Euskadiko Lanbide Heziketa eredugarri Kanarietako gobernuarentzat

Kanarietako ordezkaritzak Euskadiko Lanbide Heziketako zentro batzuen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du

Kanariar Uharteetako presidentea Euskadin izan da bista ofizialean eta burutu dituen harreman desberdinen artean, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin bildu da. Aipatu bilera horretan, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo, Kanarietako Hezkuntzako sailburuorde Soledad Monzón eta Lanbide Heziketa eta Helduen Hezkuntzako zuzendari nagusi Manuel Jorge ere izan dira.

Topaketan, Kanarietako Gobernuko kideek Euskadiko Lanbide Heziketaren ezaugarri nagusiak ezagutzeko aukera izan dute, baita Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana dagoeneko garatzen ari den eredua ere. Plan hau, ekoizpen-sektoreetan gertatzen ari diren aldaketa handiei erantzuteko helburuz sortu da. Solasaldiaren ardatzetako bat, hain zuzen ere, heziketa, berrikuntza eta ekintzailetza uztartzen dituen eredu bateratu horixe izan da. Kanarietako ordezkaritzak hainbat alderdi interesgarritzat jo ditu: Lanbide Heziketa Dualaren garapena, Lanbide Heziketako zentroetan bertan bultzatzen diren ekintzailetza eta enpresen sorkuntza esperientziak, institutuen barne-antolaketa eta berrikuntzaren aldeko apustua eta zentro horiek euskal ekoizpen-sarearekin duten harreman estua.

Halaber, egun hauetan, Kanarietako ordezkaritzak Euskadiko Lanbide Heziketako zentro batzuen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du, Donostiako Easo Institutu Politeknikora, Usurbilgo Lanbide Heziketako Institutura eta Tknikara (Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa) egindako bisiten bitartez.

Hala Eusko Jaurlaritzak nola Kanarietako Gobernuak Lanbide Heziketarekin lotutako gaietan eta hezkuntzaren esparruko beste edozein alderditan elkarlanean jarraitzeko prestasuna adierazi dute.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE