Ikertzaile gazteen proiektuek bete dute Bilbo Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan

Bilboko Plaza Berrian burututako azokan laurehun ikertzaile inguru izan ziren. Guztira ehun proiektu zientifiko eta teknologiko inguru aurkeztu ziren

Elhuyarrek antolatzen ohi duen Zientzia Azokak 400 ikertzaile inguru bildu zituen pasa den apirilaren 23an Bilboko Plaza Berrian burututako ekitaldian. 12 eta 18 urte bitarteko gaztez osatutako ehun taldek ikasturtean zehar landu dituzten proiektu zientifiko zein teknologikoak aurkezteko aukera izan zuten.

Gazteek egindako proiektu zientifikoen erakusketa da Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azoka. Ikasturtean zehar, aukeratutako gaiaren inguruan aritu da lanean ikasle-talde bakoitza: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen eta esperientzia berriak izaten. Lanaren emaitza: ikerketa-proiektu bat edo proiektu teknologiko bat. Azokaren helburuak dira gizartean kultura zientifikoa sustatzea, eta gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak gazteengana hurbiltzea.
Aurtengo edizioan aurkeztu diren 55 proiektu zientifikoak eta 40 proiektu teknologikoak lantzeko, ikertzaile profesionalen laguntza jaso dute gazteek. Hain zuzen, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin elkarlanean egiten da Zientzia Azoka, eta UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek laguntzen diete gazteei proiektuak garatzen.

Aurkeztu dituzten lanetatik, 21 osasunaren ingurukoak izan dira, 25 ingurumenari eta ekologiari lotutakoak, 22 ingeniaritzakoak edo teknologikoak, 9 energiarekin zerikusia dutenak, eta 7 gizarte-zientzietakoak dira. Guztietatik, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kideez osatutako ebaluatzaile-talde batek lan batzuk aukeratuko ditu, eta haien egileek egindako lana aitortuko dute.

Lurraldeka, parte-hartzaileen erdia baino gehiago (%53) bizkaitarrak izan dira. Gipuzkoatik etorritakoak %37 izan dira, Arabatik % 5 eta Nafarroatik ere %5. Aurtengo edizioan, gainera, Galiziako Galiciencia eta Kataluniako ExpoRecerca azoketan saritutako taldeek ere parte hartzeko aukera izan dute.

Bilboko Plaza Berrian egindako ekitaldian, besteak beste, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzi Koldo Narbaiza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Cancio izan ziren. Horiekin batera, Zientzia Azoka laguntzen eta babesten duten beste hainbat erakundeetako ordezkariak izan ziren, hala nola, Amaia Maseda (UPV/EHUko Hedakuntzaren eta Transferentziaren Arloko errektoreordea), Eva Armesto (Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapeneko Zerbitzu Burua), Pablo Sanchís (UPNA/NUP-eko Ikerketarako Baliabide eta Egituren alorreko zuzendaria), Miren Nekane Errasti (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Koordinatzaile Akademikoa), Joseba Jauregizar (Tecnalia), Koldo Gondra (IK4), Monche Chirapozu (Iberdrolako Harreman Instituzionalen Sailekoa), Olatz Basagoiti (Euskalteleko Babesletza Sailaren arduraduna), eta Leire Latorre (Visiontech4Life erakundeko kidea).

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE