Heziberri 2020 plana, hasi berria den ikasturtearen ezaugarri nagusiena

Cristina Uriarte sailburuak hasiera ofiziala eman dio 2015-16 ikasturteari Donostiako Amara Berri ikastetxean

Abian da jada 2015-16 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak hasiera ofiziala eman zion ikasturteari pasa den irailaren 9an Donostiako Amara Berri ikastetxean.

Ikasturte hasierarekin batera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hasi berria den ikasturtearen inguruko hainbat datu eman ditu ezagutzera. Horrela, emandako datu horien baitan, 369.399 ikasle izango dira ikasturte honetan unibertsitatez kanpoko ikasketak burutzen arituko direnak. Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasle kopuruarekin alderatuta, aurten % 0,24ko igoera eman da. Dena den, matrikula hazkunde hau ez da homogeneoa izan maila edo ziklo guztietan. Horrela, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) % 3,11ko jaitsiera, azken urteetako jaiotzen beherakadaren ondorio. Lanbide Heziketako aurrematrikuletan ere beherakada arin bat ageri da, baina behin betiko datuak irailaren amaierara arte ez dira ezagutu, hots, izena emateko epea ixten denean.

Euskal Autonomia Erkidegoko familiek hautatzen duten hezkuntza sareari dagokionez, aldiz, publikoa eta itunpekoaren arteko orekak jarraitzen du ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen %51k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako %49k itunpekoan.

Hizkuntza ereduei begiratuta, D ereduak jarraitzen du ikasleek gehien eskatzen dutena izaten. Haur Hezkuntzan, ikasleen %77,1ek D eredua aukeratzen dute, iaz baino 8 hamarren gehiagok. Beste aldean dago A eredua: hezkuntzara sartu berrien %4,2k bakarrik aukeratzen dute eredu hau. Gainera, gero eta gehiago dira eredu eleaniztuna ezartzen ari diren ikastetxeak; 300 inguru izango dira aurte, iaz baino 50 gehiago.

Uriarte sailburuak, berak zuzentzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bekak emateko egiten duen ahalegin ekonomikoa ere izan du hizpide: 54 milioi euro 2015-2016 ikasturte honetarako. “Beka eskubidea duten familia guztiek, laguntza ekonomiko hori izango dutela azpimarratu nahi dut”, azaldu du. “Hezkuntzan ekitatea dugu zutabe, eta horri eutsiko diogu” baieztatu du. Iazko ikasturtean 126.000 ikasle baino gehiagok izan zuten bekaren bat unibertsitatez besteko ikasketetan, orain arteko kopururik handiena.

Heziberri 2020
Hasi berria den ikasturte honen ezaugarririk azpimagarriena Heziberri 2020 Planaren baitan garatutako curriculum berrien ezarpena izango da. Lomce legea dela eta, Eusko Jaurlaritzak Euskal Hezkuntza Sistema hobetzen jarraitzeko xedea duen plan berria adostu du hezkuntza arloko eragile desberdinekin. Heziberri 2020 planak Lomcek ezarri nahi zituen hainbat puntu baztertuko ditu, hala nola:
• Ikasleak garaiz aurretik bereiztea. EAEn ikasleak 16 urterekin erabaki ahal izango du Batxilergoan edo Lanbide Heziketako Erdi mailako ziklo batean jarraitu nahi duen, eta ez 12-13 urterekin.
• DBHko errefortzu programa guztiei eutsiko zaie: errefortzu irakasleak DBHko lehen eta bigarren mailetarako, eta curriculum-aniztasuneko programak 3. eta 4. Mailan.
• Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak bere eskumen propioei eutsiko die: zentroen funtzionamenduan erabakigarri izaten jarraituko dute.

Euskal Hezkuntza Sistemak konpetentzia bidezko hezkuntzaren bideari jarraitzen dio Horretarako, irakasleen lana eta hauen prestakuntza funtsezko elementuak dira. 2015-2016 ikasturte honetan gelako ikasle ratioa bere horretan geldituko da, kalitatezko irakaskuntza eskaintzeko ezinbestekotzat jotzen baita. Gauza bera gertatzen da irakasleen eskola-orduen kopuruarekin ere. Gainera, azken Lan Eskaintza Publikoa gainditu ondoren plaza eskuratu duten 250 irakaslek praktika-aldia hasi dute ikasturte berriarekin batera. Honek ere, egonkortasun handiagoa emango dio bai sistemari, eta baita maisu-maistren kidegoari ere.

Lanbide Heziketa Duala
Uriarte sailburuak, Lanbide Heziketak pertsonen enplegagarritasunean duen garrantzia ere nabarmendu du. Aurreko ikasturtean, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek, Lanbide Heziketako ikastetxeen laguntzaz, 85 enpresa sortu zituzten. Azken 11 urte hauetan, guztira,535 enpresa sortu dira era honetan, eta horietatik % 80 inguru jardunean ari dira oraindik.

Baina ikasturte berriarekin, Lanbide Heziketa Dualak ere indar berria hartuko du. Iaz Lanbide Heziketa mota honek %72ko hazkundea izan bazuen, aurten berriro %75 hazi da. 410 ikasletik 718ra pasa da, eta formazio mota honetan parte hartzen ari diren 326 enpresatik, 473ra.

Amaitzeko, Uriarte sailburuak hizpide izan du Heziberri 2020 Planaren hirugarren fasea ere, Euskal Hezkuntza Lege baterako pausoak emateari buruzkoa. Ondorengo hilabeteetan hezkuntzako eragileekin, sindikatuekin nahiz eragile politikoekin bilerak hasteko asmoa duela iragarri du sailburuak. “Urgentzia eta inprobisazioen aurrean, hausnarketa eta elkarrizketa prozesu bati hasiera emango diogu”, azaldu du. “Gure helburua kontsentsu zabal bat sustatzea da, Euskal Hezkuntza Sistemari koherentzia eta egonkortasuna emango dizkion akordio bat bultzatzea, Euskal hezkuntza Lege bateranzko pausoak emanez”, gehitu du.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE