Behera egin du droga-mendetasunen ziozko tratamenduren bat hasi duten gazteen kopuruak

0
3285

Tratamendu-hastapenen kopurua funtsezko adierazlea da drogen erabilerak biztanleengan duen eragina neurtzeko

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzaren Toxikomaniei buruzko Sistemak prestatzen duen txosten baten arabera, gero eta gazte gutxiago dira substantzia psikoaktiboen abusua edo mendekotasuna dela eta tratamenduren bat hasten dutenak. 2013. urteko datuei dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko 623 gaztek hasi zuten horrelako tratamenduren bat, hots, gazteriaren % 0,2.

Droga-mendetasunen ziozko tratamendu-hastapenen kopurua funtsezko adierazlea da drogen erabilerak biztanleengan duen eragina neurtzeko. Ezagutzera eman diren datuen arabera, 2013. urtean 2 700 pertsona inguruk hasi zuen horrelako tratamenduren bat, hauetatik % 23 gazteak zirelarik (623).

Tratamendu-hastapenen tasak mila laguneko zenbatek hasi duen alkohola edo bestelako drogen ziozko tratamenduren bat azaltzen du. Gazteriari dagokionez, tasa hau 2,03koa zen 2013an. Azpimarratzekoa da, tasa hau guztiz desberdina dela gizonezko eta emakumezko gazteen artean. Izan ere, gizon gazteen artean aipatu tasa 3,4koa den bitartean, emakume gazteen kasuan 0,7ra soilik iristen da.

Euskal gazteriaren kasuan, tratamendu gehien eragiten dituen droga kannabisa da, ia kasu guztien erdia (295). Kannabisaren atzetik, kokaina azalduko litzateke sailkapen horretan, 137 kasurekin (% 34). Bi substantzia hauen tratamendu-hastapenen bilakaera ezberdina izan da urteotan. 2000 eta 2013 artean kannabisak etengabeko igoera izan du; 2010an, estrainekoz, kannabisa tratamendu-hastapenen droga nagusia bihurtu zen kokainaren ordez. Izan ere, kokainak urteotan behera egin du tratamendu-hastapenen droga nagusia bezala.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.