batez besteko adina, gaur egun, 26 urtetan kokatzen da, baina gure kasuan, 30 urtetaraino igotzen da. Horrela, 30 eta 34 urte bitarte dituzten gazteen % 20 gurasoekin bizi da oraindik.

Emantzipatutako gazteen % 44,5 bere bikotekidearekin bizi da, eta beste % 25,9, aldiz, bikotekidearekin eta seme-alabekin. Bakarrik emantzipatzen diren gazteak gutxi dira, eta kopuruak, gainera, behera egin du, gazte emantzipatuen % 15,7 izanik. Etxebizitza librea eskuratzeko kostuak asko zailtzen du gazte bakar batek emantzipazioak dakartzan gastu guztiak bere gain hartu ahal izatea.

Oraindik gurasoen etxean bizi diren gazteen % 57,4k hiru urteko epean emantzipatzea aurreikusten du. Emantzipatu gabeko gazteen %22,9 familiaren etxetik kanpo bizi izan da inoiz, gehienak lagunekin edo ikasketetako edo laneko kideekin. Horietako heren bat ikasketak amaitu dituelako itzuli da bere jatorrizko etxera, baina % 28,2 arrazoi ekonomikoengatik itzuli da; bai lana galdu dutelako, bai etxebizitzako gastuei ezin dietelako aurre egin.

p1789B

Emakumeak gehiago
Ikerketa hauek azaltzen dituzten ondorioen artean, azpimarra–tzekoa da emakumezkoen artean den emantzipazio tasa gizonezkoen artean ematen dena baino altuagoa dela. Horrela, emantzipatuta bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko emakumezkoen ehunekoa 54,5ekoa den bitartean, gizonezkoen artean 12,5 puntu baxuagoa da, hots, %42koa, hain zuzen ere.

Eta emantzipatu eta gero, nola bizi dira 18 eta 34 urte bitarteko emakumeak? Emantzipatutako lau emakumetik hiru (% 76,1) bikotekidearekin bizi dira (seme-alabak izan zein ez). Emakumeen artean ez da gizonen artean bezain ohikoa bakarrik edo lagunekin bizitzea. Beren kontura bizi diren emakumeen % 49k alokatuta dute etxebizitza eta beste % 44,9k erosi egin dute, beraz, horietako gehienek hipoteka dute beren gain. Emantzipatutako gainontzeko emakumeak familiak edo beste batzuek lagatako etxebizitzan bizi dira.
Etxebizitzaren edukitze-erregimenari dagokionez ez da alde nabarmenik hautematen sexuaren arabera, baina etxebizitza eskuratzeko egin beharreko esfortzuari erreparatzen badiogu, orduan bai daudela alde nabarmenak emakume eta gizonen artean.

18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko emakume batek, berak bakarrik etxebizitza arrunt bat erosi nahi badu Euskadin, batez beste bere soldata garbiaren % 69,5 bideratu behar du hipoteka ordaintzera; adin bereko gizon baten kasuan soldataren ehuneko txikiagoa, % 57,4, bideratu behar du etxebizitza horren hipoteka ordaintzera, interes, amortizazio-epea eta abarreko baldintzak berdinak izanik.

Alokairuaren aldeko apostua eginez gero, emakume batek, berak bakarrik alokatzen badu, soldataren % 65,2 bideratu behar du errenta ordaintzera; gizonen kasuan etxebizitza berdina alokatzeko soldataren % 53,9 bideratu beharko lukete, batez beste.

Horren azalpena emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldean aurki daiteke, emakumeek, batez beste, gizonek baino 200 euro gutxiago irabazten baitute hilean.

Etxebizitza, oztopo nagusienetako bat
“Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2007-2013” ikerlanak gazteen batez besteko soldata garbiak eta salerositako etxebizitza libreen eskriturazio-prezioak edo alokairuak jartzen dituzten 10 adierazle sintetikoetan oinarritzen da. Ikerketa honen arabera, etxebizitza libre bat eskuratzeko, jabetzan zein alokairuan, hileko soldata garbiaren %40a baino gehiago bideratu beharko litzateke. Horrelako kostuek eta gazteek bere lanpostuetan izaten ohi duten egonkortasun faltak modu nabarian oztopatuko lukete emantzipazioa.

Azterlan honetan, Euskadi eta Estatuko beste zenbait lurraldeen artean diren prezioen arteko aldeak ere aztertu dira. Oro har, Euskadin eskuratze-kostuak handiagoak dira, jabetzari zein alokairuari begira. EAE barruan ere, alde nabariak daude lurralde historikoen artean, Gipuzkoak kostu altuenak dituelarik eta, Arabak, ostera, baxuenak.

Etxebizitza kostuak altuagoak badira ere, Estatuan zein Euskadin diren emantzipazio-tasak oso antzekoak dira. Ikerketan bertan azaltzen denez, gurean etxebizitza babestua hedatuago izatea azal lezake datu hori.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE