Passion for Knowledge: puntako zientzialariak eta ikasleak elkarrekin

Bost Nobel saridun, hitzaldiak, topaketak, erakusketak, mahai-inguruak eta… ikasleak. Horiek izan ziren Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatzen duen ‘Passion for Knowledge’ topaketaren osagaiak. Bost eguneko iraupena izan duen hirugarren edizio honetan 4000 bisitari inguruk puntako zientzialariekin izateko aukera izan dute. Antolatzaileen aburuz aurtengo edizioa oso arrakastatsua izan da eta, ondorioz, orain arte hiru urtean behin antolatzen zen topaketa bi urtean behin antolatzeko aukera aztertuko dute. DIPCko presidente den Pedro Miguel Etxenikek azaldu zuenez, Passion for Knowledge 2018 gertuago dago baina topaketaren izaera mantentzen saiatuko direla azpimarratu du.

Aurtengo edizioaren egoitza nagusia Donostiako Victoria Eugenia antzokia izan da eta, zenbait jarduera Eureka! Zientzia Museoan, UPV/EHUko campusetan, Bilbon eta Bordelen egin dira.

Bisitarien artean, gehienak ikasleak izan ziren. Adibidez, irailaren 30ean, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan egindako hitzaldian, DBHko 350 ikaslek puntako zientzialariekin hitz egiteko aukera izan zuten. Bertan izan ziren zientzialariak Elena Cattaneo, Pamela Diggle eta Dudley Herschbach izan ziren. Azken honek Kimikako Nobel Saria irabazi zuen 1986an. Ikasleek, gainera, galderak egiteko aukera izan zuten eta galderarik onenak egin zituztenei EDP-k sari bana eman zien.

Topaketaren amaieran, Donostia International Physics Center-ek urte hauetan guztietan zientziaren alde egindako lanarengatik Europako Fisika Elkarteak (EFE) emandako saria jaso zuen. Pedro Miguel Etxenikek berak jaso zuen saria EFEko presidente Christophe Rosselen eskutik.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE