Nola prestatu gazteak oraindik existitzen ez diren lan moduetarako?

Pasa den abenduaren 10ean Ikaslanen II. Biltzarra burutu zen Bilbon ‘Etorkizunarekin bat’ lelopean. Biltzar horren ardatza, teknologia berriek industriara ekarritako aintzinamenduak eta horiek Lanbide Heziketan izan duten eragina izan dira. Euskadiko LHko ikastegi publikoak batzen dituen irabazi asmo gabeko elkarteak, ikaskuntzaren lantegi adimendunerako (edo robotizatutako) egokitzearen gaia jorratuko zuen, hala nola, beharginen prestakuntzarena jada gainean den etorkizun honetara. Ildo horretan, honelako galderak plazaratu ziren: Nola prestatu egungo gazteak, biharko egunean jardun ahal izan dezaten oraindik existitzen ez diren lan moduetan? Zein profiletako beharginak eskatuko dituzte nagusiki enpresek etorkizunean?

Adituak
Bilbon burututako biltzarrean, besteak beste, UNESCOko Gazteria, Alfabetatzea eta Gaitasunen Garapenen Arloko buru Borhene Chakroun-ek hartu zuen parte. Chakrounek munduan zehar hezkuntza arloan agertzen ari diren joera desberdinak errepasatu zituen. Berak azaldutakoaren arabera, Estatu Batuetako gobernuaren aurreikuspenen arabera, gaur egun eskolan diharduten haurren % 65ak, oraindik gaur egun existitzen ez diren lan moduetan jardun beharko du lan merkatuan murgiltzen den garaian, eta, halako egoera baten aurrean, gero eta beharrezkoagoa izango da diziplina ugaritan jardun ahal izango duten langileak edukitzea. Horrek noski, bere prestakuntza etengabe hobetzea eskatuko du.

Bilbon Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa Sailburuorde Jorge Arevalo ere izan zen. Arevalok ekoizpen eredu berriak puntako herrialde industrializatua den eta, etorkizuneko berme gisa, berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin duen Euskadi bezalako lurralde bati zein nolako erronkak ezartzen dizkion azaldu zuen.

Enrique de la Rica, ESEUNE Business School-eko Zuzendari eta irakaslea, enpresen eta ekonomiaren ehuneko aldaketa global gero eta arinagoek norbanakoan zein norberaren ibilbide profesionalaren eraikuntzan duten eragina azaldu zuen. Azkenik, Gorka Palazio, EHUko katedradun Ikus-entzunezkoen Teknologian, eta teknologia berrien erabileran hezkuntzan eta ‘online’ hezkuntzarako plataformen sorkuntzan aditua, sarean aurkitu litezkeen lanabesak eta Big Dataren ahalmena izan zituen aipagai.

Enpresaren hurbileko LHa
Biltzar honen programak, enpresari guztiz hurbilekoa zaion LH bat aurkeztu nahi izan du. Euskal enpresek ekoizpen adimendunaren aldeko apustua egin ahal izateko trebakuntza oso altuko , eta aldi berean, oso malguak diren langileak behar ditu. Eta hori lortzeko, ezinbestekoa da Lanbide Heziketa ere horretara moldatzea. Horregatik, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren espirituak jasotzen duen moduan, berritzaileak izateko beharra dago ikasketa eredu berriak bereganatzeko orduan.

Ikaslan Bizkaiko presidente Jesús Losadak azaldu zuenez, ”behartuta gaude ezinbesteko ikasketa prozesu hori samurtzera; inoiz ahaztu barik, hala ere, gure benetako betebeharra pertsonak formatzea dela; eta gure ikasleei, lanpostu batean jarduteko behar bezala trebatzeaz gain, baloreak ere irakatsi behar dizkiegu, hala, gizonen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, kultura ekintzaile bati dagozkion gaitasunak eta jarrerak, esfortzuaren beharra, edota behar ondo eginaren onarpena. Guztion artean, ikastegi, enpresa eta ikasleek sortu dugu ingurunearekin konprometituriko LH bat guztiz harro eduki gaitzakeena. Ostera, lasterketa honetan ez dago helmugarik. Egunean-egunean dago ekin beharra” .

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE