Gazteek drogen inguruko ‘ikuspegi positiboa’ azaltzen dute Interneten

Gizarte sareetan eta mezularitza zerbitzu desberdinetan izaten diren gazteen arteko solasaldietan garagardoa eta kannabisa maila berean azalduko lirateke

Asociación de Usuarios de la Comunicación (AUC) elkarteak gazteriak drogen inguruan duen ikuspegia aztertu du gizarte sareetan hauek izaten dituzten solasaldietan oinarrituz. Aipatu erakundeko presidente den Alejandro Peralesek azterlan horrek utzitako zenbait ondorio aurkeztu ditu Drogei buruzko Estatuko Planaren 30. urteurrena dela eta Complutense unibertsitatean burutu berri den Gazteak, Drogak eta Komunikazioa Foroaren II. edizioan. Peralesek azpimarratu duenez, gazteek gizarte sareetan izaten dituzten solasaldietan, drogen inguruko ikuspegi oso positiboa azaltzen dute eta, adibidez, antzeko interes maila azaltzen dute garagardoarekiko zein porruekiko.

AUCek egindako ikerketa horretan, gazteen arteko gizarte sare zein mezularitza sistema desberdinetako 5000 solasaldi baino gehiago aztertu dira. Solasaldietan gazteek drogen inguruan azaltzen zuten ikuspegia aztertu nahi izan da. Peralesek aipatu duenez, mutilek zertxobait gehiago hitz egiten dute drogen inguruan neskek baino, baina, oro har, parekotasun handia omen dago. Sexuen arabera, neskek drogen inguruan hitz egiten dutenean, kasu gehienetan, horiek bere pertsonan duten eraginetan eta horiek hartzeko arrazoietan zentratzen dira. Mutilen kasuan, berriz, gai nagusia drogak erosteko edo horiek kontsumitzeko tokien ingurukoa izaten da.

Gehien kontsumitzen ez dutena izan ez arren, alkohol destilatua da gazteen mezuetan gehien aipatzen den droga. Gehien aipatzen diren drogen sailkapen horretan garagardoa eta porruak azaltzen dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Azterlan honen arabera, gazteek bidalitako mezuetan bai garagardoa eta baita porruak ere antzeko arrisku mailan jartzen dituzte gazteek. Peralesek azpimarratu duenez, azterlan horretan ikusi ahal izan den ondorioetako bat gazteek gizarte sareetan drogen inguruan egiten duten gutxiespena da.

Onurak eta hutsuneak betetzeko aukerak
Garagardoaren inguruan, adibidez, gazteek bere izaera soziala azpimarratzen dute (garagardo bat hartzeko geratu…). Porruen kasuan, esperientzia pertsonalagoa izaten da, derrigorrez lagunen artean egin behar ez dena eta, aztertutako mezuen arabera, baita kutsu erreibindikatiboagoa duena ere. Kasu bietan, adituen kezka sortzen duen polikontsumoa azaltzen da, hots, gazteek droga bat baino gehiagora jotzeko joera dutela, hain zuzen ere. Kokaina eta pilulak lirateke sarritan aipatzen diren bestelako substantziak.
Peralesek azaltzen duenez, gazteek Interneten konplizitatea, praktika kooperatiboak eta itxaropen positiboak bezalako onurak (benefits) aurkitzen dituzte. Era berean, arazoak konpontzeko edo hauetatik ihes egiteko gappers delakoak ere aurkitzen dituzte, hots, hutsuneak betetzeko baliabideak.

Zorionez, gazteek gizarte sareen bidez hedatzen dituzten mezuetan drogen inguruan esaten den guztia ez da positiboa. Zentzu horretan, AUC-ko kideek ikusi ahal izan dutenez, barregarri geratzeko beldurra, gurasoekiko jarrera, ikasketetarako kontzentratzeko arazoak edo osasuntsu izateko arazoak ere aipatzen dira drogak ez kontsumitzeko arrazoien artean. Peralesek azpimarratzen duenez, hauek izan daitezke etorkizunean gazteekin landu daitezkeen ildoak, izan ere, erakundeetatik iristen zaizkien mezuak ez dituztela aintzat hartzen baitirudi.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE