Igo da tratu txarrak pairatu dituzten neska gazteen kopurua

Gero eta gehiago dira genero-indarkeria kasuetan nahastuta azaltzen diren nerabeak, bai biktima moduan bai erasotzaile moduan

Espainiako Instituto Nacional de Estadísticak “Familia-indarkeria eta genero-indarkeria” ikerketan jasotako datuen arabera, pasa den urtean, tratu txarrak pairatu zituzten neska adingabeen kopurua 637koa izan zen. 2014. urteko datuekin alderatuta, genero-indarkeria pairatu duten neska adingabeen kopurua % 10,6an hazi da. 2013an 499 kasu erregistratu ziren eta, beraz, goranzko joera nagusitzen ari da. Kopuru horiek tratu txarrengatik irekitako prozesu-penalak eta epai irmoa dituzten kasuak islatzen dituzte. Aipatu ikerketak adierazten duenez, pasa den urtean egun 27.624 dira estatu-mailan genero indarkeria dela eta babesa behar duten emakumeak.

Fundación de Ayuda a Niños y Adolescentes en Riesgo-ko kide Diana Díaz-ek azpimarratzen duenez, kasu gehienak 16 eta 17 urte bitarteko gazteen artean ematen dira, baina izan badira, 13 eta 14 urteko nesken kasuak ere.

Gero eta neska gehiago biktima moduan azaltzen diren bezala, gero eta mutil gehiago ere azaltzen dira erasotzaile moduan. Horrela, azken urtean erasotzaile adingabeen kopurua % 12,2n hazi da. Iaz, genero-indarkeria kasuak zirela eta, 27.562 izan ziren salatutako gizonezkoak (aurreko urtean baino % 2,1 gehiago). Horietatik, erdia baino gehiago 30 eta 34 urte bitarteko gazteak ziren. Kasu gehienetan erasotzailea biktimaren bikotekidea (% 23,2) edo bikotekide-ohia (% 21,1) zen.

INEk emandako datuen arabera, indarkeria kasu gehien dituen autonomia erkidegoa Andaluzia (7.014) da. Jarraian, Valentzia (4.144) eta Madril (2.865) aurkituko lirateke. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, pasa den urtean indarkeria kasuak % 5,5ean jaitsi zirela azpimarratu behar da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE